Bertsolaritza

'Hamalau heriotzena' sortaren jatorrizko bertsopaperaren kopia aurkitu dute

Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeek egin dute aurkikuntza, Euskaltzaindiaren liburutegian.

Juan Luis Zabala
2014ko abuztuaren 6a
13:50
Entzun

Hamalau heriotzena sorta ezagunaren jatorrizko bertsopaperaren kopia bat aurkitu dute Modesto eta Bertol Arrieta aita-seme zarauztarrek Euskaltzaindiaren liburtegian. 1826an Tolosako "D. Juan Manuel la Lamaren Moldeteguian” inprimatua zen jatorrizkoa, orrietako baten barrenean irakur daitekeenez. “Ezagutzen ditugun garai horretako bertsopaper gehienak (guztiak ez badira), gabon kantak dira, eta horregatik aurkikuntza garrantzitsua dela uste dugu”, adierazi dute ikerlariek.

Nahiz eta bertso sorta oso ezaguna den, bertsopaper horren jatorrizko kopiarik ez da egundo argitaratu, Modesto eta Bertol Arrietaren ustez bederen. “Bertsopaper hori Louis Lucien Bonaparte printzeak jaso eta Londresen zeukan liburutegi pertsonalean gordeta egon zen, bere alargunak Chicagoko Newberry Libraryri saldu arte (1900. urte inguruan)”, azaldu dute. “Gero, 1980. urte inguruan, Euskaltzaindiaren liburutegiak Bonapartek jasotako bertsopaperez osatutako mikrofilm bat erosi zuen, ikertzaile guztien eskuragarri egon zedin. Kontsultak errazteko bertsopaper horien kopiak egin zituen paperean. Guri horien kopia bat iritsi zaigu”.

Beren ikerlanean jarraitzeko, informazio osagarria izan dezakeen orori laguntzeko deia zabaldu dute Arrieta aita-semek. “Batez ere hauek interesatzen zaizkigu: Manuel Lekuonak 1935ean argitaratutako bertso hauen aldaeraren jatorrizko dokumentua, Basarrik Loiola, Arrate eta Segura irratietan 1962an kantatutako bertsoen grabazioa eta bertsopaper hauekin erabilitako doinua (1920. urtea baino lehenagokoa)”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.