Gipuzkoako ondare arkeologikoak eta paleontologikoak gordetzen dituen eraikina 2011n ireki zuten, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa izenpean. Eusko Jaurlaritzak 2014an eman zion ofizialki Gipuzkoako esku hartzeetan eskuratutako material arkeologiko eta paleontologikoetarako gordailu izaera. Ordura arte, Aranzadi zientzia elkartearen esku egon zen halakoak kudeatzea.
2015ean, 500.000 pieza arkeologiko eta 700.000 paleontologiko eraman zituzten Irungo egoitzara, Eusko Jaurlaritzak Intxaurrondon (Donostian) eta Derion (Bizkaia) zituen egoitzetatik. Haiek gordetzeko 7.000 kaxa berrantolatu eta biltegiratu zituzten. Urtez urte materiala jasotzen jarraitu dute, eta hamar urtean 150.000 pieza inguru jaso dituzte.
Gaurko data berezia piezarik garrantzitsuenak erakusteko baliatu dute: aztarna antropologiko zaharrenak, hala nola Ekaingo lauza, Torreko hezurra eta Ausa Gazteluko kaskoa. Urte hauetan aztarnak biltzeaz gain, museoetako eta kultura zentroetako ikertzaileen 1.500 kontsulta egun jaso dituzte, eta hainbat erakusketatarako 50 mailegu eskaerari erantzun diete.
Orain arteko mugarri garrantzitsuenetako bat 2024an garatutako eta ezarritako aplikazioa da: Gordailuark. Informatika Zerbitzuen Foru Elkarteak egindako datu base digital bat da, eta material kutxak identifikatzeko, lokalizatzeko eta kudeatzeko aukera ematen du. Funtsezkoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Eta etorkizunari begira, aurten beste hamabost urterako berritu dute gordailu zentzoaren izendapen ofiziala. Aurrera begirako erronka gisa du Euskal Herri osoan antzeko zentroen arteko lankidetza indartzea eta inbentarioak piezaz pieza normalizatzea.