Vaiven konpainiako zuzendaria

Ana Pimenta: «Gu bagoaz, baina ez dut uste egoera hobetuko denik. Bat gutxiago gara soilik»

28 urteren ostean agur esango du Vaiven konpainiaren antzerki arloak. Ana Pimentak makina bat bizipen ditu konpainiari lotuta, baina kritiko da antzerkigintzaren egungo egoeraz: «Ez du ematen askorik aldatuko denik».

Ana Pimenta antzerkigile eta aktorea, ostegunean, Pasai San Pedron. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ana Pimenta antzerkigile eta aktorea, ostegunean, Pasai San Pedron. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Pasai San Pedro
2025eko maiatzaren 17a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Nahiz eta albistea eman zutenetik hiru hilabete pasatu diren, Vaiven konpainiaz hitz egitean oraindik hunkitu egiten da Ana Pimenta (Salamanca, Espainia, 1960). Vaiven konpainiako zuzendaria da, eta otsailean jakinarazi zuten utzi egingo zutela antzerki konpainiaren arloa, 28 urteko ibilbidearen ostean. Iñaki Salvador musikariarekin sortu zuen konpainia, eta arlo musikalari soilik eutsiko diote.

Ia 30 urtetan 40 antzerki ikuskizunetik gora taularatu ditu konpainiak: Masustondoen patioa (2024), Erlauntza (2020), Lotsagabe (2001), Treblinkara azken trena (2018), eta Familia sarekada (2024), besteak beste.

Bihar El último Vaiven ikuskizuna egingo dute, Donostiako Gazteszenan, 18:30ean —sarrerak agortuta daude—. Familia sarekada antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa (Redada familiar) taularatuko dute, eta Salvadorrek obretarako sortutako pieza musikalak interpretatuko ditu, besteak beste. Nahiz eta «penaz eta amorruz» esango duten agur, Pimentarentzat ez da agur triste bat izango, «festa bat» baizik.

Hasteko, zer moduz zaudete?

Zaila da nola gauden esatea. Batetik, triste gaude itxierarengatik. Agian ni okerrago nago, ni izan naizelako Vaivenen alderik ikusgarriena-edo. Antzerkiaren arloaz arduratu izan naiz ni, nahiz eta Iñakik [Salvadorrek] ere lagundu didan. Hasieran pentsatzen nuen erabakia ez genuela publiko egin behar. Isilean eta etapa bat beteta alde egiteko tentazioa izan genuen bolada batez. Baina, bestetik, egoera ikusgarri egiteko beharra ere sentitu genuen.

Zergatik?

Ikusi dugulako ez zaiola Vaiveni bakarrik gertatzen. Hitz egin nahi genuen ofizioak duen autoesplotazio mailaz eta sektorearen hauskortasunaz, eta publiko egin behar genuela iruditzen zitzaigun. Zalantza asko izan genituen, ni oso garai zaila pasatzen ari nintzelako. «Orain prentsa galdezka hasiko da, eta dena behin eta berriz bizi beharko dut», pentsatzen nuen. Baina, azkenean, ez naiz damutzen. Hala ere, honek ez du ezer aldatu. Gu bagoaz, baina ez dut uste egoera batere hobetuko denik. Bat gutxiago gara soilik.

Ez duzue agur triste eta isil bat egin nahi izan; biharkoa ospakizun bat izango da.

Festa bat da, bai. Vaivenen ibilbidearen ospakizun bat izango da. Jende askok esan izan digu oso konprometituak garela kontatzen dugunarekin, eta horrek lotzen gaitu publikoarekin. Horri esker etorri da jendea gure emanaldietara. Egun hauetan agurra prestatzen ibili gara, eta oso motibatuta nago. Badakit sektoreko kide asko joango direla, lagunak, publikoa... momentu hori nolabait gurekin konpartitu nahi duten horiek. Oso eskertuta nago urte hauetan guztietan Vaivenekin lan egin duten guztiekin. Dena eman dute, benetan.

«Ikusi dugu ez zaiola Vaiveni bakarrik gertatzen. Hitz egin nahi genuen ofizioak duen autoesplotazio mailaz eta sektorearen hauskortasunaz, eta publiko egin behar genuela iruditzen zitzaigun»

2024ko udan hasi zineten erabakiari bueltak ematen. Zein izan zen mugarria?

