Graparik jarri ez zutenak

Gaur taldearen 50 urteurrenaren harira, jardunaldiak ari dira egiten Nafarroako Unibertsitatean

Hiru irudik osatutako argazkia; Gaur taldeko kide guztiak ageri ziren argazkirik inoiz ez zuten atera. JUANAN RUIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Graparik ez zuen Gaur taldearen lehenengo erakusketaren katalogoak. Kideren batek taldea utzi nahi izanez gero, erraz asko moldatu zitekeen horrela liburuxka. Fernando Golvano EHUko irakasleak kontatu zuen atzo anekdota, Nafarroako Unibertsitateko museoan. Aurten, Gaur taldea sortu zenetik 50 urte bete diren aitzakian, bertan antolatu dituzten jardunaldietan aritu zenhizlari. Atzokoa izan zen lehen saioa, eta gaur egingo dute bigarrena.

Frankismoak ezarritako ordenaren pean egiten zen artetik haratago, abangoardiak eta identitateak batu zituen Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Amable Arias eta Remigio Mendiburu Gaur taldearen barruan. Bi urte eskas iraun zuen taldeak. Irizpide artistikoak baino gehiago, arrazoi politikoak ziren benetan Gaur sortzeko argudio nagusi. Eta horregatik Golvanok aipatutako graparen detailea.

Golvano izan zen Donostiako San Telmo museoan uda aurretik Gaur taldearen inguruko Gaur konstelazioak erakusketaren komisarioa, eta, atzo azaldu zuenez, 1960ko hamarkada hasieran, Oteiza «zerbait egiteko gogoz» zegoen. Jabetuta zegoen artistekin osatutako talde bat sortzeko beharraz. Porrot egin zuten hainbat saiotan ere hartu zuen parte, baina ez zuen etsi.

Golvanok azaldu zuenez, ordea, Sistiaga izan zen Gaur taldearen sustatzaile nagusietakoa. Amable Ariasekin batera, Francoren erregimenak Donostian egiten zituen erakusketa ofizialen aurkako erakusketa alternatibo bat antolatzea izan zen taldearen ernamuina. Eta gainontzeko kideak erakartzeko lotura Oteiza izan zen, 1950eko hamarkadan Arantzazun hainbatekin elkarlanean aritua baitzen. «Nazioarteko sariak eskuratu zituztelako gonbidatu zituzten hainbat artista; Txillida, esaterako».

Baina taldearen eraketan Dionisio Barandiaranen lana ere nabarmendu zuen atzo Golvanok: «Jaiotzez ataundarra zen. Gizon azkarra, eta oso esku zabala. Bere bide propioa egin zuen gizon bat zen. Mezenas moduan ekarpen handia egin zuen». Hain zuzen, haren galerian egin zuen Gaur taldeak egin zuen lehen erakusketa, 1966ko apirilean. Baina, arte adituaren iritziz, erregimenaren ordenatik harago zihoazen kultur adierazpenen sustapenean egindako lana ez da behar bezala aztertu. Izan ere, Gaur ez zen Barandiaranen galerian elkartzen zen talde bakarra. Ez Dok Amairu, Argia dantza taldea eta Jarrai antzerki taldea ere bertan batzen ziren. Golvanoren hitzetan, Barandiaranek kulturaren ikuspegi oso «zabala» zeukanez, gobernadore zibilaren «bisita» ia astero izaten zuten galerian.

Dena den, Gaur taldearen izana ia «mitifikatu» egin den arren, haren funtzionamendua oso konplexua zen. Golvano: «Kide bakoitzaren autonomia oso garrantzitsua zen. Nire ustez, ez zen talde bat, konstelazio bat baizik». Partaide bakoitzak bere nortasuna mantendu nahi zuen; ez zuten talde izaeran desegiterik nahi. Horregatik ez zituzten grapatu erakusketako orriak.

Badirudi hasieratik zekitela taldea hausteko aukera handia zegoela. Sorrera manifestuan ez zuten bat egiteko arrazoien artean irizpide estetikoen inguruan txintik ere esaten; euskal artearen unibertsitatea sortzeko helburua, berriz, jaso zuten. «Eztabaida handia zegoen zer-nolako euskal eskola nahi zuten. Oteizak, esaterako, memoria aldarrikatzen zuen. 1936ko gerrak bertan behera utzitako euskal eskola berreskuratzea zen lehentasunetako bat». Horretarako lehen urratsa Gipuzkoako Gaur eratzea izan zen, eta gainontzeko herrialdeetan antzeko ekinbideak abiatu nahi zituzten: Bizkaian Emen, Araban Orain, Nafarroan Denok eta Ipar Euskal Herrian Batera. Bizkaiko taldeak ibilbide propioa egin zuen, Agustin Ibarrola buru zela. Baina gainontzeko saioek porrot egin zuten.

Gipuzkoako taldea sortu eta berehala hasi ziren hainbat kideren aurkako kritikak, Golvanoren hitzetan. «Paradoxikoa da, baina Barandiaranen galerian egiten zen Hitz kultur aldizkarian gogor kritikatzen zuten Oteiza, joera abertzaleegiak zituelako». Horren harira, jarrera ideologikoak zirela eta, errezelo asko sortu ziren: «Beldur ziren taldea alderdi edo eragile politikoek erabiliko ote zuten». Hala, 1967an desagertu egin zen Gaur, izugarrizko arrakala eraginez taldea osatzen zutenen harremanean.

Nafarroako Unibertsitateko museoan egiten ari diren jardunaldiek gaur izango dute segida.Gaur taldeko kide izan zen Sistiagak eskainiko du saiorik interesgarrienetakoa, 18:15ean. Izanere, egun, Jose Luis Zumeta eta Sistiaga dira Gaur taldea osatzen zuten zortzi artista abangoardistetatik bizirik dauden kide bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.