Literatura

Gurutzaketen emaitza

Balzac eta Flauberten eta Celine eta Sartreren belaunaldiak batu zituen Frantziako literaturan Andre Gidek. Ezinbestean, horrek klasikoetan modernoena eta modernoetan klasikoena izatea ekarri zion.

Jon Benito.
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Parisen jaio zen Andre Gide, 1869an, gerra franko-prusiarra hasi baino hilabete batzuk lehenago. Garai baten amaiera zen batzuentzat, eta beste baten hasiera besterentzat. Semea edo alaba beti-beti izaten da aitaren eta amaren gurutzaketaren ondorio, baina gurutzaketa guztietan, haragi eta odolarena bakarrik ez, kultura, erlijio eta jatorrien gurutzaketa ere izan ohi da, azalekoago edo sakonago.

Gide ere tradizio kultural eta joera literario ezberdinen nahasketa da idazle gisara. Lehenago, ordea, burgesia protestanteko aita baten eta ama aberats katoliko baten semea zen, haien gurutzaketaren haragiztatzea. Beraz, bi erlijio, bi jatorri, bi eredu nahasten ziren Giderengan. Aitak hezterakoan libertatearen balioak helarazi zizkiola dio bere memorietan, eta autoikaskuntzarako baliabideen artean literaturaren klasikoak eman zizkiola irakurtzeko. Amak, aldiz, umeek arauak bete behar zituztela uste zuen, haiek konprenitu beharrik izan gabe ere. Nola uztartzen dira zuria eta beltza, askatasuna eta moral irmoa pertsona berean, hau zatitu gabe?

Gurutzatu bai, baina zerekin gurutzatu

Tradizioena soilik ez zen mestizajea zen Giderena. Sortze unetik bertatik, gurasoen gurutzaketatik hasi, testuinguru historikoarekin jarraitu eta espresio artistikoarekin amaitzen zen gurutzaketa izan zen haren bizitza.

Zazpi urterekin jada, musika irakasle bat jarri zioten, pianoarekin bere adiera vbv zkortasuna trebatu zezan. Idazle gisara ezagun egin zen garaian inoiz jendaurrean jo ez bazuen ere, Notes sur Chopin liburuan musikarekin zuen zaletasuna erakusten zuen. Pista nahikoa izango litzateke liburu hori, gainerako literatur sorkuntza lan guztietan ere bai, ez balu musikaren, doinuaren eta hitzen hoskidetasunarekiko kezka, eta haiek eder egiteko plazera, bestelako inongo lanetan erakutsi. Musikari lotzen zizkion hitzak, eta hitzekin trebatze hura izan zuen gurutzaketa eta ofizio nagusia bizitzan. Eskola eta aterpetxeetan zigortuta eman zuen denborak inguruaren ezagutzarako eta jendartean giza ezaugarriak nola garatzen diren jakiteko beta eman zion. Eta literatura, behaketa hura papereratu eta historiatik eta orduko garaietara arte jendea eta bere burua ezagutzeko eta bestea marrazteko aukera izan ziren.

Gazte garaitan Goetheren poemak eta sinbolistenak irakurtzea; bere ikaskideen bidez Parisko zirkulu literarioetan txertatzea, aldizkariak ezagutzea, Mallarméren astearteetako solasaldiak eta Paul Valeryren adiskide izatea 50 urtez. Horrela gurutzatu ziren artea eta literatura haren bizitzarekin, ezin askatzeraino.

Batetik bestera

Gurutzaketa askoren emaitza gisara ulertu zuen bizimodua. Hala uztartu zituen jende, leku eta hitzak, hezkuntza titulua jaso eta hil arteraino: mundua ezagutu nahi zuen, eta munduarekin jendea, eta jendearekin bere barruetan zena, maitasun, kontraesan eta sinesmenak. Horrela gurutzatu zen Henri de Reghnierrekin lehendabizi eta Wilderekin gero. Wilderen bizimolde hedonista eta libreak amarengandik jasotako balio puritanoak auzitan jartzen irakatsi zion. Gidek pertsona bakoitzaren gurutzaketatik irakaspen edo ideia bat bahitzen zuela esan ohi da. Ezagutza bakoitzak ez zuela lehen bezala uzten, gehitu egiten zuela bere izaeran, gurutzaketa bakoitza korapilo bat gehiago zen sare batean.

Gurutzaketaren bidez hazten eta hazten joan zen izaera bat izan zen Giderena. Jendeak beste jende batengana gerturatu zuen, musika literaturarekin bat egin zen berarekin, mendebaldeko gizartea Afrika iparraldearekin uztartu zuen. Askatasunaren antzeko zerbait izan zen lur eremu hura idazlearentzat. Lehen erialdia, amodioa, bi gorpu plazeraren bila uztartzen direneko kimika aurkitu zituen han. Aljeria eta Tunisia ezagutzea lurralde ezezagunak deskubritzea izan zen zentzu askotan: paisaia berriak eta sexualitate jazarria.

