Guridiren ikusle eta pertsonaiak, zerumuga argiago baten konkistan

Oviedoko Campoamor antzokiarekin batera Arriagak ekoitzitako 'El caserío' zarzuela Bilbon estreinatuko dute etzi

Arriagak eginiko ekoizpenaren eszenografian, pilotalekua dago plaza nagusiaren ordez. ARRIAGA ANTZOKIA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Orain 85 urte estreinatu zen El caserío zarzuela, eta 50 urte dira haren sortzailea, Jesus Guridi konpositorea (Gasteiz, 1886-Madril, 1961) zendu zela. Haatik, musikagilearen obrak taularatzeko zenbaki biribilik ez dela behar uste du Arriagako zuzendari artistikoaren ondoko Daniel Biancok. «Hemengo kultur politiken ondorioz herritarren gehiengoarentzat ezezaguna bada ere, euskal konpositore handienetako bat da Guridi», nabarmendu du Miguel Ortega musika zuzendariak. Pablo Biar eszena zuzendariarekin batera prestatu du obra Ortegak. Arriaga eta Oviedoko (Espainia) Campoamor antzokien eskariz, Guridiren zarzuelaren «bertsio gaurkotua» ekoitzi dute, eskuz esku. Etzi estreinatuko dute Bilbon, 20:00etan. Beste bost emanaldi egingo dituzte Arriagan, hilaren 23an, 25ean, 26an, 28an eta 29an. Ohi baino bi saio gehiago antolatu dituzte, «sarrerak amaitzen ari direla ikusita».

Angel Odena baritonoak, Marta Ubieta sopranoak eta Mikeldi Atxalandabaso tenorrak interpretatuko dituzte pertsonaia nagusiak: Osaba Santi, Ana Mari eta Jose Miguelen rolak. Halaber, Alberto Nuñez tenorrak, Itxaro Mentxaka mezzo-sopranoak, Izaskun Kintana sopranoak eta Jon Ariño eta Antonio Ruperez aktoreek parte hartuko dute obran, Aukeran konpainiako bederatzi dantzarirekin batera. Bilbao Philarmonia orkestrak eta Rossini abesbatzak interpretatuko dituzte Guridiren obraren alderdi sinfoniko eta melodikoa.

Biancok diseinatu du eszenografia. Eta obraren eszenaratzea «zerumugan berrien konkistan» oinarritu duela azaldu du Biarrek. Hala, obraren hasieran, giro bi kontrajarriko dira, atmosfera bi: zibilizatu gabekoa eta etxekoa. Obrak aurrera egin ahala agertuko da herriko pilotalekua. Plazaren ordez jarri du pilotalekua Biarrek, aldaketa horrek gidoian gorabehera handirik eragiten ez duela sinetsita. «Herri askotan plazaren beraren tokia hartzen du pilotalekuak». Horrenbestez, pilota partida «off-etik on-era» ekarri duela azaldu du eszena zuzendariak. «Egin dugun ekoizpenean partida jokatu egiten da. Publikoak ikusi eta gozatu ahal izango du». Bada bestelako ezusterik Biarrek berrinterpretatu duen El caserío-n. «Zerumuga berria ikusi nahian dabiltza pertsonaiak, eta obraren amaieran, gero eta urrunago egon arren, argiagoa izango da, eskuragarriagoa».

Santiren partida

Baserriko jabea izateaz gain, zarzuelarako beren beregi Guridik sortu zuen Arrigorri izeneko herri imaginarioko alkate ere bada Santi osaba. Eta bizitza pertsonaleko korapiloak herriko arazo bihurtuko ditu, «pilota partida ikusten ari direnak haren drama intimoaren ikusle bilakatzeraino».

Biarren iritziz, «bada parelismo bat baserriko pertsonaien eta zarzuela horren ikusleen artean: Guridiren El caserío gutxitan ematen denez, batzuk eta besteak oso lantzean behin esnatzen dira, bi orduz bada ere, erraietaraino maitatzeko eta negar zein barre egiteko».

«Emozio handiko obra» dela azaldu du Biarrek. Ortega bat dator. «Emozio horren oinarrian Guridiren musika zirraragarria dago». Dioenez, Guridik «trebetasun handiz» landu zuen El caserío-ren zati orkestrala. «Konpositore batzuek abilezia zuten atal melodikoa idazteko, baina parte orkestrala egiterakoan herren ibiltzen ziren».

Federico Romero eta Guillermo Fernandez-Shawaren libretoarekin, 1926ko azaroaren 11n estreinatu zuen Guridik El caserío, Madrilgo Zarzuelaren Antzokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.