«Ezin izan nuen utzi, harik eta bukatu nuen arte... Adikzioa sortzen du liburu honek. Indarkeria dago, indarkeria sinplea, bideo jokoetan bezala gertatzen da, mugitzen dena jotzen da. Badakizu ez dela erreala, baina txanponak botatzen jarraitzen duzu makinan». Stephen King tentsio idazle ezagun eta saltzaile handiak Suzanne Collinsen The Hunger Games liburuari buruz Entertainment Weekly agerkariari esandako hitzak dira.Trilogia baten lehen alea da The Hunger Games. Bigarren alea irailean argitaratuko da AEBetan.
Alberdania etxeak argitaratu du euskaraz, Koro Navarroren itzulpenarekin. Inazio Mujika Iraola editorearentzat, «urteko apustuetako bat» da argitaratu berri duten liburua: «Abentura dago liburuan, ekintza ugari, grina eta gorrotoa, baina, batez ere, maitasuna. Lionsgatek erosi ditu eskubideak film bat egiteko eta Collinsek berak egingo du gidoia.225.000 ale baino gehiago saldu du dagoeneko eta 40 bat hizkuntzatan argitaratu da, tartean euskaraz». Zientzia-fikzio hurbileko baten bidez, «gaur egungo gizartearen alegoria egiten du idazleak».
Urtero, AEBak izan zirenaren hondakinen gainean, 24 gazte behartzen dituzte Gose Jokoetan parte hartzera, eta telebistaz ematen dute joko horietako minutu bakoitza. Gerraz betetako iragan batek 12 barrutitan banatutako herri bat utzi dute. Kapitolioaren aginpide tiranikoaren pean bizi dira herritarrak, miseriarik handienean eta norbere barrutitik irteteko askatasunik gabe. Pertsona bat baino ez da ausartuko arauak haustera eta bere familiarentzat zer jana ekartzera: Katniss da, hamasei urteko neska bat. Haren printzipioak proban jarriko dira Gose Jokoetan. Urtero antolatzen du Kapitolioak telebista bidezko ikuskizun hori herritarrak hankaperatzeko asmoz.
Duintasuna galdu gabe
Koro Navarro itzultzailearen iritziz, protagonistak bi meritu nagusi ditu: «Batetik, jatortasuna, edo duintasuna, edo zintzotasuna galdu gabe atera ahal izango du irabazle joko horretan;eta bestetik, maitemindu arren, eta berez bizirik pertsona bakar batek geratu beharko lukeen arren, atakatik onik ateratzen da protagonista».
Suzanne Collins idazle eta telebistako gidoilari estatubatuarra da. 1991tik aurrera ari da telebistarako lan egiten. Bost liburuko ziklo bat idatzi du lehenago: The Underland Chronicles. Gose jokoak 2008an argitaratu zuen, eta arrakasta ikaragarria izaten ari da mundu osoan. Hurrena Catching Fire izango da.
'Gose jokoak', telebistako zientzia-fikzioa
Suzanne Collinsen 'best-seller'-a argitaratu du Alberdaniak, Koro Navarrok itzulita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu