Oihan Vega. Belceblues taldeko bateria jotzailea

«Gure bilobei esan ahal izango diegu 'AEBetan jo nuen nire taldearekin'»

Lau kideak, Memphisko Beale Streeten. BELCEBLUES.
Donostia
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Memphisko The International Blues Challenge munduko blues txapelketan izan da Belceblues taldea, Euskal Herria ordezkatzen. Oihan Vegak, Asier Elorza eta Ibon Larrañagarekin osatzen du hirukotea, eta «oso pozik» itzuli da. Azken urtebetean Guille Sanz sarri aritu da Vegaren partez bateria jotzen, horrek lan kontuengatik ezin zuenean. Laurak izan dira Memphisen.

Zer-nolako esperientzia izan da Memphisen aritzea?

Oso polita izan da. Gainera, uste baino askoz ere hobeto kokatu gara sailkapenean. Han munduko onenak egongo zirela pentsatuta joan ginen;izan ere, estatubatuarrek asmatu zuten bluesa. Batetik, ez genuen gauza handirik espero, eta lehendabiziko fasea pasatzea lortu genuen, eta final-laurdenetaraino iristea. Guretzat hori sari handia izan da, sekulakoa. Eta bestetik, bizi izan dugun esperientzia, goi mailakoa izan da. Munduko talderik onenak ikusi ditugu. Horretan, behintzat, onenak direla argi utzi dute amerikarrek; beste hainbat oker izango dituzte, baina hori beste eztabaida bat da, bluesa jotzen onenak direla argi erakutsi dute.

Zer-nolako jaialdia da?

Han 120 talde elkartu ginen, kontinente guztietakoak. Lehiaketa erraldoi bat da. Hainbat tokitan, aldi berean eta denbora guztian kontzertuak zeuden. Oso interesgarria da ikustea nola interpretatzen duten kultura ezberdinek bluesa. Ikustea europarrek, edo australiarrek, edo asiarrek nola ulertzen duten bluesa. Gure kasuan, amerikarren atentzioa erakarri zuen guk kantuen erdiak euskaraz kantatu izanak. Eurentzako oso exotikoa izan zen. Gure izaera erakutsi nahi genuen, gure kanturik gehienak euskaraz baitira.

Zein jende mota topatu duzue han?

Lehiaketari dagokionez, jende oso gaztea, baita oso zaharra ere. Esaterako, 70 bat urteko beltz bat ikusi genuen, bera bakarrik gitarra batekin, txapela kentzeko moduko benetako horietako bat. Publikoaren gehiengoa bertakoa zen. Oso beroa. Euskal Herrian, esan beharrik ere ez dago, hotzak gara; hotzak bainoago, beharbada itxi samarrak. Han kontrakoa da, edonor gerturatzen zaizu eta berbetan hasi, galdezka. Gainera, etengabe dantzan aritzen dira, eta gogoz txalotzen zaituzte: edozein nota jo, eta dantzan hasten dira. Askoz ere irekiagoak, alde horretatik.

Zer ekarpen esan nahi du honek zuentzat?

Buf... talde moduan aurrerapauso ikaragarria, hasteko komunikabide askotan ari delako Belceblues izena agertzen. Beste bultzadatxo bat ematen digu; gainera, geure merituz lortutakoa. Beste maila bat igo dugu. Pertsonalki, bi kontu: batetik gure bilobei esan ahal izatea 'nik AEBetan jo nuen nire taldearekin'. Bestetik, egunotan entzun dugun musika kopurua ikaragarria izan da. Hori guztia buruan prozesatutakoan, hirugarren diskoa prestatzen ari garen honetan ekarpenak egingo dizkigu. Hamar orduko bideo grabaketa ere badaukagu, eta dokumentala argitaratu nahi dugu, diskoarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.