Guggenheimek baduela bere kabuz ibiltzeko nahikoa indar dio Arregik

Fundazioarekin duten ituna negoziatu gabe ez luzatzeko aholkatu die Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari

Agentziak
Gasteiz
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izandakoak uste du Bilboko Guggenheim museoa eta AEBetako Guggenheim fundazioa lotzen dituen hitzarmena ezin daitekeela negoziatu barik luzatu, «Bilboko pinakotekak baduelako berez nahikoa indar bere kabuz aurrera egiteko». Lehen urteak New Yorkeko fundazioaren eskutik egin zituela dio Arregik, baina gaur egun «berezko nortasuna eta garrantzia duen errealitatea» dela sinetsita dago. Horregatik uste du «Bilboko Guggenheim museoa etorkizuneko proiektu gisa birpentsatu behar dela, nazioarteko aliantzei uko egin barik, baina era berean bere kabuz ibiliz». Eusko Legebiltzarrean eman zuen iritzia atzo, erakunde bien arteko hitzarmenaren berritzeak zer-nolakoa izan beharko lukeen aztertzeko eraturiko batzorde txostengilean.

2014an amaituko da Bilboko Guggenheim museoa ustiatzekoEusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Solomon R. Guggenheim fundazioarekin daukaten hitzarmena, eta orduan hasiko duten prozesu negoziatzaileari begira irizpide batzuk emate aldera ari dira jasotzen gaian adituak direnen iritziak.

Zuzendaritza artistikoa

90eko hamarkadaren hasieran izenpetu zuten museoa ustiatzeko hitzarmena, artean Arregi Kultura sailburu zela. «Presaz» sinatu zutela onartu du, baitaakordio horrek AEBetako fundazioaren interesen alde egiten duela ere. Horrenbestez, euskal instituzioei aholkatu die hitzarmenaren negoziazioa denboraz eta lasaitasunez prestatzeko. «Luzapen huts bat onar ez dezaten». Dioenez, egun indarrean den hitzarmenak euskal erakundeen «gutxieneko interesak» babesten ditu. Baina uste du alde bien interesak orekatze aldera, bere garaian zehaztu barik geratu ziren zenbait oinarri adostu beharko lituzketela; esaterako, auzitara joz gero zein herritako zuzenbideren pean arituko liratekeen. Zuzendaritza artistikoan eta obren erosketan euskal erakundeek erabakitzeko ahalmen handiagoa izan beharko luketela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.