KRITIKA. Artea

Hanami edo «loreak ikusi»

 Jeleton artista bikoteak Bilboko La Taller gunean jarri duen erakusketako pieza baten irudia. LA TALLER
Jeleton artista bikoteak Bilboko La Taller gunean jarri duen erakusketako pieza baten irudia. LA TALLER
2025eko maiatzaren 6a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Loreen historia politikoa: AIHEN-BELAR UDABERRIA'

Artistak: Jeleton. Non: La Taller, Bilbo. Noiz arte: ekainaren 6ra arte.

Hau hainbat kapituluren azkena dela jakinda —oraingoz—, eta gainontzekoak ikusi ez baditu berandu heldu izanaren sentsazioarekin hurbil daiteke bat erakusketara. Baina ez du askorik inporta, atzera eta aurrera egiten dutelako ideiek eta irudiek Jeleton taldearen lanean, eta transferentzia eta maileguz beteta daudelako haien mostrak. Honetan, obra berriak eta iraganeko proiektuen aipu eta leloak daude presente, etorkizuneko iradokizun eta formekin batera. La Tallerreko ohiko bisitarien —bertan antolatzen den bosgarren mostra da hau— edo Jeletonen ibilbide ja luzea ezagutzen dutenen artean, joan-etorri honek sentsazio errepikakorra edo nahasia sor dezake agian, batek daki; baina beste aukera bat eskaintzen digu heldu berri zein despistatuoi bikote honen lanaren emarian barneratzeko. Norabide bakarreko garapen linealaren aurrean, bestelakoak dira Jeletonen denborak: ziklikoak baina aldakorrak, urtaroak bezala.

Funtsean, Loreen historia politikoa proiektua lorearen iruditeriaren inguruko ikerketa ikonologiko bat da, eta lore-sinbolismoa birnegoziatu eta birpolitizatzen du errepertorio grafiko, literario eta musikaletan egindako esku-hartze ezberdinen bidez. Lorearen irudikapenaren harira, honako hau planteatu zuen Jesusi/Jesusa/Jesús Arpal Moya taldekideak Murtziako CENDEAC zentroak egindako elkarrizketa batean: «Zein da erakusketak bideratzen duen begirada? [...] Lorea ikusia izateko dago hor edo loreak ikusten zaitu?». Galdera honi posizio ezberdinetatik heldu izan dio bikoteak bere ibilbidean zehar, baina beti modeloarekin, hots, lorearekin identifikatuz, eta ez pintorearekin. Idazketak zeharkatzen du haien obra, eta, hain zuzen, loreen historia politiko honen lehenengo piezak bereziki testualak dira, aipuz beteak. Pixkanaka, lorearen sinbolismoaren irakurketa alegoriko baterantz lerratuz joan dira hurrengoak, marrazkiaren eta tarotaren eskutik oro har. Azken mostra honetan, ordea, florak beste presentzia mota bat du, orritik askatu eta espazioa hartzen du, aihen-belarraren izaera hedakor eta kontrolaezinaren bat eginez.

Aretoan sartu eta berehala, kolore, gardentasun eta testura ezberdinetako paper eta plastiko zati birziklatuz osatutako pieza handi batek bereganatzen du ikusleon arreta osoa. Huntza bezala hormetatik gora igotzen den honek gogor oratzen die zutabeei, eta aske erortzen da galeriaren habeetatik behera, oihal zimurtua legez. Obra —edo haren bertsio bat— Urak dakar. Tailerretik irtetean (2023) talde-erakusketan aurkeztu zuten lehenago, eta Bulegoa z/b-n burututako marrazketa-tailer batean du jatorria. Txikitan etxeko saloian edo logelan eraikitzen genituen oihal txatalezko gotorleku menderaezinak dakartza gogora, patchwork-aren oihartzun kolektiboak ere bai akaso. Arretaz begiratuz gero, Jeletonen ohiko ikonografia aurkituko dugu bertan —zitoriak, krabelinak, mitxoletak—, keinu botaniko berriekin —sakuraren loreak hegan— eta testu zati zaharrekin batera. Lan honetan elkarrekin josi dituzte «iragana, oraina eta etorkizuna, tinta eta mamuak, papera eta ametsak».

Aspaldiko lan pare bat kokatu dute honen ondoan, taldearen lehenengo aldikoak, hala nola Loreen historia politikoa, o cuando las lilas se volvieron violetas erakusketan (La Taller, 2014) aurkeztu zuten manifestua, edo Floritura-n (La Taller, 2017) planteatutako apaingarriaren eta lorearen arteko harremanaren inguruko hausnarketak. Baina obra testual hauek loreen marrazkiekin inguratu dituzte oraingoan, zoruko zirrikituetatik tipula-papera irten da eta hormetako batean landare multzo baten hezurdura margotu dute: sotilki inguratzen gaitu landarediak.

Erakusketara egin nuen lehenengo bisitan Gelen Jeletonek aipatu zigun aihen-belarra kontrolaezina delako tematzen garela segur aski hau erauzten, eta halakoxea da bikotearen obra, araurik gabekoa, ezinezkoa aurreikusten. Inozoa eta jostalaria lehen begiratuan, baina lotsagabeki zirikatzailea sakonean. Garazi Ansak Loreburu. Lorebegi. Loreen Historia Politikoa (La Taller, 2021) erakusketari egin zion kritikan, honek work in progress kutsua zuela aipatu zuen, eta nik honekin sentsazio antzekoa izan badut Jeletonen lana etengabe eraldatzen ari delako izan daiteke. Beti dakarte jarraian etor litekeenaren iradokizunen bat, hemen gurekin partekatu nahi izan dituzten sakuraren hosto berrien artean adibidez, edo orain arte marrazkia eta papera landu duten moduari buelta ematen dion lore-artxibo igokarian agian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.