Erditzeak, abortuak, emakumeen gorputzen gaineko kontrola, zapalkuntza. Eta ahizpatasuna, babesa, laguntza. Elementu horien inguruan osatu du bere bigarren film luzea Jaione Camborda zinemagile donostiarrak. O corno-n, gai horien inguruan zituen galderak publikoarekin partekatu nahi izan baititu. Galizian eta galegoz grabatutako filma Sail Ofizialean aurkeztu zuen atzo. Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko den galizierazko lehen lana da. Saria irabazteko beste bi hautagai ere ikusi ahal izan ziren Kursaalen: Kitty Greenen The Royal Hotel eta Xavier Legranden Le successeur.
Ikusi gehiago:Aitaren opari pozoitua
Cambordak 2019an estreinatu zuen bere lehen lan luzea, Arima, eta segidan ekin zion O corno garatzeari, Ikusmira Berriak egitasmoan. Azaldu zuenez, behar batetik sortu zen ideia: «Emakume gisa, kontzebitzeko eta erditzeko gizakien gaitasun natural hori esploratzeko beharra nuen. Zalantza ugaritatik abiatzen da, zeinak modu zinematografiko batean aztertu nahi nituen; ez hainbeste erantzun arrazionalen bila, baizik eta modu instintibo, emozional eta artistikoago batetik, zalantza eta galdera horiek ikuslearekin partekatzeko».
Galizian, Illa de Arousan, 1971. urtean abiatzen da kontakizuna. Mariak itsaskiak biltzen lan egiten du, baina ezaguna da beste emakume batzuei erditzen laguntzeagatik ere. Ustekabeko gertaera bat tarteko, Portugalera ihes egin beharko du, eta zeharkaldi arriskutsu bat abiatu. Bizirik irauteko bere borrokan, beste emakume batzuen konplizitatea topatuko du.
Ahizpatasun sare hori bistaratzeak eta zalantzetan arakatzeko Cambordaren nahiak piztu zien proiektuarekiko interesa Andrea Vazquez eta Maria Zamora ekoizleei. Zuzendariaren alboan defendatu zuten filma biek, baita Janet Novas eta Carla Rodriguez aktoreek ere. Protagonistaren rola jokatu du Novasek, eta haren herriko neska gazte batena Rodriguezek.
Ikusi gehiago:Masustak jatea
Erditze batekin abiatzen da filma, oinazez dagoen andrearengan jarrita arreta. «Niretzat, eszena hori izan zen proiektuaren hazia. Zineman, historikoki, modu psikologikoago batean erakutsi izan da erditzea, bere onetik zein gorputzetik at dauden andreekin. Eta garrantzitsua iruditu zitzaidan airean bezala dauden tempo horiek eta gorputzarekin hain konektatuta egote hori erakustea». Arnasa luzeagoz eta patxada gehiagoz begiratzera gonbidatu nahi zuen, aldi berean, ikuslea.
Pertsonaiei dagokienez, «lurrari oso lotuak» egoteari garrantzi berezia eman zion. Horregatik istorioa 1970eko urteetan girotzeko hautua, besteak beste. «Lurrari oso lotua zegoen belaunaldi bat izan zen, eta erditzeak ez zeuden hain medikalizatuak. Garai ilun bat ere bazen, debekuekin eta emakumeen gorputzaren gaineko kontrolarekin. Garrantzitsua iruditu zitzaidan hori gogoratzea, elkarrizketa sortuz orainarekin».
Rol protagonistarako, presentzia «oso korporala» bilatu zuen, eta Janet Novas aktore eta dantzaria egokiena zela iritzi zion. Novasek azaldu zuen «gorputzak duen memoriara» jo zuela, besteak beste, bere pertsonaia lantzeko.
Bi emakume toki galduan
Harvey Weinstein zinema ekoizlearen jokaeretan oinarritutako lan batekin (The Assistant) estreinatu zen Kitty Green zinemagile australiarra 2019an, eta gizonen jarrera sexistak berriro ere lehen mailan jartzen dituen filma aurkeztu zuen atzo: The Royal Hotel.
Hannah (Julia Garner) eta Liv (Jessica Henwick) estatubatuarrak Australiara joan dira bidaia bat egitera, motxila handiak lagun dituztela. Dirurik gabe geldituko dira, ordea, eta meatze inguru bateko taberna batean amaituko dute lanean. Han, baina, alkohola barra-barra banatzen duten bitartean, jarrera sexistak eta, kasu batzuetan, erasokorrak agertzen dituzten hainbat gizonezkorekin egingo dute topo. Greenek onartu zuenez, «beldurrezko film bat» izan zitekeen The Royal Hotel, eta, hain zuzen, zer gertatuko den ez jakiteak eragiten duen kezkarekin jokatu nahi izan du. «Film batean bi emakume bakarrik azaltzen direnean toki galdu batean, berehala pentsatzen duzu hilko direla edo zerbait gertatuko zaiela». Horri lotuta, filma tentsio horren gainean eraiki duela azaldu zuen; «ez dakizu salbu diren ala ez, emakumeek bizi dutena mehatxua edo txantxa bat den».
Ikusi gehiago:Australia barnealdean
Filma, baina, emakumeen «ahalduntzeari» buruzkoa da, zinemagilearen iritziz. «Emakumeen kontrako indarkeria nahikoa ikusi dugu zineman. Oraingoan erakutsi nahi genuen emakumeek nola aurkitzen duten indarra beren barruan».
The Assistant-en bezala, The Royal Hotel-en lan esparruko jarrera sexistetan arakatu du Greenek, nahiz eta, estilo zinematografikoari dagokionez, bi film oso ezberdin diren. Biek ala biek, halere, protagonista bera dute: Julia Garner. «Kamerak izugarri maite du Julia. Oso gutxirekin asko adierazten du». Aurrerantzean ere, harekin lan egiten segitzeko asmoa ere aitortu du Greenek. «Emakumeei buruzko istorioak kontatzen segituko dugu».
Tentsioaren elastikotasuna
Emakumeen kontrako indarkeriaz aritu da, hain justu, Xabier Legrand ere Le successeur filma aurkeztu berritan. Hura izan zuen ardatz zuzendariaren estreinako film luzeak, Jusqu'à la garde sarituak (2017, Perlak), eta haren arrastoari segika osatu du film berria. «Patriarkatuak emakumeak bakarrik ez, seme-alabak ere zapaltzen ditu, eta oinordekotza horretaz jardun nahi izan dut, modu sinboliko batean».
Parisko moda etxe batean zuzendari izendatu berri duten gizon bat da istorioko protagonista (Marc Andre Grondin); aitaren hileta antolatzera Montrealera itzuli beharko du, eta urteetan zapaldu gabeko etxean topatuko duenak gurpil zoro batean sartuko du. Tentsio handiko filma da, eta «zinta elastiko batekin» erkatu du zuzendariak: «Tira egin behar da, eta, une batean, askatu. Zerbait organikoa da niretzat tentsioa».
Ordena kronologikoan filmatu zuten pelikula, eta aktoreek aipatu dute mesede egin ziela pertsonaiekin batera emozioak eta nekea pilatuz joateak. Haziz doazen tentsioaren erdian, halere, barreak ere izan ziren emanaldian. Legrand: «Bideo batean norbait erortzen ikustean egiten dugun barrea bezalakoa da; badu zerbait giza ankertasunetik horrek».