Harreman ausartetan trebatua

Dantza pinturarekin, literaturarekin eta zinemarekin lotu zuen Roland Petit koreografo eta dantzari hil berriak

Juan Luis Zabala
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Musikarekin berezkoa du harremana dantzak, baina musikarekin ez ezik literaturarekin, pinturarekin eta zinemarekin ere harreman estuan jarri zuen Roland Petit koreografoak, ausardiaz eta talentuz beti. XX. mendeko sortzaile ezagunenei lotua ageri da, horrenbestez, haren izena. Pablo Picassoren lankidetza izan zuen, adibidez, 1945ean, Gernika sortzeko; Orson Wellesena The Lady in the Ice ontzeko, 1953an; eta Marcel Prousten À la recherche du temps perdu nobelan oinarritu zuen Les intermittences du coeur koreografia, 1974an. Herenegun hil zen Petit, Genevan (Suitza), 87 urte zituela.

1924an jaio zen, Villemomblen (Frantzia). Parisko Operako balletean hezi zen dantzari gisa, eta antzokiko dantza konpainian sartu zen 1940an. Bost urte geroago,Janinen Charratekin batera, Les Ballet des Champs-Elysees konpainia jarri zuen abian, eta konpainia horretarako sortu zituen koreografietako bat da Le jeun homme et la mort (1946), Jean Cocteauren libreto batean oinarritua eta Petiten lanik gailenetakotzat jotzen dutena.

Les Ballet des Champs-Elysees utzi eta gero Danseuse Etoile sortu zuen, Parisko Marigny antzokiko dantza konpainia, Renee Jeanmaire Zizi emaztearekin batera. Arrakasta handia lortu zuten Londresen, Carmen-ekin. Bien lanik gogoangarrienetakoa izan zen, eta egun ere ez dago ahaztua.

Parisko Opera antzokira itzuli zen 1965ean, Notre-Dame de Paris sortzeko, Maurice Jarrerekin elkarlanean. Ondorengo urteetan Londresko Royal Ballet eta Milango Scala antzokietako koreografiak sortu zituen, maila handiko dantzariek dantza zitzaten, Rudolf Nureyevek, Margot Fonteynek eta Luciana Savignanok, beste batzuen artean.

Pink Floyd Ballet estreinatu zuen 1972an, Marseillan, eta luzaz zuzendu zuen, ondorengo urteetan, Marseillako Ballet Nazionala. Han egin zion harrera Lucia Lakarra zumaiar dantzari gazteari, 1994an. Esker ona eta mirespena erakutsi du Lakarrak Petiti buruz haren heriotzaren berri jakin ondoren egindako adierazpenetan.

Koreografo gisa, bere adierazpidea berritzen ahalegindu zen etengabe, baina efektismo tekniko hutsalei uko eginez. Arrasto sakona utzi dute Petiten lanek haren garaiko nahiz geroko koreografoengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.