Gorritiberea: «Erabakirik hartu ezean tradizioak arrastaka eramaten zaitu»

Zuzendariak 'Arriya' euskarazko filma aurkeztu du Malagako zinema jaialdiko sail ofizialean

Agentziak
Malaga
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Norberak erabakirik hartzen ez duenean, tradizioak eramaten du arrastaka». Ideia hori ilustratzen duen alegoria da Arriya filma, Alberto Gorritiberea zuzendariak atzo, Malagako (Espainia) zinema jaialdian, filma aurkeztean adierazi zuenez. Urte askoan «arrastaka» eraman duen «harri pertsonala» da filmaren istorioa zuzendariarentzat, «ahalegin handiz» baino ezin «altxatu» izan duena azkenean.

Espainiar zinemaren Malagako jaialdiko sail ofizialean aurkeztu du Arriya Gorritibereak, sari nagusia irabazteko lehiatuko diren filmen artean. «Aukera ona» irizten dio filma han aurkezteari, bere inguruko esparrutik irteten lagunduko diolakoan baitago. Azaleko hainbat ezaugarrik txokokeriak jotako filma dela pentsaraz badezakete ere, gaitz horretatik libre dagoela uste du.

Bi familiaren arteko apustua du ardatz nagusi filmak: harri bat mugitu behar dute biek, norgehiagokan, baina familia batekoek zaldi batekin eta bestekoek mandoarekin. Pertsonaia nagusiek tradizioak agindutakori jarraitzearen inertziaren eta erosokeriaren aurka egin behar duten borroka erakusten du filmak.

«Tradizio eta kultura orok ditu alde positiboak eta negatiboak», adierazi zuen atzo Gorritibereak. «Niretzat, Euskal Herrira begiratzea positiboa eta negatiboa da. Gauza onak eman dizkit. Eman dizkidan beste gauza batzuk eramaten ikasi beharko dudan harriak dira, gurekin bizi diren harriak ezin izango baititugu inoiz gainetik kendu».

«Besteen erabakien menpe»

Iban Garate aktoreak Peruren rola jokatzen du filmean. «Erabakiak hartzea ikaragarri kostatzen zaion pertsonaia da, dena datorkion bezala hartzen ohitua», Garateren iritziz. «Ematen du ibaia zehartzekotan dela, baina beti hartzen dio aurrea norbaitek. Ondorioz, besteen erabakien menpe bizi da».

Mariak, aldiz, ibaia zeharkatu egiten du, tradizioen aurka borrokatzen da. Begoña Maestre da Mariaren rola jokatzen duen aktorea. «Ideia argiak ditu Mariak», Maestreren iritziz. «Perurengandik tiraka ari da beti, eta Peru izan daiteke Mariaren harria». Sara Casanovasek Joneren rola jokatzen du, kanpotik etorritako pertsonaiarena. «Kamikaze arima» du Jonek, Casanovasen iritziz, eta filmak kontatzen duen istorioak «herri baten gainbehera» erakusten du.

Kandido Uranga, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Iñake Irastortza, Zorion Egileor, Patxi Santamaria, Inazio Tolosa, Ainere Tolosa eta Egoitz Lasa aktoreek ere parte hartu dute Arriya-ren filmaketan. Euskara da filmeko hizkuntza nagusia, nahiz eta pertsonaia batzuen bidez gaztelaniak ere presentzia izango duen. Jone euskalduna da sortzez, baina kanpora joango da, eta itzultzen denean euskara galduta dauka.

Eutsi! filmaren zuzendaria da Gorritiberea. Arriya du orain arteko lanik pertsonalena. Txepe Lararen Alokatu Produccionesek ekoitzi du, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.