KRITIKA. Artea

Handiagoa ez da hobeagoa

'JAKINTZEN BIDEGURUTZEAN'
ARTEA. 'Jakintzen bidegurutzean' erakusketako lan bat, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
2023ko abenduaren 19a
05:10
Entzun

'Jakintzen bidegurutzean'

Non: Tabakaleran, Donostian. Noiz arte: 2024ko otsailaren 4ra arte.

Neguan, euri egunez gain, hego haize berokoak ere izaten dira tarteka, etxetik ateratzeko gogoa pizten duten horietakoak, eguzki gozotan paseatuz. Denbora asko neraman etxe zokotik atera gabe, eta zorionekoa izan nintzen, erakusketa ikustera joateko aukeratutakoa halakoa izan baitzen. Tabakalerara nindoan, teknologia berrien inguruko erakusketa ikustera: Jakintzen bidegurutzean. Eta Kristinaenea parkeko ibilbideetan barrena, a ze nagia!, edertasun eta lasaitasun hura alde batera utzi eta teknologien zaratan eta azkartasunean murgiltzeko. Izan ere, aitortu behar dut: ez naiz teknologia berrien zalea.

Hala ere, tarteka gustatzen zait esfortzu bat egitea, eta esparru horretan murgiltzen diren erakusketei kuku egitea bederen; tarteka, gutxien espero dituzun lekuak eta proiektuak izaten baitira sorpresa handiena ematen dutenak, eta horretarako norberaren konfort eremutik ateratzea ezinbestekoa da.

Nire harridurarako, ordea, han izandako esperientzia espero nuenaren oso bestelakoa izan zen. Tabakalerako erakusgela handian dago instalatuta erakusketa, ezker-eskuin aretoak dituen horretan. Erdiko zonak, beti bezalatsu, harrera espazio gisara funtzionatzen du; erdian halako dispositibo bat dago, lau bideorekin eta testu nagusiarekin. Oso atsegina da; barne espazio bat sortzen du, txikiagoa, intimoagoa, eta, gainera, lasai esertzeko aukera dago. Eserita irakur daiteke testua, eta eserita ikusi bideoetako bakoitza: erakusketan instalatutako proiektuen aurkezpenak dira. Eta, gainera, dispositiboa edo altzariak berak erakusketaren izaera esperimentalarekin ere bat egiten du; pixkanaka, artetik teknologiara eta zientziara eman beharreko pausoan ikusleen bidaide bilakatzen da.

Ezkerretara geratzen den aretoan daude lau proiektuak aurkeztuta, bata bestearen segidan, eta instalazio oso txukun batek bakoitzari beharrezko duen espazioa eskaintzen dio. Proposamen bakoitza artisten eta zientzialarien arteko elkarlanen bidez garatutakoaren emaitza da, eta gizartearen eta teknologiaren arteko harremanen nolakotasunen inguruko hausnarketa interesgarriak aurkezten dituzte, bakoitzak bere lekutik. Amaia Vicenteren instalazioa gorputzen mugimenduen eraikuntza sozialen ingurukoa da, eta gorputzen eta makinen arteko harremanak nola txertatzen diren aztertzen du. Laura MMren proiektua, berriz, adimen artifizialari eta sormenari buruzkoa da, modu ludiko batez, umorea ardatz harturik jorratua. Hirugarrena, Elsa Yranzok proposatutako Sugar Detox Clinic da, zeinetan bisitaria ustezko klinika honetan barneratzen den, gizarte gisa azukrearekiko dugun menpekotasunaren jabe egiteko, eta, oso modu ironiko batez, haren sendagai mirarigilea eskaintzeko. Eta azkena, berriz, Marina Otero Verzierren Compost Computacional da. Instalazio batek eta bideo batek osatzen dute proposamena, eta erakusketako proiekturik sendoena dela esango nuke; bereziki, ikus-entzunezkoa. Naturaren eta teknologiaren, eta analogikoaren eta digitalaren arteko gatazkak azaleratzen ditu, aitzakiatzat Inken garaiko kipu bat hartuta.

Atzera, berriz ere proiektuetako bakoitzetik pasatzerakoan, banan-banan heltzen dira ideiak, hausnarketak; eta oraingoan ez soilik edukiei dagozkienak, bazik eta baita formatuen ingurukoak ere, adibidez, Laura MMren proiektuan haur bat irribarrez gustura eta jolasten ikusterakoan. Ze ezohiko eszena erakusketa areto batean...

Gehiago ikusteko gogoz jo genuen eskuineko espaziora, baina a ze desilusioa. Bertan, aurreko urteko proiektuen inguruko bideo bakarra zegoen, artearen eta teknologiaren inguruko liburuak eta artikuluak biltzen zituen dokumentazio mahai bat, eta, hondoan, Supraspectives bideo-proiekzio ikaragarria, erakusgai zegoen aurreko urteko proiektu bakarra. Tamalez, dokumentazio mahaiko argiztatzeagatik, proiektatutako irudiak apenas ikusten ziren.

Halako sentsazio gazi-gozoarekin irtetea eragin zigun horrek. Lehenengo zatian bildutako ilusio guztiak apaldu ziren. Hain tamalgarria izango al litzateke erakusketa areto hori itxi izana, eta proiektua erdiko harrera espazioak eta ezkerreko aretoak soilik osatzea? Badirudi handitasunak dakarrela beti hobekuntza eta, ondorioz, erakusketak eta proiektuak beti zabaldu daitezkeela; baina baliabideak izanez gero, txikitu, ordea, inoiz ere ez, nahiz eta proiektuaren osotasunaren onerako izan. Bueno, beste hausnarketa bat gehiago zakura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.