Gose greba mugagabea iragarri du Euskararen Jatorriak

Iruña-Veleiaren auzia argitzeko bide bakarra zientziarena dela adierazi dute, eta «ez bide judiziala». Eskakizun horrekin, uztailaren 23an hasiko dute gose greba.

Iruña-Veleia Argituk egindako protesta, Gasteizen, auziaren sententzia jakin ostean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Berria
2020ko uztailaren 9a
13:26
Entzun

Ekain hasieran heldu zen sententzia: Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla ondorioztatu zuen epaileak, eta bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zion Eliseo Gil arkeologoari, iruzur egin eta ondarea hondatzeagatik. Euskararen Jatorria taldeko kideek, baina, salatu dute epaiketan erabilitako azterketek ez dutela «inolako berme zientifikorik», eta horregatik erabaki dutela hil amaieran gose grebari ekitea: «Analitika egin duen laborategia ez da inpartziala izan, euskalduntze berantiarra bultzatzen duen erakundearen adar bat delako; egin duen teknikariak ez du inoiz grafitoen dataziorik egin, hau da, ez du inolako eskarmenturik arlo horretan; erabili duen metodoa ez du inork erabili munduan orain arte; beraz, ez da fidagarria eta ez dago zientifikoki kontrastatuta; eta larriena: grafitoak faltsuak ez zirela zioen beste txostena (Antelo) ez dute aztertu epaiketan; horren egilea ez zen epaiketara joan, eta epaileak ez du kontuan hartu».

Legebiltzarkide berriek zientziaren bidea abian jartzea lortu nahi du plataformak gose grebaren bitartez. Bi eskakizun zehaztu dituzte: indusketa kontrolatuak egitea eta grafitoak datatzea. Erabakia jakinarazteko zabaldutako oharrean, gogora ekarri dute 150 lagunek baino gehiagok izenpetu dutela auzia argitzeko manifestua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.