Ostegunerako greba orokorrerako deialdia dagoela eta, egun horretarako Donostian programatua zuen kontzertua egun bat aurreratzea erabaki du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Horrenbestez, Lurra deituriko programa bihar oholtzaratuko du EOSek, leku eta ordu berean: Kursaaleko auditoriumean, 20:00etan.
Abonamendu denboraldiko programa hori Donostian eta Bilbon taularatu zuen orkestrak joan den astean, eta, aste honetan, biharko kontzertuaz gain, beste emanaldi bat ere badu programatua, ostiralerako, Gasteizen.
Programa horretan, Gustav Mahlerren Lurraren kanta da obra nagusia, eta, aurretik, Maurice Ravelen bi orkestra lanek osatzen dute egitaraua: Une barque sur l'océan eta La Valse. Robert Treviñok zuzenduko du orkestra, eta kontzertuetan ariko dira, halaber, Jennifer Johnston mezzosopranoa eta Corby Welch tenorra. Programari buruzko informazio guztia hemen aurkitu daiteke.