Haize kontra sortuak

Erlea Maneros Zabalak 'Norusta' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Kostaldeko leku jakin bat eta orkatz adar bat ditu bi zutabe nagusiak

Erlea Maneros Zabala artista, Norusta erakusketarako Lekeitioko itsasbazterrean ateratako hainbat irudi atzean dituela, San Telmo museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Norusta hitza erabiltzen da Lekeition (Bizkaia) ipar-mendebaldetik jotzen duen haizea izendatzeko. Eta hitz horixe aukeratu du Erlea Maneros Zabalak bere erakusketa berriari izenburua emateko. Hain zuzen ere, Lekeitioko kostaldeko eremu jakin bat aztertu du proiektuan, besteak beste, eta, pandemiak sortutako egoera dela eta, haize kontra sortzen ibili dela esan liteke. Pozik dago, hala ere, uste baitu izan dituen baldintzapenek azkenerako «inpaktu probetxugarria» izan dutela sorkuntza lanean. Datorren urteko urtarrilaren 10era bitarte egongo da ikusgai Norusta erakusketa, Donostiako San Telmo museoan.

Museo bikoitza programaren barruan landu du proiektua artistak: egitasmo horrek, museoaren bilduma oinarri hartuta, haren irakurketa berriak sustatzea duen helburu. Proposamenari jarraituz, artista ikerketa lanetan hasi zen, eta, iragan urtarrilean Kaliforniatik (AEB) Euskal Herrira etorri zenean, argi zuen landu nahi zuenaren zati bat bederen. Baina konfinamendua iritsi zen orduan, eta Lekeition geratu behar izan zuen hainbat hilabetez —bertakoa da—. Hala, hastapenetako asmo batzuk baztertu egin behar izan zituen, baina proiektuak, aldi berean, beste norabide bat ez ezik, «beste indar bat» ere hartu zuen, haren ustez.

Bi objektu izan ditu Manerosek ardatz: batetik, museoaren bildumako artelan bat; bestetik, artistaren familiarena zen objektu bat, berak bilduma horretara gehitu duena. Pedro Perez de Castro XIX. mendeko margolariaren litografia bat da artistak funtsetatik hartu duen objektua; eta orkatz baten adarraren muturra da dohaintza bidez funtsetara eraman duena. Erakusketa bi «zutabe kontzeptual» horien azterketaren gainean eraiki du, eta areto zabal batean eta beste txikiago batean banatu du emaitza.

Perez de Castroren litografia da aretoan sartzean ikusten den lehen lana. «Estilo erromantikoko irudi bat da», zehaztu du artistak, Lekeitioko kostaldeko bi kilometro inguruko eremu bat erakusten duena, Otoio mendiaren ipar isurialdeak itsasoarekin bat egiten duena. Antzoritz lurmuturretik begiratzen zaio litografian inguru horri, lehorretik. Eta leku hori bera aztertu du Manerosek, baina itsasotik arakatu du berak, lehorretik aritu beharrean. Sortzaileak azaldu duenez, hara txalupan joateak ez zion aukerarik ematen haitzetara hurbiltzeko; hala, piraguaz joaten hasi zen bertara, konfinamendua bukatu zenean.

Ibilaldi horietan itsasotik inguruari ateratako argazki «desitxuratuak» jarri ditu Manerosek areto nagusiaren hormetatik zintzilik. Mugimendua erakusten dute, artistak irudiak hartu zituen lekuaren eta unearen isla. Eta bi pareta luzeen artean, lurrean ezarritako bi bitrinatan, toki beraren beste hainbat irudi jaso ditu, bestelako materialekin batera. Inguru horretara eginiko irteeren erregistroa dago jasota, esaterako, dokumentuetako batean; maiatz bukaeratik irail hasierara bitarte egindako hogeitik gora ibilaldi ageri dira zerrendatuta, egun bakoitzeko baldintza meteorologikoak nahiz itsasoarenak zein ziren zehaztuta. «Iparrari begira dagoenez, haizeak jotzen duenean ezin zara bertan aritu argazkiak ateratzen. Baziren baldintzapen fisiko eta meteorologiko batzuk hara joan ahal izateko». Halaber, hainbat mapa ageri dira marraztuta bitrinetako argazkien aldamenean, eta, haietan, kostaldeko eremu horretako leku zehatzak izendatzeko bertakoek erabilitako toponimoak daude idatzita; hamar dira, guztira, bi kilometroko eremuan.

Aretoaren amaierara hurbildu ahala, erakusketako bigarren zutabe nagusira iritsiko da bisitaria: orkatz baten adarraren puntara. Edo, zehatzago esanda, objektu hori erakusten duen argazkira. Artistaren familiarena zen objektu hori, baina bere jatorrizko erabileraren arrastoak galduta zeuden. Ikerketa prozesuaren bidez jakin zuen Manerosek arrantzaleek antzina erabiltzen zutela orkatzaren adarraren punta, arrain pozoitsuen ziztadak edo hozkadak neutralizatzeko tresna gisa. Objektua San Telmo museoaren bildumara sartu zuteneko erregistro argazkia da erakusketan ageri dena, hain zuzen, une horri garrantzia emateko asmoz.

Eta objektu horren osagarri, aldamenean dagoen areto txikiago batean, bideo instalazio bat jarri du artistak. Hamar minutuko bideo lana ageri da pantailan, segidan proiektatua. Adarraren zenbait argazkirekin tartekatuta, Lekeition erabili izan diren hainbat hitz edo esapideren irudiak ageri dira, eskuz idatzita. Irudiak eskaneatzeko prozesuan grabatutako hotsak ateratzen dira, bitartean, lurrean dauden bozgorailuetatik.

Artista gonbidatuen katean

San Telmo museoak orain bi urte jarri zuen martxan Museo bikoitza programa, Asier Mendizabal artistaren ekimenez. Urtero, sortzaile bat gonbidatzen da, museoaren ondareaz zein aurkezten dituen kontakizunez gogoeta egin, eta bere proiektua garatzera. Eta, ondotik, artista horrek beste sortzaile bati egiten dio gonbidapen bera, hurrengo prozesuaren koordinatzaile lanak egiteaz gain. Dinamika bakoitzaren emaitzak museoaren bildumaren parte izatera pasatzen dira amaieran.

Ibon Aranberrik hasi zuen katea eta, bere proiektua bukatuta, Maneros gonbidatu zuen programan parte hartzera —pandemiagatik, atzeratu egin behar izan du urtebeteko bere lanaren aurkezpena—. Hark Jose Mari Zabalari luzatu dio lekukoa dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.