Hamargarren urteurrena dute 'Poesia eta pentsamendua' saioek

Gaur egingo dute lehenengo jardunaldia, Eduardo Txillida eta poesia uztartuz, Txillida Lekun; hilaren 12an errezital musikatua egingo dute bost andre poeta ardatz izanik

Antolatzaileak Poesia eta pentsamendua jardunaldiak aurkezten, herenegun, Donostian. DONOSTIA KULTURA.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Hamargarren urteurrena dute Poesia eta pentsamendua jardunaldiek, eta bi emanaldi desberdin prestatu dituzte. Gaur izango da lehenengoa, Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoan, 19:00etan; astelehenean izango da bigarrena, hilaren 12an. Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko idazleek antolatzen dituzte jardunaldiok, Donostia Kulturarekin batera. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu zituzten jardunaldiok, herenegun, lau poetek eta Luis Txillidak. Lehenengo aldiz, Gipuzkoako Aldundiak eta Txillida Leku museoak parte hartu dute jardunaldiotan.

Eduardo Txillidaren eta artearen bueltakoa izango da gaurko saioa, eta hiru zati izango ditu. Batetik, Murtziako Unibertsitateko (Espainia) Filosofian katedradun Francisco Jarautak hitzaldia eskainiko du Txillida eta San Juan de la Cruz abiapuntu hartuta. «Aitak, oso gaixo zegoenean, ez zuen gogoratzen seme-alaben izen bat bera ere, baina haren poemak errezitatzen zituen», gogoratu du eskultorearen seme Luis Txillidak. Bestalde, Gorrotxategik, Juaristik, Makusok eta Otxotekok errezitala egingo dute, Txillidaren omenez. Horrez gain, Jon Makusok Prokofiev eta Bachen lan zenbait interpretatuko ditu biolinarekin.

Luis Txillidak nabarmendu duenez, poesia eta musika aitaren pasio handienetako bi ziren, eta oso eskertuta agertu da halako museoan halako emanaldi bat egin ahal izateagatik. Makusok azpimarratu duenez, «artelan bat» sortu dute Txillidaren familiarekin batera: hasieran, poema batzuk errezitatu baino ez zuten egin behar, baina haiekin elkarlanean emanaldi biribilago bat osatu dute.

Hilaren 12koa errezital musikatua izango da, eta bost andre poeta izango dira protagonista: Isabel Cadenas Cañon (Basauri, Bizkaia, 1982), Mireia Calafell (Bartzelona, 1980), Beatriz Txibite (Burlata, Nafarroa, 1991), Tere Irastortza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961) eta Angeles Mora (Kordoba, Espainia, 1952). Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan izango da emanaldia (19:30). Nork bere ama hizkuntzan errezitatuko ditu poemak. Emanaldi hori ere Jon Makusok musikatuko du biolinarekin.

Bost poeta horiez gain, Jerard de Jong kazetari eta idazlea ere gonbidatu dute emanaldira. Bi hilabeteko egonaldia ari da egiten Donostian, Beste Hitzak / Other Words proiektuarekin. Antolatzaileen arabera, narrazio bat ondu nahi du Donostiako egonaldian, bildt ama hizkuntzan —Herbehereetako hizkuntza bat da—.

Orain arte urtero egin izan duten bezala, manifestu bat kaleratuko dute, noiz zehaztu ez duten arren. Poesia eta iraultza izango ditu ardatz, Errusiako Iraultzaren mendeurrena aitzakiatzat hartuta.

Balea Zuria argitaletxea

Gaurko emanaldira joaten direnei liburu bana emango diete, Gorrotxategik aurreratu duenez. Txillida eta haren obra ardatz hartuta jardunaldien lau antolatzaileek egindako hainbat poema bildu dituzte bertan; gehienak argitaragabeak dira. Balea Zuria argitaletxea jarri dute martxan laurek, eta liburu hori du lehenengo alea. Chillidari gorazarre du izena, eta familiak utzitako eskultorearen lamina bat darama azalean.

Euskarazko poesian «gabezia bat» betetzeko sortu dute argitaletxea, Gorrotxategik azaldu duenez: «Azkenaldian argitaratu den [poesia] asko nahiko prosaikoa eta nahiko mamirik gabekoa dela iruditzen zait. Beste poesia estilo bat da; batzuetan, oso ondo funtzionatzen du, baina, beste batzuetan, nik uste dut motz geratzen dela», zehaztu du.

Bestelako poesia bati bide eman nahi diote, haren arabera. «Uste dut badaudela ahots berriak, beharbada, kanon horrekin enkajatzen ez dutenak. Sumatu dugu ahots gazteak badaudela, badutela zer esana, badutela indar berezi bat, eta uste dut [argitaratzeko] aukera gutxi dituztela». Aurrerago aurkeztuko dute argitaletxea, baina, Gorrotxategik aurreratu duenez, idazle hasiberri zein beteranoagoen lanak argitaratu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.