Konturatzea ezin geniola zuloari eutsi. Hilabetero zulo ekonomikoa gero eta handiagoa zen. Ezin dut lan egiteagatik ordaindu. Garai bat iristen da non nork bere duintasuna guztiaren gainetik jarri behar duen. Iñakik zera esaten zuen, jendeari ordaindu ezinik gelditu aurretik langile guztiei zegokien dirua eman behar zitzaiela, eurekin zorrik izan gabe, eta, horrela, lasai joateko aukera izango genuela. Honaino iristea erabaki dugu, pena handiz; baita amorru pixka batekin ere: «Zergatik ezin izan da beste modu batera izan?».

Zuen agurrak agian balio izan du, nolabait, sektorearen egoera hizpidera ekartzeko.

Hala da. Guk albistea eman ostean jende gehiagok eman du bere egoeraren berri, azken finean orokortutako egoera bat da eta. Ez dut uste egoera hobera joango denik. Merkatuak gurekin bateragarriak ez diren ezaugarri batzuk ditu. Gainera, publikoa ez da guk beharko genukeen bezain maiz etortzen antzokietara. 2008ko krisialditik, beherakada handia ikusi dut. Garai hartan programaziorako aurrekontuak izugarri jaitsi ziren, eta gure banaketarako ahalmena ere jaitsi egin zen. Guk 2008-2009an ikuskizun baten 100 emanaldi egiten genituen, eta emanaldiak jaitsiz joan dira: 70, 40...

Eta zer egin beharko lukete instituzioek egoera hobetzeko?

Ez dut dudarik instituzioek ahal dutena egiten dutela, baina nahikoa ez dela ere badakit. Bestela ez da normala ia 29 urte dituen konpainia batek agur esan beharra izatea ez dituelako emanaldiak lortzen. Diru laguntzak hobetu beharko lirateke. Apustu argiak behar ditugu: batetik, diru laguntzei dagokienez, eta bestetik, banaketarako laguntzei dagokienez. Bestalde, diru laguntzak ematen dizkizutenean, asko jota obraren gastuen %50 bakarrik ordaintzen dizute. Gainerakoa guk ordaindu behar dugu. Baina, aldi berean, dirua irabazi behar dugu etorkizunean beste proiektu bat aurrera ateratzeko. Amaitzen ez den gurpil zoroa da.

«Izugarria da zenbat burokrazia lan egin behar dugun. Ez badira lanak errazten, inork ez du konpainiarik sortu nahiko»

Lau bat kide zarete konpainian, eta lana pilatzen zaizue; zer esanik ez konpainia txikiago bati.

Izugarria da zenbat burokrazia lan egin behar dugun. Ez badira lanak errazten, inork ez du konpainiarik sortu nahiko. Niri gazteek zera galdetzen didate: «Gure lekuan egongo bazina, sortuko zenuke konpainia bat?». Nik baietz esaten diet, baina ongi jakin behar dutela non sartzen diren. Nire lanaren %80 kudeaketa lanak izan dira. Sorkuntzaren arloa geroz eta baztertuago geratu da.

Agurraz hainbeste hitz egin ostean, zer gertatuko da ‘El último Vaiven’ egin ostean? Nolakoa izango da Vaiven gabeko lehen eguna?

Vaivenen arlo musikalean lan handia dut, zorionez. Iñaki lanean ari da oraindik, eta oso kontzertu politak egiten ari gara. Adibidez, Hondarribian (Gipuzkoa) kontzertu bat estreinatu dugu orain gutxi Jakes Txapartegi pianistarekin. Musika emankizun bat da, baina asko du antzerkitik ere. Orain, dugun horretan jarri behar dugu begirada. Ni eskuragarri egongo naiz aktore, ekoizle, banatzaile edo zuzendari artistiko gisa. Mindfulness-eko irakaslea naiz, eta horretan ere jarduten saiatuko naiz. Aukera asko daude. Baina dolua pasa beharra daukat, eta sakona izango da. Hilaren 19an, Vaivenek ez duenean emanaldirik lotua, edo diru laguntzarik eskatu beharrik... Gogorra izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.