Donostiako Tabakaleran dagoen Ubik liburutegiko langileek asteak daramatzate bizi duten "prekarietatea" salatzen. Orain, mobilizazioak areagotzea erabaki dute, ELA sindikatuak eta beharginek eurek jakinarazi dutenez: datorren ostiralean egun osoko lanuztea, eta hilaren 22tik aurrera greba mugagabea egingo dituzte.
Sorkuntza liburutegia da Ubik, eta bitartekari lana egiten dute bertako langileek. Sedena enpresa nafarrak azpikontratatutako langileak dira guztiak, eta salatu izan dutenez, kontziliazioa ezinezko egiten duten ordutegiak dituzte, eta 1.000 eurotik beherako soldatak jasotzen dituzte, besteak beste.
Beren egoera salatzeko, bi orduko lanuzteak egin zituzten azaroaren 17an, eta abenduaren 1ean eta 7an; azaldu zutenez, langile guztiek parte hartu zuten protestetan, eta, ondorioz, liburutegia itxi egin behar izan zuten.
Bai Tabakalerako administrazio kontseiluari bai Sedena enpresari "negoziazioa serio hartzeko eta arduraz jokatzeko" deia egin die Maddi Azpiazu ELAko ordezkariak.