Hari mutur askoko korapiloa

Borobil Teatroak gaur estreinatuko du 'Roman eta Julieta' antzezlana, Azpeitian. Adineko baten eta haren zaintzailearen arteko harremanetik abiatuta, hainbat gai planteatzen ditu obrak

Borobil Teatroko kideak Roman eta Julieta antzezlanaren entsegu batean, Urnietako Sarobe antzokian. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Urnieta
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hiru horma, hiru ate, pare bat aulki, moketa bat eta askoz gehiagorik ez. Sinplea da eszenografia. Borobil Teatroak espazio nahiko hutsak erabili izan ditu orain arteko antzezlanetan, eta estilo horri eutsi dio Roman eta Julieta antzezlan berrian ere. «Antzerkia nik horrela ulertzen dut; istorioa kontatzeko ez dut besterik behar», azaldu du Anartz Zuazua zuzendariak. Sinplea da agertokia; ez, ordea, istorioa. Alde batetik, aita dago, 80 urte inguruko adineko burugogor ezindua, alargundu zenetik erabat deprimituta bizi dena eta inondik inora zahar etxe batera joan nahi ez duena. Bestetik, haren zaintzailea, legez kanpoko egoeran dagoen emakume etorkina, zahar etxean aitarentzat leku bat hutsik geratu arte auzoko erretoreak aholkatuta kontratatutakoa. Eta bien artean sortutako amodio harremana suntsitzeko prest, hiru seme-alaba, bakoitza bere frustrazioekin eta iraganetik datozen orbainekin.

Eta maitasun harreman horri tiraka, gai asko: zahartzaroa, zaintza, aurreiritziak, etorkinen lan arloko problematika, diru gosea, autoritatea... «Aktoreetako batek esan zidan negar egin zuela gidoia irakurtzerakoan, lehen aldiz bere bizitzan. Hala ere, definitzerakoan, nik beti pentsatu izan dut hau ez dela tragedia bat». Hain zuzen, «komedia tragiko» moduan deskribatzen du Zuazuak. Haren esanetan, familiaren gaiak joko asko ematen du, gurasoen eta seme-alaben arteko erlazioak oso intentsoak izaten direlako, eta intentsitate horretatik gauza asko sortzen direlako. «Uste dut antzezlanean gauza batzuk oso identifikagarriak direla, eta horrek ikusleak eramango dituela irribarre bat egitera edo akaso algaraka hastera».

Bada beste hitz bat ere Zuazuak asko errepikatzen duena antzezlana definitzeko. «Superprodukzioa». Izan ere, bost aktore arituko dira oholtzan: Jose Ramon Soroiz, Tanya de la Cruz, Ainhoa Aierbe, Asier Sota eta Alazne Etxeberria. Arrazoi ekonomikoak medio, azkenaldian ez dira oso ohikoak hainbeste aktoreko antzezlanak. «Benetan da superprodukzio bat, eta baneukan gogoa jendea ikusteko oholtzan, beti bizpahiru aktorerekin lan egin izan dudalako».

Haurren antzezlanekin hasi zen Borobil Teatroa, orain zazpi urte. Ali baba eta 40 lapurrak, Gu, ez gaude bakarrik eta On Egin izan ziren aurreneko lanak. Helduentzako Jokoz kanpo etorri zen gero, eta konpainiaren bosgarren obra izango da Roman eta Julieta. Ostegunean egin zuten jendaurreko entsegua, Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe antzokian, entseguak egiten aritu diren tokian, eta estreinatu gaur egingo dute, Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian (21:30), Euskal Antzerki Topaketetan.

«Madrilgo banatzaileak zera esan zidan: 'Uste dut egin behar duzuela zerbait handia, esateko Borobil Teatroak, umeen antzerkiaz gain, baduela bestelako gauzak egiteko gaitasuna ere'». Bazuen lagun min bat Zuazuak—Karlos Salaberri argi teknikaria, orain pare bat urte hil zena, eta hari komentatu zion banatzaileak esandakoa. «Esan nion: 'Jo, Karlos, orain zer hasi behar dugu, klasikoak muntatzen? Niri gustatzen zait gaur egungo istorioak kontatzea, kronika moduko zerbait egitea». Eta adibide bat ere bota zion elkarrizketa hartan: «Orain zer hasiko naiz, Romeo eta Julieta egiten?». Baina esanda bezala piztu zitzaion bonbilla. «Shakespeareren ideia hartuta, nerabeen arteko istorio bat izan beharrean, hirugarren adinekoen arteko istorio bat egin dezakegu, eta Montesco eta Capuleto familiak izan beharrean, seme-alabak egotea harreman horren aurka, eta dena aldatzen da». Laguna hil ostean, beste lagun bati komentatu zion ideia, eta proposamen bat idazteko ere eskatu zion. Ez zitzaion gustatu, ordea, Zuazuari.

Gainera, jakin zuen Erresuma Batuan Romeo eta Julieta-ren bertsio bat egundoko arrakasta ari zela izaten. Zahar etxe batean gertatzen zen istorioa, eta hori zen Zuazuaren hasierako asmoa ere. Iñaki Rikarterengana jo zuen segidan. «Jaurlaritzaren diru laguntzen epaimahaian egotea tokatu zitzaidan behin, eta haren istorio bat irakurri nuen. Asko gustatu zitzaidan, eta pentsatu nuen inoiz testu-istorioren bat egin behar banuen, harengana joko nuela». Pertsonaiak zahar etxetik atera, eta adineko baten eta zaintzailearen arteko harremana kontatzen zuen istorio bat idatzi zion hark. Horrekin egin dute aurrera.

Antzezpenari dagokionez, ateek protagonismo berezia hartzen dute. Norbait ate batetik irten ahala, beste norbait sartzen da beste batetik. «Argi neukan istorio honek dinamika arina izan behar zuela, eta nire ideia da irudiek bat egitea, batzuengandik besteengana pasatzea eszena, ilunik gabe, zineman itzaltze kateatua esaten zaionean bezala».

Euskaraz estreinatuko dute Roman eta Julieta, eta gaztelaniazko bertsioa prestatzeko asmoa ere badute. Euskarazkoan ere, gaztelaniaz hitz egiten dute gainerako pertsonaiek Julietarekin, zaintzailearekin. «Badirudi, euskaraz egiten baduzu, ezin dela gaztelera erabili, eta zergatik ez? Kasu honetan oso arrazoituta dago, Kolonbiatik etorritako emakume bat delako zaintzailea, eta euskaraz hitz egiten jartzeak egiazkotasuna kentzen diolako».

Dirua biltzeko kanpaina

Antzezlana finantzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta! kanpainan parte hartu du. Hala, hiritarrek proiektuarentzat jarritako euro bakoitzeko, diputazioaren beste euro bat jasoko du. Laguntza hori eskuratu ahal izateko, gutxieneko kopuru bat biltzea zen baldintza. Eta lortu dute, baina Zuazuak onartu du lan asko sortu diela egitasmoak.

Albiste faltsu batekin hasi zuten dirua biltzeko kanpaina. Egunkari bateko albiste itxura emanez, Donostiako Udalak Antzoki Zaharra moda denda ezagun bati salduko ziola jarri zuten sare sozialetan. «Udaletik deitu zidaten azalpenak eskatzeko, bat-batean jende pila hasi omen zelako deitzen. Esan nien kanpaina baten hasiera zela, baina kezkatzekoa ere bada, zeren eta sinetsi egin dezakegu udal batek antzoki bat sal dezakeela ikusle faltagatik».

ESTREINALDIA

Lekua: Azpeitiko Soreasu antzokian.

Noiz: Gaur, 21:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.