Hark idatziz utzitako azken borondateari entzungor eginez, Charles Dickensen estatua inauguratzeko asmoa du Portsmouth hiriko udalak (Ingalaterra) urtebete barru, 2012ko otsailaren 7an, idazlearen jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatuko den egunean. Haren irudiarekin egindako eskultura baten edo grabatu baten ideia bururatu orduko «hotzikara» sentitzen zuela adierazi zuen Dickensek, 1864an idatzitako gutun batean, eta hil baino urtebete lehenago egindako testamentuan argi utzi zuen, berriro ere, ez zuela halakorik nahi: «Nire adiskideei eskatzen diet eragotz dezaten ni izatea edozein monumentu edo oroitze plakaren protagonista».
Portsmouthen jaio zen Dickens, eta, horregatik, hiri hartako alkate Gerald Vernon-Jacksonen iritziz, «Dickens gogoratzeko betebeharraz gain, dirua eta lanpostuak erakartzekoa ere badu udalak». Rochesterko Udalak, berriz, Portsmouthekoaren asmoa gaitzetsi du, Dickensi inon halako omenaldirik egitekotan Rochesterren egin beharko litzaiokeela, han luzaz bizi izan zelako eta han izan zuelako «etxe morala». Nolanahi ere, Rochesterren omenezko estatuarik egitekotan, estatuak ez duela inola ere Dickens irudikatuko adierazi du Rochesterko Udalaren bozeramaileak, «haren liburuetako pertsonaietako bat baino; Oliver Twist, adibidez».
Gabriel Aresti kaleen kasua
Gabriel ArestikDickensena gogorarazten duen eskaria egin zuen Nire izena poeman: «Eta Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati / Nire izenik eman dezaiotela / (Eztut nahi bizargile hordi batek esan dezala: / Ni Arestin bizi naiz, anaiaren / koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua)». Ez zuen, ordea, poematik aparte, borondate horren lekukotasun gehiagorik utzi, eta gaiaren inguruko inolako polemikarik gabe ezarri zaie Gabriel Aresti izena hainbat kale eta ibilbideri, Bilbon, Donostian, Leioan, Portugaleten, Andoainen, Hondarribian…
Haren azken borondatearen aurka, estatua batez omenduko dute Dickens
Idazlea omentzeaz gain, «dirua erakartzeko» betebeharra ere baduela esan du Portsmoutheko alkateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu