Lau urteko etenaren ostean, badator berriro Mojo Workin jaialdia. Pandemiak eraginda, musika beltzari eskainitako jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten 2020an, eta orduz geroztik ez dute antolatu. Aurten, ordea, berriro izango da soul eta rhythm & blues musikaz gozatzeko aukera Donostiako Dabadaba aretoan. Ostiralean eta larunbatean izango dira kontzertuak.
Lehenengo egunean, Guadalupe Plata eta The Tibbs taldeak ariko dira, 21:00etan. Guadalupe Plata Andaluziako (Espainia) taldeak dagoeneko zazpi disko ditu argitaratuak, zeinetan blues iluna flamenkoarekin, jazzarekin eta psikodeliarekin uztartu izan duten.The Tibbs zortzikotea, bestalde, Herbehereetatik dator, eta soul klasikoa du ardatz, nahiz eta skak eta jazzak ere lekua duten haren proposamenean. Keep it To Yourself da taldearen disko berria.
Larunbatean beste bi talde igoko dira Dabadabako oholtzara. Lehendabizi, Flamingo Tours, Bartzelonatik datorren taldea. Rock-and-roll beltza eta AEBetako sustraidun beste musika batzuk ditu oinarrian, eta zuzenean erakusten duen grinak egin du ezagun. Ondoren ariko da, berriz, Rambalaya, hori ere Bartzelonako taldea. 1950eko eta 1960ko hamarkadetako rhythm & bluesari begiratzen dion taldea da Rambalaya, baina ukitu garaikideak ere baditu.
Kontzertuez gain, hainbat DJ saio ere izango dira Mojo Workin jaialdian, betiere soul, R&B eta Jamaikako doinuei erreparatuko dietenak. DJen artean, euskal herritarrak izango dira horietako gehienak: Naken, Sir Gorka of Mondra, Boston Man, Txetx Le Meche, Imanol Basterra, Iñigo Art, Dr. Punko eta beste. Saio horietako batzuk Dabadadan izango dira kontzertuen ostean, eta beste batzuk, berriz, larunbat arratsaldean, Le Bukowski klubean.