Jon Garaño. Zinema zuzendaria

«Gure merkatua txikia da; atera behar dugu»

Egindako lanarekin kontent da Garaño zuzendaria. 'Loreak' Donostiako Zinemaldian ez ezik kanpoan ere erakusteak bultzada emanen diola uste du. Kritika onak ere lagun dituzte estreinaldirako.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko urriaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hedabideetan behin baino gehiagotan agertu da, baina gaur estreinatuko dute Loreak filma Euskal Herrian: Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Irunen eta Getxon. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean egon ondoren, hainbat jaialditan egon da, eta sariren bat ere eskuratu du jada Jon Garañok (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) Jose Mari Goenagarekin batera zuzendutako filmak. Baikor daude, eta emaitza onak espero dituzte.

Donostiatik Zurichera. Zer harrera izan duzue Suitzan?

Ba, egia esan, dena pixka bat arraroa izan da, baina zentzu onean. Donostiako Zinemaldian estreinatu zenean erabat harriturik gelditu ginen pelikularen harrerarekin. Pelikulan konfiantza genuen, baina kritikari guziek —baita izen handiko kritikariek ere— oso ondo jarri zuten. Hortik aurrera, ametsbatean bezala geunden. Larunbatean bukatu zen Zinemaldia, eta hurrengo egunean Zuricheko jaialdian ginen Sail Ofizialean filma eskaintzen. Oraindik amets batean, lurreratu gabe. Egia esan, Zurichen oso harrera ona izan genuen. Hemen baino barre gehiago egin zuten ikusleek. Filma ez da barre egiteko modukoa, baina baditu umore ukitu edo bitxi batzuk, eta badirudi horiek oso ondo konektatu zutela hango ikusleekin. Horretaz gain, banatzaile suitzar bat interesatu egin zen filmarekin. Negoziatzen dabiltza, baina badago aukera filma Suitzan erakusteko.

Asian ere izan zarete, Tokioko Latin Beat jaialdian eta Koreako Asian Film Marketen. Emaitza onekin, gainera.

Badirudi Asiako merkatuan atentzioa eman duela. Gainera, Tokioko Latin Beat jaialdian hiru aktorek saria jaso zuten [Nagore Aranburuk, Itziar Aizpuruk eta Itziar Ituñok]. Oso polita izan zen hiru aktoreei eman zietelako, eta, haien lana aitortzearekin batera, film guztiarena ere aitortu dutelako. Guri ilusioa egin digu lehenengo saria haientzat izatea. Esaten digute filma oso Ekialdekoa dela. Badaude aukerak, beraz, han komertzializatzeko.

Non dago Ekialdeko ukitua?

Estiloarekin egon daiteke lotuta. Irudikatzeko eta enkoadratzeko orduan, muntaketan... izan dezake Ekialdeko zinemagile batzuek duten joera. Bestalde, nahiko ohikoa izaten da generoen arteko hibridazioa: drama, komedia, suspensea, misterioa... Joko hori asko egiten dute Ekialdean. Bestalde, Europako iparraldeko ukitua ere aitortu digute. Sentimenduzko pelikula bat da, baina 80 egunean baino neurritsuagoa, pertsonaiekiko distantzia bat hartzen duelako. Baina, era berean, oso euskalduna dela ere esaten digute. Emakumeen erretratua, adibidez, pertsonaiak oso euskaldunak direla esaten digute. Gure erreferentzia errealitatean dago, eta gurea euskalduna izanda, hori pantailaratzen saiatzen gara.

Londresen ere egon zarete. Garrantzitsua da han egotea?

Londreskoa berezia izan da, jaialdi handia delako. Inpresio oso onarekin geratu ginen. Guretzat, filmak kanpoan funtzionatzen duela ikustea edo, behintzat, ikusle batzuei gustatu zaiela ikustea oso berezia da, eta garrantzitsua. Gure merkatua oso txikia da, Euskal Herrian ez dago ikusle nahikorik film batek behar duen aurrekontuari aurre egiteko, eta atera beharra daukagu. Nahiz eta berez filma egiterakoan ez duzun hori buruan, behin egina dagoenean jendeak filma ikustea atsegin duzu. Eta, gero, asmoak handitzen dira, eta mundu guziak ikustea nahi duzu.

Kanpoan egoteak bultzada emanen dio Loreak filmari?

Egon daiteke jendea uste duena film hau Donostiako Zinemaldian egon dela euskal filma delako.Batetik, kritikak oso garrantzitsuak dira, baina, bestetik, baita jendeak ikustea hemendik kanpo ulertu dela eta funtzionatu duela ere. Horregatik egin dugu: gure lana beste herrialde batzuetan erakustea eta zabaltzea atsegin dugulako, eta bueltan guk ere zerbait ateratzen dugulako.

Baikor zaudete estreinaldiari so.

Ongi joatea espero —edo nahi— dugu. Gure ustez, 80 egunean baino ezagunagoa da filma jada. Harekin jendea gero interesatu zen, eta berandu ikusi zuten; guretzat, berandu. Kostatu egin zitzaion hastea. Loreak filmari buruz jendeak entzun du, existitzen da, eta lehenengo pausoa ezagutzea da. Bigarrena, ikustea merezi duela pentsatzea. Ahalegin bat egin dugu, eta horren ondoren emaitza batzuk espero ditugu. Baina egia da zinemaren egoera ez dela oso ona.

Bidea hasi bada ere, orain zati erabakigarria dator. Eragin dezake euskal zinemaren egoeran?

Oso erabakigarria izan da Donostiako Zinemaldia. Espero dugu mugarria izatea; zerbait aldatu den seinale. Ez du esan nahi orain arte ez denik film interesgarririk egin, hor dira Telmo Esnal, Asier Altuna, Koldo Almandoz, Imanol Rayo... oso jende interesgarria pelikula interesgarriak egiten, baina bat-batean aurten zinemagile eta film asko kontzentratu gara leku berean. Hasi gara euskal zinemari buruz hitz egiten. Batzuetan, esaten da euskal zinema beti komediarekin ari dela eta garaia dela bestelako filmak egiteko. Komediak egin ziren, baina ordutik film asko egin dira komedia ez direnak. Uste hori badago batzuengan, eta pena ematen du, horiek ez baitute egoera ezagutzen. Ez dakit zenbateraino dakien jendeak hemen film onak egiten ari garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.