Eskoletako ikasleak ere kaleko inkestatzailez mozorrotzen dira Durangoko Azokan. Haren 49. aldiaren irekiera egunean, atzo, Landako guneko zenbait erakusmahaitako kideei galderak zuzen-zuzen planteatu zizkieten, erantzuteko pronto zeudenen harridura xalorako: «Zer da Argizaiola saria?». «Nori emango diote?». «Zer da Katamalo?». Eta baita ondokoa ere: «Zer da Ahotsenea?». Azkeneko galdera hori plazaratzea ezinezkoa izango zen duela hamar, zortzi urte. Izan ere, ez zen existitzen sortzaileen eta hartzaileen arteko harremanak lantzeko asmoarekin sortutako gunea. Baina hori, 2008an eratutakoa, ez zen izan Gerediaga elkartekoek, antolatzaileek alegia, kapritxoz hartutako erabakia; kultura bera eraldatzen den neurrian transformatzen delako azoka, etengabe. Kulturaren gurpila beti ibili dabilelako, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorearen esanetan, «premien eta sortzaileen mugimenduen arabera».
Mugitua, goiza izan zen atzo mugitua. 10:30ean ireki zituzten ateak, eta 10 eta 18 urteko haur eta nerabe saldoak bete zituen azokako gune nagusiko kaleak eta inguruneetako zelaiguneak. Baziren jakin-minez barneratu zirenak, informazio puntuan hango langileak galderaz josi zituztenak. Antolakuntzakobatek, pazientziarekin eta adeitsu, jaramon egin zien bata bestearen atzetik eta era nahasianplazaratutako eskakizunei: «Ea, eta zuri zein musika mota gustatzen zaizu?».
Nerabeetako batzuek, aldiz, ez zuten galdetzeko beharrik ere eduki. Horietako gehienek musika erakusmahai jakin batzuetara jo zuten. Berri Txarrak taldeko hiru kideek, esaterako, hamaika aldiz jarri behar izan zuten argazki kameren eta sakelakoen pantailen parean Denborada poligrafo bakarra diskoa aurkeztuko dute gaur, 11:00etan, Ahotsenean, eta Aiora Renteria Zea Mayseko abeslaria ere ezin iritsita ibili zen tarteka. Alex Sardui Gatibuko abeslariak badauzka jarraitzaileak, nabari da, eta Xabi Bastida Su Ta Garreko gitarristak egun osoa pasatu zuen diskoak saltzen eta sinatzen.
Kuantitatiboki ere bai
Kualitatiboki, hortaz, izan du eta badauka indarra Durangoko Azokak. Asteguna izateko, eta eguraldia etsai, ibili zen jendea atzo goizean batez ere, eta asteburu luzean lepo egongo dira Landako eta inguruneak. Baina ekonomiari ere ekarpen kualitatiboa egiten diola esan du Nerea Mujika Gerediagako presidenteak lau milioi euro fakturatzen dira, ekoizleen salmentak eta ostalaritzakoak kontuan hartuta, eta, besteak beste, horregatik, azoka guztiontzat estrategikoa dela irizten dio. Beraz, eta iazkoa ez gertatzeko 56.000 euroko galera eduki zuen azokak, instituzio publikoek apustu sendoagoa egin behar dutela pentsatzen du. Horregatik jo zuten Gerediagako eta azokako arduradunek Eusko Legebiltzarrera joan den ekainean beren egoeraren berri emateko. Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 85.000 eurokoa izan zen iaz, eta 130.000koa aurten. Dena den, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak zera adierazi zuen joan den ekainean: «Egungo eredua ez da auzitan jartzen zuloa sortzen duelako, baizik eta martxan jartzen delako eredu bat zulo bat sortzen duena, eta badakitelako ez dutela nola bete».
Gorka Arreserentzat, kontua ez da antolatzaileek zer pauso ematen dituzten oker edo zuzen. «Instituzioek pentsatu behar dute zertarako dauden. Ez badute behar den moduan lagundu nahi, beraien kontua da; baina esan dezatela argi eta garbi. Hori bai: daukaten diru publikoa denona da». Susako editorearen ustez, instituzio publikoek konturatu beharra daukate kultura ez dela «gauza estankatu bat». Donostiako Jazzaldiarekin eta Zinemaldiarekin parekatu du azokak eskaintzen duena: «Horiek, bi adibide jartzearren, azpiegitura finkoak dituzte, baina jazza eta zinema inportatu egiten dute, paketeka».
Jose Felix Azkarate Xarra Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kidearentzat, beti eskean ibiltzea ez da bidea, baina iruditzen zaio Jaurlaritzak, «beharbada», ekarpen handiagoa egin behako lukeela. Dena dela, azokaren eraginkortasun kuantitatiboari errezeloz begiratzen dio: «Eraginkortasun ekonomikoa? Durango herriarentzat izango da, jaietan gertatzen den moduan».
Horren guztiaren harira, Pello Eltzaburu Pamielako editoreak azken 20 urteotan nagusitzen ari den joera bat detektatu du: «Nafarroatik gatoz gu argitaletxea, eta bai han eta baita estatuan ere, jendea PPrizatu egin da. Diskurtso bat gailendu da, eta, horren arabera, kultura da luxu bat, garestia, eta kultur mundukoak gara eskale batzuk beti diru laguntzen atzetik gabiltzanak. Gizartea kutsatu du diskurtso horrek, baina ez da egia!». Nafarroan, gogoratu du zehaztapen gisa, Volkswagen da subentzionatuta dagoen enpresa bakarra.