Idatzita utzi nahi

Eta dena literaturan eta dena literaturarako. Paul Valeryri adierazi zion bezala, idatzi ezin balu hil egingo baitzen. Horrela, Les Paludes-ekin hasi, Les Nourritures terrestres-ekin jarraitu, tradizio bat atzean utzi eta libertaterantz, kontraesan eta ordainekin aurrera egiten duen pertsona baten bidea ikusten da haren lanetan. Idazteko bizi zela dirudi, libre izan nahi zuela eta bere ziurtagiri gisara uzten zituela bere lanak. L´Inmoraliste (Inmoralista, Literatura Unibertsala, Imanol Unzurrunzagak itzulia) liburuan bezala gainerakoetan, pertsona batek bizitzan zehar dituen zalantza moralak gizarteratzen zituen. Dena ez zen idaztea izan, baina.

Idatzi baino gehiago irakurtzen zuen. Beti adi zen, nork zer aterako, nork zer esango liburu hartaz, kritikariek zer irakurketa egingo klasikoez. Dostoievskiren lanen monografiak kaleratu zituen; Goethe, Puxkin, Shakespeare, Conrad eta Rilke itzuli zituen. Gide Frantziako literaturan erreferentzia ezinbestekoa bihurtu bazen, ez zen berak idatzi lanengatik izan soilik. Itzultzaile eta aztertzaile ez ezik, 1909an Nouvelle Revue Française sortu zuen, mendearen lehen erdian Europako literaturaren kanona markatu zuen aldizkaria.

Aurrera bidean

Gidek bere literaturarekin bidea egin ahala aurrekoa desegiten zuela dirudi. Liburu bakoitza aurrekoaren ezberdina zen, ez zuen estilo zehatz bat, beti bera: beti berri, beti irudimentsu, beti ezberdin izan nahi zuen. Inoiz obra borobil eta oso hori idatzi ez izana leporatu zioten lagunek gero, horregatik; dena izan zela dispertsio eta lan txiki, erregistro ezberdinegiak erabili zituena (gaur serio, bihar karikatura eta ironia). Arrazoiak mila dira hura bi belaunaldi arranditsuren artean galarazteko. Berak, ordea, bere baitako milaka ni-en izenean idatzi zuela adierazten zuen. Gerratik ihes egin eta errefuxiatuta bizi zirenen kronikan bere burua ikusten zuen, Corydon lanean aipatzen zuen homosexualitatearen defentsa berea zen berez.

Mende berriak lehen laurdena eginda eta Gerla Handia amaituta, Frantzian literaturaren belaunaldi berria izan behar zuenak (Aragon eta Bretonek osatzen zutena, nagusiki) eredu eta erreferentziatzat hartu zuen Gide. Orduan argitaratu zuen Les Faux-Monnayeurs, eleberrigintzak dituen arazoak islatzen dituena. Nobela bat egikaritzearen zailaz dihardu bertan, ispilu joko metaliterarioen bidez. Joko horiek eredugarriak izango ziren surrealistentzat, baina baita gerora ere Nouveau Romaneko idazleentzat ere.

Idazlea baino gehiago

Gorputza ere bazuenez hiriaren plazerez nekatuta; begirik ere bazuenez Kongon gertatzen zenak larrituta, Voyage au Congo liburuan kolonialismoaren praktika iraingarriez dihardu. Bere konpromiso hertsiki politikoaren hasiera izan zen Afrikan 1925ean egin zuen egonaldia. Lehenago ere salaketarako erabili zituen arren bere lanak, mendearen lehen herenaren amaieran agertu zuen hil artean abandonatu ez zuen jarrera estua. 1931n, Gide Iraultza Sobietarraren alde agertu zen. 1936an, Maksim Gorkiren hilotzaren ondoan, Moskuko Plaza Gorrian, diskurtso luzea eman zuelarik. Handik itzultzean, ordea, estalinismoaren izugarrikeriak deskribatu zituen, eta PCFren eta Aragonen aldetik irain gogorrak jaso.

Idatzi bizitzari zentzua emateko

1961eko otsailaren amaieran hil zen. Frantziak Gideren figura galdu zuela 50 urte betetzen direnean, idazle, antologatzaile, diariarista, aztertzaile, polemistaren zein alderdi gogoratzen da? 1947an Gidek, idazletza utzi zuen publikoki. Urte berean Nobel saria jaso zuen. Hil artean nobela edo narrazio labur gehiagorik ez zuen idatzi, baina bere bizitza kontatzen jarraitu zuen diarioetan. Bizi osoan egin zuen bezala. Bizitza bati zentzua emateko ahalegina besterik ez zen izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.