Imanol Larzabal abeslaria hil zela hamar urte bete ziren atzo. Urteurren horren karietara, hari buruzko dokumentala eman zuten atzo ETB1en, 22:45ean. Abeslariaren ibilbide pertsonala eta profesionala gogoratu zuten haren lagunek eta senideek. Besteak beste, Maritxu Larzabal arrebak eta Paco Ibañez eta Iñaki Eizmendi abeslariek parte hartu dute dokumentalean.
1947ko azaroaren 11n jaio zen, eta 2004ko ekainaren 25ean zendu. 1969an, Michel Etxegaray izenez bere lehen disko txikia grabatu zuen magnetofoi batekin, Antiguako parrokiako sotoan. Diktadura betean, 1971n Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen, eta Ziburun jarri zen bizitzen. Parisera joan zen sarri, eta bertan ezagutu zuen Paco Ibañez, lagun mina izango zuena.
Bere ibilbidean hainbat musika mota jorratu zituen: kantagintza, jazza, rocka, musika tradizionala… Euskara izan zuen hizkuntza nagusia abesteko, baina gaztelania ere erabili zuen. Harenak dira disko hauek, besteak beste:
Herriak ez du barkatuko (1974)
Lau haizetara (1977)
Sentimentuen hauspoz (1979)
Jo ezan (1981)
Erromantzeak (1984)
Orhoituz (1985)
Mea kulparik ez (1986)
Joan-etorrian (1987)
Muga beroetan (1989)
Amodioaren berri (1990)
Viajes de mar y luna (1990)
Barne kanta (1994)
Hori bera da denen ixtoria (1996)
Ausencia (2000)
Versos encendidos (2003)
ETAko militantea izan zen 1976ra arte. 1986an, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes ETAko buruzagi ohiaren hilketa zela-eta Ordizian kantatu zuen, eta, harrezkeroztik, haren kantaldi kopurua murriztu egin zen. Kantariari babesa eta elkartasuna azaltzeko, Beldurraren kontra kontzertua egin zen Belodromoan, Imanolen adiskideen eta Espainiako hainbat kantariren parte hartzearekin. Kontzertuaren antolakuntzak polemika bizia piztu zuen euskal kulturgileen artean. Euskal Herritik Alacantera (Herrialde Katalanak) joan zen bizitzera, eta Orihuelan hil zen.