«Pozik» daude Bilboko Zinegoak jaialdiko antolatzaileak, «ospe handiko» zenbait jaialditatik igarotako filmak izango baitira aurten lehian gayen, lesbianen eta transexualen inguruko zinema jaialdian, hala nola Berlinalen aurkezturiko Olivier Ducastel eta Jacques Martineauren L'arbre et la foret, Renate Costaren Cuchillo de palo eta Sebastien Lifshitzen Plein Sud eta Cannesen emandako Haim Tabakmanen Eyes Wide Open. Halaber, Bruce LaBruceren L.A. Zombie eta James Kentek BBCrentzat eginiko The Secret Diaries of Miss Anne Lister superprodukzioa ere izango dira sail ofizialean.
Denera, bost kontinenteetako 72 film lehiatuko dira Bilboko festibalean, hilaren 22tik 29ra bitartean. Iaz baino 21 gehiago. «Krisi artistikorik ez dago», esan du Roberto Caston zuzendariak. Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren laguntza ez ezik Bizkaiko Foru Aldundiarena ere jasoko du aurten zinemaldiak. Nolanahi ere, Castonek azaldu du Hegoak elkarte antolatzaileak orain artean jasotako diru laguntzak «nabarmen apaldu» direla aurten, «jaialdia bera kolokan jartzeraino». «Kontuan hartu behar da elkarteko kideen lanari eskerrak ateratzen dela aurrera jaialdia», ohartarazi du.
Guztiarekin ere, 80.000 euro bildu dituzte, eta sail ofizialeko filmez gain, hamahiru film labur esperimental emango dituzte, lehendabiziko aldiz, Abisal aretoan. Izango da toki aldaketa gehiagorik. Izan ere, Capitol zinemak itxiko dituztenez gero, Alondegiko Golemetan emango dituzte sail ofizialeko filmak.
72 pelikuletatik bakar bat izango da euskal sortzaile batena. Serafin Llamasen La cita film laburra, hain zuzen. Beste lan guztiak bezalaxe, antolatzaileek hautaturiko hiru adituk epaituko dute film hori. Anna Boluda, Mikel Rueda eta Laura Coppens zuzendariek osatuko dute epaimahaia.
'Txistuaren showa'
Agustin Almodovarrek eta Esther Garciak jasoko dute ohorezko Zinegoak saria. El Deseo ekoizpen enpresako produktoreak dira biak. «Konturatu ginen produktoreen lana goratzea falta zitzaigula, ez zegoela produktorerik ohorezko Zinegoak saria jaso zutenen zerrendan, eta esan gabe doa produktorearen figura ezinbestekoa dela zinemagintzan», arrazoitu du Castonek.
Pedro Almodovar zuzendari espainiarraren filmez gain, «gay-lesbo-trans zinemako beste hainbat lan interesgarri» ekoitzi dituzte Agustin Almodovarrek eta Esther Garciak: Daniel Calparsororen Pasajes, Felix Sabroso eta Dunia Ayasoren Descongélate, Belen Maciasen El patio de mi cárcel eta Julia Solomonoffen El último verano de La Boyita.
Zinegoak jaialdiaren inaugurazio galan jasoko dute garaikurra, Arriaga antzokian, hilaren 22an. Eta, hain zuzen, Solomonoffen El último verano de La Boyita filma erakutsiko dute ekitaldian. «Aretoetan duela urte bi estreinatu zen, baita Bilbon ere, baina oharkabean pasatu zela iruditzen zaigu, eta merezi duela jartzea eta ikustea», azaldu du Castonek.
Orobat, Francisco Boiraren Las nubes film laburra erakutsiko dute Arriagan. Lola Markaida aktoreak aurkeztuko du gala ekitaldia, Yogurinha Borova eta Nagore Gore La prohibida-ren laguntzarekin.
Borovak gidatuko du, halaber, itxiera gala, hilaren 29an. EITBko Multibox aretoan egingo dute aurrenekoz, eta film irabazleen zerrenda jakinaraztearekin batera hasiko dute festa. Ocean LeRoyk drag king ikuskizuna eskainiko du, musika eta performance-aren artean. Ondoren, Guille Milkyway disko jartzailearen emanaldia izango da.
Festa horren aurretik, egun bat lehenago, hau da, hilaren 28an bestelako zinema emanaldia eta sari banaketa egingo dute. Txistuaren showa deritzon ekitaldia urterik urte «arrakastatsuagoa» dela ikusita, ostera egitea erabaki dute. Jaialdia hasitakoan, hilaren 23an eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek, eta astebete izango dute film labur bat egiteko antolatzaileek emandako objektuarekin. Bilborocken erakutsiko dituzte lan guztiak. Eta ikusleen artean txilibituak banatuko dituzte.
Bideoak isilik eta adi ikusi beharko dituzte, eta aurkezleak esandakoan edukiko dute aukera ordura arte ikusitakoa epaitzeko, txilibitua joz edo besterik gabe isilik geratuz. Hortaz, ikusleak izango dira epaile. Haiek erabakiko dute zein lanek egiten duen aurrera, baita finalera igarotakoen artean zein gailentzen den ere.
Hedapen txikiagoa
Jaialdia amaituta, Euskal Herriko beste herri eta hirietan erakutsiko dituzte filmak, Zinegoak Hedapena zirkuituaren barruan. Hala, aurten Getxon, Leioan, Gernikan, Durangon, Sestaon, Donostian, Errenterian eta Iruñean erakutsiko dituzte filmak, otsailaren 1etik 14ra. Krisi ekonomikoaren ondorioz, zirkuitu horretatik atera dira zenbait herri, Hernani eta Arrasate adibidez.
Handien zirkuituaren barruan
Zinegoak jaialdian iaz baino film gehiago lehiatuko dira hilaren 22tik 30era, Hegoak elkartearen laguntzak txikitu diren arrenAgustin Almodovar eta Esther Garcia produktoreei emango diete ohorezko saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu