KRITIKA. Musika

Habemus papam

Skeleta Ghost
2025eko ekainaren 22a
04:45
Entzun 00:00:0000:00:00

ghost

'Skeletá'

Diskoetxea: Loma Vista Recordings.

Papa Emeritus IV.arenheriotzaren ondoren, Papa V Perpetua-k hartu du Ghost taldea aurrera ateratzeko erantzukizuna. Tobias Forge abeslari eta liderrak promozio kanpaina betiraunkorrarekin jarraitzen du: irudia, kontzeptua, maskarak, makillajea... talde honetan dena dago milimetrora neurtua. Aldiz, bere diskografiaren kalitatea ukaezina da, eta irudiaren boterea eta zuzenekoen indarra guztiz ikusgarriak dira. Lan berri honekin, azken bost urteotan Amerikako Estatu Batuetan salmenten lehen postura iritsi den lehen hard rock taldea da, eta birak —berriro ere— mastodontikoak izaten ari dira.

Orriotan duela hiru urte aztertu genuen Impera diskoa. Lan hartan (eta era berean, disko guztietan) aurrekoarekiko jauzi bat zegoen, baina era berean beldurgarria izaten jarraitzen zuen. Hard rock eta metal nahasketa hark melodien nolabaiteko goxotasuna ere bazeukan. Oraingoan, ordea, aurreko lanaren mailara iritsi ez diren arren, 80ko hamarkadako AOR (Adult Oriented Rock) estilora inoiz baino gehiago gerturatu dira, eta disko osoa hartzen badugu, aurrekoak baino dezente bigunagoa da. Ez da erraza, segur aski, Impera bezalako disko baten jarraipena egitea, baina entzunaldi bakoitzean indarra hartzen duten lan horietakoa da.

Peacefield apur bat biguna da, gitarra solo oso melodikoa dauka, eta errepikan Journey bezalako taldeen kutsua dauka. Lachryma-k riff ederra dauka hasieratik, eta koruen boterea nabarmentzekoa da. Satanized tematia eta astuna da, baina ez guk nahiko genukeen beste. Ahots suabea, 80ko urteetako errepika eta solo polita dauzka. Honaino lehen hiru singleak: lan gogorra, beraz, hemendik aurrera hurrengo kantuetan egin beharrekoa. Orokorrean, uste dugu helburua lortu dutela eta LP nahiko orekatua dela hau. Guidin lights-ek solo polita dauka, errepika eraginkorra eta power ballad kutsua. AOR, glam rock eta hard rock egitura hauetan heavy metalera egindako jauziak ez dira erabakigarriak, baina 80ko hamarkadako Judas Priesten kanta batzuk dakarzkigute gogora, batez ere melodia eta errepiketan. De profundis borealis horren adibide garbia dugu, bukaerako sorpresa ahantzi gabe: garapen melodiko eta instrumental irudimentsua.

 

Cenotaph apur bat korala da (gainera, Tobiasen ahotsa dezente arina da) baina ABBAren eta musika melodikoaren eraginak entzulea harrapatzeko moduko dohainak dauzka. Missilia Amori-k errepika borobila eta ia automatikoa dauka, eta riffak kutsakorrak eta zehatzak dira. Gitarra soloa ere ezin ahantzi dugu, hurrengo Marks of the evil one-n gertatzen den bezalaxe. Azken honen sintetizadoreek, gitarra eta teklen arteko lehiak eta sentsazio ilun eta makabroek taldearen nortasun agiria diren hainbat faktore laburbiltzen dituzte. Artelanen bila dabiltzanentzat, Umbra aukera ona dugu: errepika leuna, ahots goxoa (Ghost-en estiloa kontuan hartuta, noski), gitarra vs. teklatua ahantzi gabe, baina era berean ahots sakon eta beldurgarria dauzka. Zenbaitentzat diskoko onena izango da, ziur. Zoritxarrez, Excelsis taldearen ohiko outro estimulagarri izatetik oso urrun geratzen da. Laburtuz, disko ona dugu hau, nahiz eta guztiz barneratzeko entzunaldi batzuk behar dituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.