Krisiaren ondorioz, iaz ez egitekotan izan zen, baina «indarberrituta» itzuli da aurten Donostiako Arte Eszenikoen dFeria jaialdia. Bi berezitasun izango ditu XVII. aldiak. Batetik, martxoan egingo dute, 14tik 17ra bitartean, uztailean egin beharrean. Bestetik, nazioarteko izaera berreskuratu, eta bertako eta kanpoko konpainiek euren lanak egingo dituzte. Lau egunean hogei antzerki eta dantza ikuskizun hartuko dituzte Antzoki Zaharrak, Viktoria Eugenia antzokiak, Lugaritz aretoak eta Gazteszena aretoak.
Hamarretik sei obra antzezlanak izango dira, eta dantza ikuskizunak gainerakoak. Obra guztietatik %65 Euskal Herriko taldeen proposamenak izango dira, eta gainerakoak, Espainia, Portugal, Korea eta Frantziakoak, besteak beste. Hamarretik hiru, gainera, Euskal Herrian inoiz ikusi gabekoak dira, eta bi erabateko estreinaldiak izango dira. Iazko emaitzak ikusita, berriz ere ehun bat programatzaile gonbidatuko dituzte Donostiara. Izan ere, iaz egin ziren lanetatik 116 emanaldi programatu ziren, eta beste 34 konpromiso martxan dira ordutik. Guztira, salmentak 1.184.000 eurora iritsi ziren, Denis Itxaso Kultura zinegotziaren hitzetan. dFeria laguntzen jarraitzeko asmoa agertu zuten Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Kutxak eta SGAEk, atzo eginiko agerraldian. «Sektorearekin egindako urtebeteko gogoetaren fruitua» da aurtengo jaialdia, Norka Chiapuso zuzendariaren esanetan.
Gorputza tentsio eremu
XVII. dFeriako hainbat ikuskizun eta jarduera lotzen dituen haria giza gorputza izango dela azaldu du Chiapusok. Gorputza «borrokaleku edo gudu-zelai» den kontzeptua landuko dute zenbait obrak. Horien artean esanguratsuenetako bat Cho-In Theatre talde korearraren Hotel Splendid da. II. Mundu Gerran Japoniako armadak sexu esplotaziorako bahitu zituen 200.000 emakume korearren inguruko lana da, «eduki eta antzerki forma aldetik ezohikoa, eta, beraz, jaialdia hasteko modu indartsua». Hari berari heltzen dio iazko Donostia Hiria-Kutxa sariaren irabazleak, Tanttaka konpainiaren No me hagas daño antzezlanak. Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, genero indarkeriaren gaia jorratzen du lan horrek. Beste ikuspuntu batetik, baina indarkeria matxista du ardatz Vaiven konpainiaren Dudarazonable lanak ere. Gai bera landu du Vergüenza ikuskizun «hunkigarrian» Santamaria dantza konpainiak.
Gorputzaren hondatze fisikoa oinarri hartuta heltzen dio Hortzmuga konpainiaren La espera-k jaialdiko hari nagusiari. Gaitz baten ondorioz heriotzaren zain dagoen gizona, edo aske ateratzeko azken eguna duen emakume presoa dira bi protagonistak. Hela Fattoumi dantzari eta koreografo frantziar-tunisiarrak, berriz, emakume islamiarrek zapiaz gorputza ezkutatzeari buruzko gogoeta proposatuko du, Normandiako Caen hiriko Koreografia Zentro Nazionalaren Manta obran.
Dantza eta antzerkia
Hari nagusitik kanpo dauden bestelako antzezlanak ere aurkeztuko dira jaialdian. Frankismo garaian kokatu du Una jornada particular obra La Pavana taldeak, erregimenak baimendutakoetatik bestelako sexu aukerak zituztenek jasandako errepresioaren testigantza aurkezteko. Oso bestelako lana aurkeztuko du 8co80 konpainiak. Flamenko garaikidearen bidez, Alexandro Handiaren konkistak agertuko ditu Alejandrías, la mirada oblicua ikuskizunean. Bestalde, gazteen eta sare sozialen inguruko enREDad@s lana egingo du Pikor Teatrok.
Dantzari dagokionez, gazteek osatutako Dantzaz konpainiaren Mintzo ikuskizunarekin hasiko da jaialdia. Dantzan noiz hasi zen azaltzeko, ikatza metafora gisa baliatu du Helena Golabek Black Diamond lanean; urtetan Organic konpainian aritutako dantzaria bakarka ariko da. Kukai dantza taldea, berriz, Karrikan ikuskizun berria prestatzen ari da, eta hura osatuko duten hiru koreografietako bat, Sorbatza, aurkeztuko du. Desiratu eta desiratu gabeko egoeren inguruko azterketa proposatuko du Natxo Monterok Carni di prima qualitá obrarekin. Eta Noemi Viana & Jesus Rubio koreografo taldeak, berriz, Menú del día ikuskizunaren erabateko estreinaldia egingo dute.
Musika eta txotxongiloak
Erabateko estreinaldia izango da Ronlala taldearen Time al tiempo ere. Umorea, antzerkia eta zuzeneko musika uztartuko dituzte. Performance-aren ildoa landu ohi duen Sleepwalk Collective taldeak As The Flames Rose We Danced to The Sirens, The Sirens ikuskizuna ekarriko du. Oportoko Txotxongiloen Teatroak, berriz, Lewis Carrollen unibertso fantastikoan murgilduko du ikuslea. Taldeak amestutako Aliziaren ametsa da Wonderland ikuskizuna.
Haurrentzako ikuskizunak ere izango dira jaialdian, goizez eta euskal taldeen eskutik guztiak. Behibi's konpainiak Historias de papel aurkeztuko du; La Enana Naranjak, Ma, corazón de locomotora antzezlana; eta Panta Rheik, berriz, Corre payasa, corre ikuskizuna.
Bestelako jarduerak
Gorputza gudu-zelai gisa agertzearen kontzeptuaz gogoeta sustatzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte. Batetik, emakume txinatarrei oinak ez hazteko bendatu eta atrofiatzearen ohiturari buruzko hitzaldi bat egingo da, eta horren osagarri, txinatar zapaten inguruko mikro erakusketa bat. Bestetik, gorputza bere mugetaraino eramateari buruz mintzatuko dira bi kirolari ohi.
Horiez gain, Hela Fattoumi eta Eric Lamoureux koreografoekin solasaldia egingo da, Manta ikuskizunaren ostean. Halaber, dantzari buruzko workshop bana eskainiko dituzte Natxo Montero eta Noemi Viana dantzariek.
@Informazio gehiago bildu edo egitaraua ikusteko, bisitatu webgune hau: www.dferia.com
Gorputza gudu-zelai
XVII. dFerian hogei antzerki eta dantza ikuskizun egingo dituzte bertako eta kanpoko konpainiek, martxoaren 14tik 17raNoemi Viana & Jesus Rubio eta Ronlalaren lanen erabateko estreinaldiak egingo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu