Bilboko Guggenheim museoa handitzeko proiektua dela eta, Gernika-Lumo inguruko (Bizkaia) hiru kokaleku posible bisitatu ditu Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendari nagusiak: mahai tresneria ekoizten zuen Gerinka-Lumoko Dalia fabrika —itxita dago, eta 18.000 metro koadro ditu—, Muruetako ontziola —oraindik jardunean da— eta Gernika-Lumoko Urbieta futbol zelaia.
Joan den otsailean egin zituen bisita horiek Bidartek. Bi hilabete lehenago, Bilboko museoaren edukiera Bizkaiko hiriburutik kanpo kokatuko den eraikin batean handitzea onartu zuen museoko fundazioaren patronatuak. Patronatu horretako kide dira Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala, besteak beste.
Hala ere, erakunde publiko horiek adierazia dute museoaren handitzea ez dela sartzen legealdi honetako lehentasunen artean. 2019an amaituko da egun indarrean den legealdia, eta datorren agintaldian erakundeek museoaren handitze proiektuan interesik agertuko balute ere, kokaleku posibleak aztertzen ari da museoa, Bidartek azaldu duenez.
Zuzendari nagusiak argitu du museoa ez dela ari Gernika-Lumo inguruko kokaleku posibleak soilik aztertzen. Izan ere, Bizkaiko beste gune batzuk ere bisitatzeko asmoa duela adierazi du.
Dena den, handitze proiektua oraindik "oso hasierako fasean" dago, Bidarteren esanetan. Proiektua abian jarri ahal izateko "adostasun handia eta babes instituzionala" behar direla nabarmendu du. "Gaur-gaurkoz, ez gaude puntu horretan".