Grabatuen epizentroa

Bihar irekiko dute Bilboko FIG arte grabatuaren eta paper gaineko artearen azoka, Euskalduna jauregian. 45 galeria bilduko dituzte

Olga Iradier FIG azokako kidea, Lorea Bilbao diputatua eta Roberto Saez de Gorbea FIGeko zuzendaria. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Sorrerako helburuekin gatoz: paper arteari eta grabatuari prestigioa emateko asmotan abiatu ginen, eta hala gatoz aurtengoan ere». Bilboko FIG arte grabatuaren eta paper gaineko artearen azokaz ari da Roberto Saez de Gorbea azokako zuzendaria. «Egonkortuta gaude, eta nazioarteko proiekzioa ere badugu». Bihar hasiko da zazpigarren aldia, eta igandera bitarte 45 galeria batuko dira Bilboko Euskalduna jauregian. Grabatuen ikusgaitasuna areagotzeaz gain, badu beste helburu bat azokak: trukea. «Grabatuen merkatuaren dinamizatzaile izan nahi dugu». Artelanak eta bildumagileak harremanetan jartzea da ekitaldiak duen xedeetako bat.

Euskal Herrikoez gain, nazioarteko galeriak ere izango dira aurtengoan: Australia, Kroazia, Taiwan eta Erresuma Batukoak gonbidatu dituzte Bilbora. Kulturen arteko hartu-eman artistikoaren garrantzia azpimarratu du Saez de Gorbeak, eta hainbat topaketa ere antolatu dituzte horretarako; EHUko Arte Ederretako ikasleekin batera egingo dutena, tartean. Atzo egin zuten azoka aurkezteko agerraldia, eta Bizkaiko Euskara eta Kultura foru diputatuak izan ezik, gaztelaniaz soilik eman zituzten argipenak azokako arduradunek. Aipatzekoa da webgunea ere gaztelania hutsez dutela, ekitaldiak Bilboko Udalaren, aldundiaren eta Jaurlaritzaren laguntza jasotzen duen arren.

Urtero bezala, grabatuei eskainitako erakusketa antolatu du FIG azokak Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera, baina ezohiko tokian jarri dute aurtengoa, lehen aldiz, Bizkaiko hiriburutik atera baitute, eta Durangoko Arte eta Historia museoan jarri. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako 37 alerekin osatu dute Margolan itzuliak. Erreprodukzio-grabatua, Bilboko Arte Ederren Museoan izeneko erakusketa, eta, besteak beste, William Hogarth, Paul Cezanne, Pablo Picasso, Eduardo Arroyo, Mari Puri Herrero, Isabel Baquedano eta Francis Bacon artisten lanak jarri dituzte ikusgai. 2019ko urtarrilaren 13ra bitarte izango da erakusketa zabalik.

Gehienbat, artista handien lanak ezagutzera emateko erabili zen grabatua XIX. mendera bitarte; haien lana zabaltzeko baliabide bat izan zen. Izena ere hortik datorkio: erreprodukziorako grabatua. Nolanahi ere, badira grabatuan espezializatu diren hainbat artista ere. Oraindik ere, eremu ezezaguna dela uste du azokako zuzendariak, eta grabatuen historia eta teknikak ezagutarazteko, bisita gidatuak egingo dituzte egunero. Zaloa Ipiña artistak izango du ardura hori.

Elkarlanerako eremua

Hainbat tailer eta solasaldi jasoko ditu azokak. Larunbatean, kasurako, Paperaren gainean izeneko solasaldia egingo dute Euskalduna jauregiko auditoriumean. Hanizango dira Yolanda Mosquera, La pequeña Roque liburuko ilustrazio lanagatik Euskadi saria jaso berri duena; Katsumi Komagata artista eta ilustratzaile japoniarra; eta Elisabeth Perez Euskal Irudigileak elkarteko lehendakaria. «Ilustratzaileek, editoreek eta elkarteek gaur egun duten zeregina izango dute hizpide». Doakoa da sarrera, baina aldez aurretik izena eman behar dela azaldu dute antolatzaileek.

Grabatuaren teknikan diharduten artisten eta erakundeen arteko topaketak ere antolatu dituzte ostiralerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.