Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ohartarazi du "oso akats larria" izango litzatekela Bilboko Guggenheim museoa 'Guggenheim' markarik gabe "munduan ibiltzea", eta kultur guneak ekarri dituen "onura handiak" gogoratu ditu. Ahaldun nagusiak "ikurra zaintzeko" eta New Yorkeko Guggenheim Fundazioarekin hitzarmena berritzeko eskatu du.
Atzo Joseba Arregi Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak esan zuen gaur egun Bilboko museoa bere kasa aritzeko moduan dagoela, aipatutako loturarik barik, eta Bilbao ez da ados agertu iritzi horrekin. "Zerbait izatekotan, munduan jarri gaituen marka daukagu", esan du Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Azaldu du Finlandian ere 'Guggenheim' ikurraren alde egiten ari direla. "Finlandiak zenbait krisi ekonomiko gainditu ditu, berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustua egin du, eta orain nazioarteko bihurtzeko marka bat bilatzen ari da, eta 'Guggenheim' markaren ald egin du. Horrek ere pentsarazi egin behar digu. Dudarik gabe, eta inolako ñabardurarik gabe, ni eta nirekin daudenak marka horrekin hitzarmena berritzearen alde gaude. Zoritxarrez, herri honetan badaude pertsona batzuk gauzak ondo doazenean, aldatu egin nahi dituztenak. Ez dakit zergatik, okerrera joateko? Zalantzarik gabe, nik ez dut iritzi horrekin bat egiten".
1997ko urrian ireki zuten Bilbon aipatutako museoa.