Literatura

Gotzon Barandiaranek galbahea izan du ardatz bere azken poema liburua idazteko

Hamazazpi urteren ondoren, bere hirugarren poema liburua aurkeztu du idazleak: 'Galbahea'. Belaunaldikideekin sortutako elkarrizketa bat irudikatzen du liburuak, eta maitasuna du oinarri nagusi.

Gotzon Barandiaran, 'Galbahea' liburua eskuan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Gotzon Barandiaran, 'Galbahea' liburua eskuan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Belaunaldikideekin komunikatzeko modu bat aurkitu nahi izan du Gotzon Barandiaranek, eta idazleak adierazi du aurkitu duela. Galbahea (Susa) da Barandiaranen liburu berria, poesia liburua zehazki, eta, idazlearen hitzetan, «maitasuna» izan da hura sortzeko oinarria. «Maitasunaren hariak lotu ditut, eta hormarik gabeko etxe baten moduan eraiki dut liburu hau». Galbahea kontzeptu gisa hartuz, galdera deseroso ugari eragin dizkio idazleari: «Zer da ezinbestekoa? Zer da beharrezkoa? Zer da atseginerako? Zer hutsala? Ziklo edo aro baten amaieran, hasiera berri baten atarian, nor gara gu? Zeri eman diogu garrantzia? Zer gorde dugu aldean? Zer baztertu? Eta batez ere, zergatik? Neure burua galbahetu, eta gaur, orain, hemen zer naizen argitzen saiatu naiz». Hizkera poetikoa bere belaunaldikoekin elkarrizketatze nahi horrek bideratu du, eta Barandiaranek aitortu du, «esateko» idatzi duela. «Beste batzuek bezatu, higatu, narriatu dituztelako, oinarrizkoak diren berbak sartu ditut, beren-beregi: askatasuna, maitasuna, damua, errua, iraultza, esperantza... Uste baitut ezin ditugula berba horiek pertsonen eta Lurraren beraren biziraupena arriskuan jartzen ari direnen esku utzi».

Eta orain eman du argitara hirugarren liburua, aurreko poema bilduma (Katamalo) argitaratu zuenetik hamazazpi urte diren honetan.

Liburua idazten zebilela hil zen Barandiaranen ama, eta horrek galbahearen beharra berretsi ziola adierazi du idazleak, bizitza eta heriotza «bereizteko». «Heriotzak iruditeri emozional bat ekarri zidan, eta horrek etxera itzultzeko behar bat eragin zidan, bizitzeko eta ekiteko ilusioa aterpetzen diren abiapuntura itzultzeko beharra. Bertan, amama Pantxike nuen zain. Biak izan ditut azkura mingarri ororentzako galbahe eta ukendu». 

Bata bestearen segidan eman ditu poemak Barandiaranek, Susako editore Leire Lopezen ustez, «kate baten» moduan, atalkatze gabe. Liburuaren tituluarekin jolasean, Lopezek adierazi du Barandiaranek letrazko galbahe bat sortu duela lanarekin, eta idazleak berak liburuan idatzi duen moduan, hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko ahalegin bat dela. «Lerro batzuk poema batean baino gehiagotan errepikatzen dira. Haien oihartzunak daude han hemen», esan du Lopezek.

Harkaitz Cano izan du ondoan aurkezpenean, eta haren presentzia ezinbestekoa izan dela esan du Barandiaranek. Canok azaldu duenez, «oso inspiragarria» izan zaio kidearen liburua, eta esan du bere niaren eta bere belaunaldiaren artean kokatzen dela Barandiaran poemarioan, «angelu sozial baten bila». Hiru galbahe identifikatu ditu Canok liburuan. «Gotzon Barandiaranen lehen galbahea hizkuntza da, orotarikoa baino, eta Gotzonen hitzak erabiliko ditut hemen, ororentzako euskal hiztegia beharko lukeena». Eta jarraitu du. «Bestalde, hitzen baitan, fedea ere badu poetak, ez bakarrik distantzia. Sare sozialak kare sozialak bihurtzea bezalako aztikeriak egiten dituenean demagun». Eta hirugarrena: «hitzekiko desengainua ere sentitzen du behin esangura bat zuten zenbait lelori desjabetua izan zaielako garai bateko zentzua».

Poema liburuaren bira

Poemak kanta bihurtzeko prozesuan dago orain Barandiaran, hainbat musikarik lagunduta. Zuzeneko emanaldia prestatzen dabil, eta Literaturian aurkeztuko dute proiektua, maiatzaren 25ean. Ordu eta erdiko emanaldia izango dela iragarri du. «Poemak errezitatu baino gehiago, kantatu egingo ditut. Oso argi izan nuen hori hasieratik. Amamaren eta amaren memoria emozional horretatik datorren zerbait da. Halako batean sentitu nuen poema hauek kantatu egin behar nituela», adierazi du Barandiaranek. Ondorengo musikariak izango ditu ondoan zuzeneko horietan: Lander Bilbao, Mariana Blanco, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra eta Uxue Garcia.

Literaturiako saoiaz gain, «bira bat» egin asmo du idazleak. Itxaro Bordarekin egin nahi ditu aurkezpen horiek, Bordak ere Itzalen tektonika liburua argitaratu berri baitu. Ekainaren 18an izango dira Bilboko Biran, 19an Gasteizko Eva Forest liburutegian, 20an Zarauzko (Gipuzkoa) Garoan eta 21ean Iruñeko Karrikirin. 

Editoreak gehitu du liburuaren azala Alots Arregik egindako collage bat dela, eta Barandiaranek eskerrak eman dizkio Arregiri, egindako lanagatik. «Uste dut azalak oso garbi laburbiltzen duela liburuaren mamia: hari bat egon arren, Galbaheak badu eta collage puntu bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.