Kultura, hemengo kultura, eraldatzen den zerbait dela esan du berriz Arresek. Norantz? Premiak adierazten du bidea, Susakoaren hitzetan: «Orduan, instituzioek erabaki behar dute ea herriarekin batera mugituko diren edo nahiago duten Jazzaldiak, Zinemaldiak, bezala funtzionatzea eta funtzionaraztea». Eta instituzioetan erabakiak hartzen dituztenei esan nahi die ez dezatela protesta egin kultura alde batera edo bestera mugitzen delako: «Kultura nola ulertzen duten haien kontua da, baina ez dezatela pentsa haiek diruaren erabilera eta banatzea nola egiten duten kulturak horren arabera egin behar duenik dantza».
Muñoz sailburuordearen ibilbidea eta dauzkan irizpideak errespetatzen ditu Eltzaburuk: «Ez dut neoliberalismoak sortu duen diskurtso horren barnean sartzen». Halere, eta Europako beste herrialde batzuek kulturan egiten duten inbertsioen datuei bere hoztasunean kontuan hartuta, zera dio: «Oso urrun gaude, adibidez, Frantziako eredutik. Han, soinu teknikari bat ere profesionala izan daiteke zuzenekoak egiten».
Autoekoizpenen txokoa
Azoka transformatzen ari da, eta Arresek ez du uste ezer sobera dagoenik. Pentsatzen du, ordea, falta dela hausnartzea. «Jendeak esaten du: 'Ondo gaude. Saltzen ari gara'. Baina pentsatzeko tartea inork gutxik hartzen du. Denon artean adostu beharko genituzke hausnarketarako puntu batzuk». Ez da antolatzen diren hitzaldiez-eta ari, ez. «Zer gertatzen da? Izugarrizko abiadura hartzen dugula eta patxada falta zaigula ideia, kontzeptu berriak planteatzeko». Azoka bat den heinean, normala ere badela uste du, halere. «Etortzen gara espiritu guztiz praktikoarekin». Hausnarketa hori egun batzuetara mugatu beharrean urte osora heda daitekeelakoan dago. Aurtengo azokan, hain zuzen, Gogoetaren Plaza ekinbidea abiatu dute. Eraldaketaren ispilu da.
Estreinakoz Durangon atondutako autoekoizpenentzako espazioa bezala. Eskaria handitzen ari zela-eta, Gerediagakoek toki bat egin diete, Landakoren erdigunean, editore ere badiren egileei. Hamasei erreferentzia eskaintzen ditu izena eman dutenak, Jokin Haxotz musika taldeko abeslariaren hitzetan: «Bost dira askotariko musika taldeenak, eta 11 literaturakoak». Nobelak, ipuinak, saiakerak... Eta erakusmahaiaren paretan Henry Rollins Black Flag AEBetako hardcore taldearen abeslariaren esaldi bat kopiatu dute: «Jarrera argia dut: egiten dudanagatik borrokatu eta hartan sinestea. Egiten dudanaren zentzuak betiko iraun dezan». Haxotzeko kideak aitortu du ez dela autoekoizle konbentzitua, apur bat beharrak bultzatuta egin dutela hautu hori. Datorren urtean espazioa bitan banatzeko asmoa du Gerediagak: alde batetik literatura, eta bestetik musika.
Azokaren eredua aldatzen ari da, baina bide egokia hartu duela irizten dio Eltzaburuk. «Kulturarentzako beharrezkoa da halako topaleku bat edukitzea. Eta ez gara ezer asmatzen ari, beste kultura guztietan egiten direlako antzeko gauzak, denek dutelako, bere neurrian, kulturaren festa bat». Eta adibide gisa jarri du Pamielako arduradunak Guadalajarako liburu azoka, joan den azaroaren 29an hasi eta bihar bukatuko dena (Mexiko). «Han ere ekintza paraleloak egiten dira, kontzertu handiak-eta».
Txikiagoak dira Durangokoak, Ahotseneakoak. Bi agertoki dauzka aurten, eta horietako batean aritu zen atzo Sardeska, 16:00ak aldean, 20-25 bat lagunen aurrean rock sui generis-a eskaintzen. Ahotseneako gurpila, ordea, egun osoan mugitzen da hamaika emanaldirekin. Bere sorkuntzaren gurpila eteten ez duen beste bat da Toti Martinez de Lezea. Goiz eta arrats igaro zuen Enda Lur (Erein) bere azken eleberria sinatzen. Gaztelaniazkoa nahiz euskaratutakoa. Hori da Azokan urtez urte aldatzen ez den zerbait.
Durangoko 49. Azoka. Eguneko kronika
Gurpila mugitu egiten delako
Kapritxoz ez, azoka sortzaileen eta premien arabera eraldatzen dela iruditzen zaie kultur eragileei.Atzo goizean ikasleek bete zuten Landako, baina, bestela, ez zen jende askorik ibili lehen egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu