Gose, folk bertsioan

Oskorri, Oreka TX, Mikel Urdangarin eta Pettik, besteak beste, bere egin dituzte hirukotearen kantuak

Jon Eskisabel.
Donostia
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Zuriaren, beltzaren eta gorriaren ostean, arrosa izango da Goseren laugarren diskoaren kolorea. Maitasunagatik, akaso. Lagunak bildu baitituzte Arrasateko hiru musikariek, Goserekin kantuekin «sudurraren puntan jartzen zitzaiena egin zezaten». Izen zerrenda harrigarria osatu dute, taldearen estiloarekin -«techno-pop», Iñaki Bengoaren hitzetan- zerikusirik ez duten artistak baitira gehienak. «Bost urte hauetan bidean topatu ditugun lagunak dira. Batzuk agertokian ezagutu ditugu; beste batzuk, trago bat hartzen; beste batzuk, bulego batean... Oso gertu sentitzen dugun jendea da, arrazoi askorengatik», azaldu du Ines Osinagak.

Disko gorria (2009) aurkezteko biran Mikel Clemente bideogileak grabatutako irudiak DVDn argitaratzeko asmoaren ondorioz heldu da disko berezi hau. «Geure buruari egindako omenaldi txiki bat izan da», esan du Osinagak. Telefonoa hartu eta lagunei deika hasi zitzaizkien. «Erronka ere bazen, ikusi nahi genuen nola esaten ziguten ezetz». Haatik, ia denek onartu zuten taldearen «enbidoa». Horien artean, besteak beste, Gari, Fermin Muguruza, Kutxi Romero (Marea), Naroa Gaintza (Amaiur plaza taldeko kantaria), Miren Gaztañaga eta Ander Lipus aktoreak, Pirritx eta Porrotx pailazoak (Bonberenea Txarangak lagunduta) eta Josu Zabala daude. Gonbidatuen artean ez dago ez trikitilaririk -«nahita egina dago», dio Bengoak-, ezta, Makala salbu, musika elektronikoaren ordezkaririk ere -«ez dago aukeratzeko gauza handirik»-.

Txalapartatik albokara

Hala ere, deigarrienafolk edo musika sustraidunaren ordezkaritza zabala da. Oskorriko Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinezek Dyane 6 moldatu dute, Oreka TX bikoteak Renato eta Mikel Urdangarineta Petti kantariek -azken honek Andoni Zubiagarekin (SS-77) bikotea osatuz- 16 eskailera eta Surik bai?, hurrenez hurren. «Folkak asko batzen du», dio Bengoak ironiaz, iaz 25. Getxofolk Jaialdian Oskorri, Oreka TX eta Urdangarinekin bat egin zutela gogoratu ostean. «Musikan bai, baina pentsatzeko eta izateko eran ez daude gugandik oso urrun», gaineratu du. Goseren kantuak txalaparta, alboka, mandolina, steel gitarra, gi- tarra akustiko eta bestelako instrumentuz jantzi dituzte. Kasu hauetan, musikari bakoitzak kantuari buelta eman eta bere eremura eraman du. Beste ekarpen batzuk gertuago daude jatorrizkoaren bertsiotik, eta kolaborazio baten antz handiagoa dute. Makalak, berriz, erremix bat egin du. «Gose bezalako talde baten kasuan normalagoa zen erremixen disko bat egitea, baina harago joan nahi genuen. Kantu guztien pista guztiak gordeta dauzkan Euskal Herriko talde bakarra izango gara. Oinarri horren gainean nahi duzuna egin dezakezu; askatasun handia ematen dizu horrek».

Lagunek taldeari emandako «oparia» Goseren zaleek jasoko dute, DVDarekin batera. Bertan, On egin! Mikel Clementek egindako dokumentalaz gain, Elgetan emandako kontzertu bat eta bideoklipak bilduko dituzte. Taldeak 50 kontzertu eman ditu urtarriletik hona; oso kopuru handia gaur egun. Arrakastaren gakoa zintzotasunean datza, taldekideen iritziz. «Ez dugu sekula ukatu laborategiko talde bat garela, baina tematiak izan gara, burugogorrak, eta deitu gaituzten leku guztietara joan gara. Jendeak sinetsi egin du egiten duguna».



«Musika industria negarrez dagoen artean, sortzaileok ezin gara geldi egon»

Lehen bi diskoak Oihuka eta Baga-Bigarekin kaleratu ostean, aurrekoa taldeak argitaratu zuen, eta gauza bera egingo du laugarren lanarekin. «Printzipioen deklarazio moduko bat da:industria negarrez dagoen artean, sortzaileok ez gaude geldi, eta ezin gara geldi egon. Euskal diskogintzan poltsikoak hustu egin dira agian, baina musikagintza ezin da horregatik gelditu», adierazi du Ines Osinagak. «Autoekoizpena marroi bat da. Gu ez gaude militantziagatik autoekoizpenean; bizirik irauteko da», gaineratu du Iñaki Bengoak. «Duintasun kontua da», osatu du Osinaldek.CD-DVDa ez dute banatuko, Durangoko Azokan eta kontzertuetan bakarrik salduko dute. «Ez dugu banatuko, ez duelako merezi. Gure aurreko disko guztiak agortu egin dira urtebetean; gurekin zenbakiak ateratzen dira, baina guk ez dugu hortik ezer jaso. Horregatik, ereiteko apustua egin dugu disko honekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.