Miren Azkaratek 2006an Kultura sailburu zelarik osatutako kontseilukideen zerrenda Blanca Urgellek 2010ean osatu duenarekin alderatuz gero, igartzen da Urgellek ospe handiko sortzaile gehiago sartu dituela taldean, baina euskarazko kulturaren eguneroko errealitatea gertutik ezagutzen duen ordezkari gutxiago.
Urgellek hautatu dituen ospe handiko ordezkarietako batzuk, euskal herritarrak izanagatik, Euskal Herritik kanpo bizi dira eta Euskal Herritik kanpo egiten dute lan. Hori da Alex de la Iglesia zinemagile eta Espainiako Zinema Akademiako zuzendariaren, Miguel Zugaza Madrilgo Prado museoko zuzendariaren eta Lucia Lakarra dantzariaren kasua.
Badira euskarazko kultura gertutik ezagutzen duten ordezkariak egungo taldean, hala nola Oier Araolaza Dantzan.com webguneko zuzendaria, Joseba Martin Radio Euskadiko musika arloko kazetari eta B
Aldaketak, norabide batean
Kulturaren Euskal Kontseiluak izan duen aldaketa bat dator egungo Jaurlaritzak kulturaren arloan egin dituen edo egiten ari den gainerako aldaketekin. Eta bereziki bat dator Kulturaren Euskal Plana izan zenetik Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratura egin den aldaketarekin.
Euskarazko eta gaztelaniazko kulturak parekatzeko joera nagusitzen da Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuan. Kulturaren Euskal Planak euskarari, bere gutxiagotasun eta menpekotasun egoeraren ondorioz, laguntza handiagoa eman beharra ikusten zuen guneetan, Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuak bi hizkuntzei emandako laguntzak parekatzera jotzen du.
Sarrerako testutik zehazten da ikuspegi hori kontratuaren marko teorikoan: «Kulturen aldeko kontratu honek oso kontuan hartu du euskal gizartearen hizkuntza-aniztasuna, eta era berean eragiten die euskarazko zein gaztelaniazko jarduerei. Hizkuntza batean aurkezten den edozein kultura-ekitaldi berdin aurkez daiteke bestean ere. Ez dago zertan egon kalitate aldetik inongo ezberdintasunik bion artean, ezpada ere tamaina aldetik».
Osaketa
55
Urgellek hautatutako 32 kideez gain, beste 23 lagunek osatzen dute Kulturaren Euskal Kontseilua (55 lagunek orotara): Eusko Jaurlaritzako hamar ordezkarik, EITBko, EAEko hiru foru aldundietako, EAEko hiru lurraldeetako hiriburu nagusietako eta Eudeleko ordezkari banak, eta Legebiltzarrak izendatutako bost bokalek. Joxerra Garzia, Iñaki Gomez, Jose Francisco Lanceros, Xabier Olabarrieta eta Irune Zuloaga dira bokalak. Lehendakaria Kultura sailburua da.Antonio Rivera .. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea
«Sektore bakar batek ere ez digu kexurik agertu»
J. L. Z.Urgellek egindako aukeraketaren ondoren, sektore guztiak «ondo ordezkatuta» daude Kulturaren Euskal Kontseiluan, Antonio Rivera Kultura sailburuordearen iritziz, «erabateko oreka ezinezkoa den arren». «Salbuespen bakarra artxibo eta biblioteken sektorea da; hor guk egin dugu huts». Aldundien aldetik jasotako «adierazpen politiko beligerante guztiz zilegiak» alde batera utzita, Kultura Sailari ez zaio inolako kexurik iritsi. «Sektoreekin biltzen jarraitzen dugu normaltasun osoz, eta bakar batek ere ez digu kexurik agertu».
Urtero bi bilera izan behar ditu gutxienez Kulturaren Euskal Kontseiluak, baina urtebetetik gora egin du bildu gabe. Zergatik?
Gobernura iritsi ondoren, Kulturaren Euskal Planaren inguruko ekimenek emandakoaren balantzea egiteko eta politika kulturaleko geure plan estrategikoa diseinatzeko denbora hartu dugulako. Baina tarte horretan sektore guztiekin izan ditugu harremanak, denekin sinatu ditugu akordioak.
Aurreko Kultura sailburuak hautatutako 32 kideetatik bakarrak jarraituko du. Zertan geratuko da aurrekoek egindako lana?
Aintzat hartuko dugu. Eta aintzat hartu dugu dagoeneko. Adibidez, aurreko talde eragileek aipatu zuten kulturaren euskal ataria sortu behar zela, eta guk Kulturklik sortu dugu. Artearen sektoreko talde eragileek planteatu zuten Gure Artea lehiaketaren eredua gaindituta zegoela, eta guk Eremuak jarri dugu abian. Astelehenean bilduko den kontseilu horrek aurrekoaren lanari segida emango dio.
Kontseiluko kide batzuk Euskal Herritik kanpo ari dira lanean. Ez da oztopo izango hori egin dezaketen ekarpenerako?
Kanpoan lan egin arren, hemendik irtendakoak dira, eta ondo ezagutzen dute hemengo errealitate kulturala. Gainera, kideetako batzuek gure errealitateari kanpotik begiratzeko aukera izateak ikuspegi zabalagoa emango dio taldeari. Hautatutako 32 kideen artean ez dago euskal kulturaz izan behar dugun kontzepzioari arrotz zaion bakar bat ere.