Gotzon Barandiaran: «Oso ausart izateko aukera ematen digu literaturak»

Bilboko Euskalduna ontziolaren garai gatazkatsuenean kokatu du 'Errotik' estreinako nobela

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Hamar urte baino ez zituen Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, Bizkaia, 1974) Deustuko zubian Euskalduna ontziolako langileak eta Espainiako Polizia aurrez aurre ikusi zituenean. Irudia oroimenean iltzaturik geratu zitzaion, eta bazekien noizbait kanporatuko zuela. Katamalo (2007, Susa) poema liburuan zerbait idatzi zuen horretaz, baina Errotik lehen nobelan askoz ere gehiago garatu du 1984ko gertakari hartatik abiaturiko egoera sozioekonomiko gatazkatsua. Bilboko Euskalduna ontziolan 2.461 langileetatik 200entzako tokia besterik ez zela izango adierazi zuen Espainiako Gobernuak 1984an, birmoldaketa asmoak abian jarri zituenean.

Gotzon Barandiaranek 25 urte pasatxo zituen aita hil zitzaionean. Euskaldunako gatazkak eragin handia izan zuen idazlearen aitarengan, eta hark beregan utzitako arrastoa ere bildu du lehen eleberrira. Liburuko bi protagonista nagusiak aita-alabak dira. Luis Urresti Euskaldunako langilea da 13 urteko mutil kozkorra zenez geroztik; deskalabru haren ondotik minbizi batek eraso dio, eta hiltzera doa. Haren alaba Loreari urradura garratz eta errea handituko zaio betiko. Aitaren eta alabaren solas etenek, oroitzapenen hustutze idatzizkoek egituratzen dute kontakizun osoa. Izan ere, garaiak eta testuinguru sozioekonomikoak garrantzia duten arren, aita eta alabaren arteko harremanak osatzen du nobelaren muina: «Elkar izugarri maite arren elkarri maitasun horren aitortza sasoiz egiten ez dioten bi pertsonaiaren istorioa da. Luzaroegi barruan gordetzen dute elkarrekiko duten sentimendua. Ez dute sufrimendua, ez dute poza, ez dute zoriona, ez dute mina, ez dute negarra konpartitzen sasoiz. Eta beranduegi konturatzen dira horretaz, baina, beranduegi izan arren, horri erremedioa ipintzeko ahaleginez hasten dira kontatzen nork bere ikuspuntutik istorio bera».

Liburua hiru zatitan banaturik dago. Lehenengoan Euskalduna ontziolaren gatazka kontatzen du aitak. Barandiaranek ez zuen kazetaritza kronika bat egin nahi, baina informazioa lehen eskutik lortu zuen ontziolako langileei elkarrizketak eginez. Nolanahi ere, argi du literatura egin duela: «Nik pertsonaiak asmatu egin ditut. Pertsonaia literarioak dira. Ez diot sinesgarritasunari gehiegi erreparatu. Batzuetan emango du oso pertsonaia dogmatikoak direla, iritzi politiko oso zurruna dutela. Nik ahalegina egin dut pertsonaia horiek kontraesanez betetakoak direla agertzeko».

Liburuaren bigarren zatia aitak eta alabak ospitalean izandako solasaldiek osatzen dute. Eta hirugarrena alabaren oroitzapenek ehundutako zatia da. Lorearen gomutetan mendekuaren inguruko gogoeta badela dio Barandiaranek: «Lau urte igaro dira liburu hau lantzen hasi nintzenetik. Konturatu naiz bai 80ko giro hark eta baita gaur egungoak ere mendekuaren inguruko gogoeta egitera eraman nauela. Eta konturatu naiz literaturak ematen digula aukera oso ausart izateko idazleoi; agian gure eguneroko bizimoduan egiteko kapaz ez garen hainbat gauza egiteko kapaz sentitzen gara literaturaren bitartez. Eta pertsonaiei ematen dizkiegu gureak nahi genituzkeen ezaugarriak.

1980ko hamarkadaren bigarren erdiko testuinguru sozio-politiko eta kulturalaz hitz egiteko beharra ere sentitu du Barandiaranek: «Nik gure nerabezaroari buruzko liburuen falta sumatzen dut. Hamarkada izugarria izan zen politikoki, sozialki, sorkuntzari dagokionez. Orduko giro sortzaileak gure imaginarioan asko eragin zuen, eta oraindik ere iraun egiten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.