Hainbat ekitaldi egingo dituzte Txillidaren mendeurrena ospatzeko

2024an ehun urte beteko dira artista jaio zenetik, eta haren obra omentzeko erakusketak, argitalpenak, ikus-entzunezko proiektuak eta beste egingo dituzte.

Eduardo Txillidaren mendeurreneko ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko azaroaren 8a
18:07
Entzun

Euskal arte garaikidearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen Eduardo Txillida (Donostia, 1924-2002), baita nazioartean sonarik handiena lortu duten euskal artistetako bat ere. Haren obrak arrastoa utzi du gaurdaino. 2024ko urtarrilean ehun urte beteko dira artista jaio zenetik, eta, mendeurrena ospatzeko, «diziplina anitzeko programa oso bat» atondu du Eduardo Txillida-Pilar Belzunce fundazioak. Txillidaren obra Euskal Herrian eta nazioartean ezagutaraztea eta zabaltzea da asmoa, eta, horretarako, erakusketak, argitalpenak, ikus-entzunezkoak, hezkuntza proiektuak eta beste egingo dituzte. Topaleku lelopean ospatuko dute mendeurrena.

Mikel Txillida artistaren bilobaren arabera, «haren obraren transbertsaltasuna eta diziplina ezberdinez elikatzeko zuen gaitasuna» ageri dira programazioan. Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoa izango da ospakizunaren erdiguneetako bat, eta artistaren figura eta obra omentzeko hainbat erakusketa eta jarduera egingo dituzte bertan. Esaterako, Maeght Unibertsoa erakusketa zabalduko dute aurtengo abenduaren 2an, eta 2025eko apirilaren 14ra arte egongo da ikusgai. Horrez gain, erakusketak izango dira Donostiako San Telmo museoan, Tabakaleran, Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan edo Gasteizko Artiumen ere. Eta nazioartean, berriz, Katalunian, Txilen, Alemanian eta AEBetan erakutsiko dituzte haren lanak. Bestalde, Arantxa Agirre zinema zuzendari eta gidoilaria Ciento volando izeneko dokumental bat sortzen ari da; Txillida Lekuren historia eta muina jasoko ditu filmak.

Programazioak musikarekin lotutako hainbat jarduera ere biltzen ditu. Adibidez, Musikenek, Txillidaren piezak ardatz hartuta, «bi ibilbide eskultura-musikal» diseinatu ditu, eta eskultorearen omenezko obra bat ere konposatuko du; Euskadiko Orkestrak Chillida-Elogios musikala estreinatuko du, Antonio Lauzurikak sortutakoa; eta Bilboko Koral elkarteak artista donostiarraren lana eta Johann Sebastian Bachen musika konbinatuko ditu kontzertu batean.

Txillidaren obran sakontzeko asmoz, argitalpen sorta bat ere prestatzen ari dira mendeurrenerako. Besteak beste, Norma Comics argitaletxeak Txillidaren obraren errepasoa egiten duen komiki bat kaleratuko du. Eta Fabrika argitaletxeak, berriz, artistaren monograma bat; biografia ilustratu bat, Bernardo Atxagaren testua daramana; erakusketa katalogo bat; eta Zabalaga eta Txillida Leku baserriaren sorrera jasotzen duen Joakin Montero arkitektoaren argitalpen bat. Maushaus arkitektura estudioko lantaldea, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ikastetxe, irakasle eta hezitzaileentzako unitate didaktiko bat lantzen ari da.

Gainera, Txillida Lekun, Udako solstizioa programaren barruan, ekitaldi berezi bat egingo dute ekainaren 21ean. Jon Maia koreografoak zuzenduko du sormen prozesua, eta Kukai dantza konpainiak hartuko du parte. Egitaraua osatzen segituko dutela ziurtatu dute antolatzaileek.

Obrak, denenak

Programazioaren aurkezpenean izan dira fundazioko presidente eta artistaren seme Luis Txillida, artistaren biloba Mikel Txillida, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Saileko zuzendari Isaac Palencia Caballero, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Xabier Lertxundi Hernanikoa.

Luis Txillidak haren ama Pilar Belzunce izan du gogoan, eta aitortu du funtsezkoa izan zela hark emandako babesa eta bultzada. «Niretzat ohore bat da mendeurren omenaldi hau egitea. Funtsean, bizitza ospatuko dugu. Nire aita joan zen, baina haren obra presente dugu, eskura. Interes berezia zuen obra publikoarekiko; obra hauek guztionak dira». Zupiriaren ustez, herriak ospakizun eta omenaldi «berezi bat» zor dio Txillidari. «Herri oso bat arituko da artista handi baten obra gogoratzen, eskertzen, birbisitatzen, birpentsatzen eta birsortzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.