Bihar izango da Gpuntua 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurreko saioa. Ehunka bertsozale bilduko dira Hernaniko Galarreta pilotalekuan, 17:30ean. Azken saio horretatik aterako da abenduaren 18an Donostian egingo den finalera zuzenean pasatuko den bertsolariaren izena.
Jon Martin, Amaia Agirre, Iñigo Mantzisidor Mantxi, Jokin Uranga, Iñaki Apalategi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek kantatuko dute azken finalaurrean, eta gai-jartzaile lanetan Jon Zaldua arituko da. Saioan puntu gehien eskuratzen duena pasatuko da zuzenean finalera, eta gainerakoak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.
Finalaren zain
Orain arte egindako finalaurreko saioetan, Jexus Mari Irazueta Beñat Gaztelumendi bertsolariek lortu dute zuzenean finalera sailkatzea, 496,5 eta 490,5 punturekin hurrenez hurren. Haiekin batera, beste bost bertsolari sailkatuko dira. Orain arteko sailkapen orokorrean gertu daude Aitor Sarriegi, 492 punturekin, eta Unai Agirre, 490 punturekin. Segidan beste hiru bertsolari daude: Agin Rezola, 486 punturekin; Alaia Martin, 482 punturekin; eta Felix Zubia, 479,5 punturekin.
Gpuntuko azkeneko finalaurrekoa jokatuko da bihar, Hernanin
Abenduaren 18an Donostiako finalean izango diren zortzi bertsolariak zehaztuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu