'Futbolin' 3Dko animazioko filmak eman dio hasiera Donostiako Zinemaldiari. Juan Jose Campanella Argentinako zuzendariaren lehen animazioko lana gogo onez hartu dute ikusleek. Pelikulak mahai futbolean jokatzea izugarri gustatzen zaion mutil bat, Amadeo, protagonista duen istorioa kontatzen du. Kirol konplexu izugarri baten eraikuntza proiektuak herriaren etorkizuna kinka larrian jartzean, Amadeoren eta mahai futboleko jokalarien esku egongo da herria deuseztuko duen egitasmo hori bertan behera utzi eta herritarren nahia betetzea.
Abentura eta ekintzaz gain, bada emozio, hunkidura eta maitasunarentzako tartea ere. Amadeori Laura gustatzen zaio baina ez da bere sentimenduak neskari adierazten ausartzen. Filmaren proiekzioaren ostean emandako prentsaurrekoan Juan Jose Campanella zuzendariak esan duenez, futboletik haratago, bizitza bera eta aurrera egiteko gaitasuna ditu filmak kontagai, eta futbola horretara iristeko bide bat baino ez da.
Filmaren ekoizleek adierazi dutenez, filmak harrera ezin hobea izan du. Gaztelaniazko bertsioa ez ezik, ingelesezkoa ere martxan da, eta horretaz gain, besteak beste, Koreara, Thailandiara, Turkiara eta Errusiara saldu dela jakinarazi dute.