Gure laguna da?

Angela Davis aktibista beltzaren inguruko dokumentala emango dute gaur Bilbon, Alondegian.Eider Rodriguez idazleak aurkeztuko du.

Angela Davis, gaztaroan, hitzaldi bat ematen beltz komunitatearen aurrean.
gorka erostarbe leunda
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ernesto Guevara Che, Malcolm X, Emiliano Zapata, Augusto Sandino, Carlos Fonseca, Tupac Amaru, Tatanca Yotanca, Simon Bolivar eta Jose Martirekin batera, lagun amerikarren zerrendan sartu zuen Negu Gorriak taldeak Angela Davis JFK kantuan, Borreroak baditu milaka aurpegi diskoan (1993). Molde bateko edo besteko zapalkuntza jasandakoen aldeko borroketan nabarmendutako aktibistak aipatzen zituen Fermin Muguruzak gidaturiko taldeak. Angela Davis zen zerrendako emakume bakarra. Emakumea, politikari marxista eta filosofia irakaslea. Haren inguruko Free Angela & All Political Prisoners dokumentala eskainiko dute gaur (19:00) Bilbon, Alondegian, Fermin Muguruzak berak Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete ilustratzailearekin ondutako Black is Beltza komiki liburuaren ingurumarian atondutako erakusketaren eta ekitaldien baitan.

Shola Lynch emakume beltza da filmaren egilea. Torontoko Zinema Jaialdian aurkeztu zuten, 2012an. Publikoaren saria lortzeko hautagaien artean izan zen, baina geroztik ia oharkabean igaro da. Euskal Herrian Baionan bakarrik ikusi ahal izan da egun gutxi batzuez. Gaur ingelesez ikusi ahal izango da, gaztelaniazko azpidatziekin. Aurrez, Eider Rodriguez idazleak hogei minutu inguruko aurkezpena egingo du, euskaraz.

Angela Davisek (Birmingham, Alabama, AEB, 1944) bere ibilbide guztian batu izan ditu beltzen eta emakumeen eskubide zibilen aldeko borrokak, eta, gainera, pentsamendu eta diskurtso marxista izan du iparrorratz. Hots, emakumea, beltza eta iraultzailea da —Women, Race and Class liburua idatzi zuen 1981ean—, eta horrek egiten du bereziki interesgarri eta indartsu haren pentsamendu eta jardunbidea, Eider Rodriguezen hitzetan. Euskal Herrian ere hainbat eskubideren aldeko borroketatik irakaspenak atera daitezke, haren iritzian, Angela Davisen ispiluan begiratuta. «Beltz izanik eta emakume izanik, laguntzen du ikusarazten zapalduen artean elkartasuna lor litekeela eta borrokak eraginkorragoak izan daitezkeela». Davisena borroken zubigintzan paradigma dela, alegia: «Abolizionista beltzak maiz egon ziren emakumeen eskubideen alde edo parekidetasunaren alde; aldiz, abolizionista zuriak, nahiz eta emakumezko izan, ez ziren egon sufragio unibertsalaren alde. Hor geratzen da ipurdi bistan feminismozurien elitismoa». Angela Davisen adibidea, aldiz, interesgarria da, borroka guztiak harremanetan jartzen dituelako. «Guk ere egin genitzake gure harremanak ezker askotariko hauetatik, identitate aldetik, genero aldetik edo sozialki zapalkuntza jasotzen dugunok harremanetan jarriz, indar handiagoko elkartasuna eta borrokak abian jarriz».

Miarritzen egonaldia

Angela Davisek umetatik ezagutu zuen beltzen aurkako bortxazko giroa (Dynamite Hill esaten zioten haren auzoari, Ku Klux Klanek beltzen aurka egiten zituen erasoengatik). Ikasketetan buru-belarri sartuta, Theodor Adorno eta Herbert Marcuse pentsalarien ikasle izan zen, besteak beste. Pantera Beltzen mugimenduko kide zela, Kaliforniako Unibertsitatetik kanporatu zuten, filosofia irakasle moduan lanean ari zela, AEBetako Alderdi Komunistan afiliaturik zegoelako. 1972an Soledad Stateko presondegian izandako hilketa batzuekin lotu zuten, bera han izan ez arren, erabilitako arma batzuk haren izenean zeudelako. Mundu osoan izan zuen sona kasuak, eta, azkenean, ez zuten kondenatu. 1973an absolbitu egin zuten. Gertaera haiei buruzkoa da, hain zuzen ere, Free Angela and All Political Prisoners dokumentala. Angela Davisen oniritziarekin egin da filma, berari egindako elkarrizketa luze batdu oinarrian.

Oso gazte zela frantsesa ikasi zuen, eta Europara bidaiatzeko aukera izan zuen. Frantzia eta Alemania gertutik ezagutu zituen, eta sei astez izan zen Miarritzen, 1963an. Hor zela jakin omen zuen bere jaioterriko eliza batean lau neska beltz hil zituztela leherketa baten bidez, eta orduz geroztik garbi izan omen zuen zeren alde lan egin. Hego Euskal Herrira ere sartu-irtenak egiten omen zituen. Negu Gorriak taldearenaz gain, Pablo Milanesek (Canción para Angela Davis), The Rolling Stonesek (Sweet Black Angel) eta John Lennon eta Yoko Onok ere (Angela) kantu bana eskaini zioten 70eko hamarkadaren hasieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.