Bukaera sortzen (III)

Harri bigunak eta bihotz gogorrak

Antzerkia eta poesia izan ditu langai Oier Guillanek (Donostia, 1975), bi eremuak bat bilakatuz askotan. Idatzi eta argitaratutako lanak ditu, besteak beste, Begi bien sujauzia (1998), Gabeziak (2001), Eskuen sustraiak (2009), Hura ez da lekua (2012) eta Mr Señora (2016). Aurten, Zauri bolodia eleberria argitaratu du.

Oier Guillan.
2018ko maiatzaren 10a
07:18
Entzun

ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Oier Guillanen ipuina da hau:

Titulua da argi duen gauza bakarra. Ez daki oso ondo zergatik, baina ideia horretan intuitzen du esan nahi lukeen guztia. Ideiak harilkatzen hasi da ordea, eta orduan oztopoak eta zalantzak. Hitzak trabatzen hasi zaizkio eztarrian, uste zuena baino handiagoa zaio guztiz iragan gabeko orainaren zama. ETAren desagerpena da gaia, hori besterik ez balitz. Zer edo zer idatziko zuela esan zuen. Zer eta zer.

Soberan du hitz joko oro, soberan ditu biziegi kolpatzen duten oroitzapenak. Faltan argudioen heldutasuna eta distantzia. Harridura, ez zuelako tamainako zailtasunik espero. Baina bai. Altxa egin da pantailaren aurretik, so egin du ispilura halakoetan ohi duen legez. Ez du bere aurpegia topatu, jendez lepo dagoen kristala baizik, manifestazio oraindik isil bat bere hitzetan lekua bilatu nahian. Behar bakarra dute ispiluko guztiek: saminaren, existitu izanaren aitortza.

Bueltatu da pantaila aurrera. Nola bildu lerro gutxi batzuetan mina, ezintasuna eta publikoki oraindik esan ezin direnak. Ikuspuntuarekin eman ditu buelta gehienak, eta norberetik hitz egitea izan du helduleku bakar: “Zer ikasi dut nik?”. Haurtzarora joan zaio gogoa, ez du karaktere nahikorik oroitzapen samalda laburbiltzeko, baina esaldi batek kolpatu dio gogoa: bihurrikerietan ibili ostean gurasoek “harriek ez dute begirik” errepikatzen ziotenekoa. Kontuz ibiltzeko, harriek ez dutela begirik. Ezta bihotzek ere. Sarritan izan du irudi hori buruan gaiarekin bueltaka: harrien eta bihotzen arteko antz fisikoa.

Gaztaroa etorri zaio ondoren akordura: bihotzak jaurti zituzten handiegiak ziren torturatzaile, epaile eta ibilgailu blindatuen kontra, eztanda egin zuten bihotzek ozen. Pertsonen eta ideien kontra jaurtitzean ordea, bihotzak harri bilakatu ziren. “Zer ikasi dut nik?”. Eta helduaroa datorkio azkenik burura, une hori zeinean besoa altxatzean jada ez zekien bihotz baten edo harri baten antza zuen ukabil borobilduak. Batzuek zein besteek hatz erakusleaz tiro egingo ziotenaren beldurraren garaia.

Eta hala ere, garaiak osatu du bere biografia, eta ez ETAk soilik, ez gatazka deiturikoak soilik, ez shock egoeran egonik isildutakoek soilik, ez preso eta iheslarien egoerak sortzen dion ezinegonak soilik. Garaiak egin du pertsona, hala onartzen ez duenean ere: ondo gogoan du erradikaltasuna eta intolerantziaren artean ezberdintzen hasi zen unea, beharraren beharrez. Erradikaltasuna galdu nahi ez lukeen balio humanoaren gisa, arazoen azalean geratzea sortzen dion kezka sakona, arazoen sustraietara jotzeko nahia edo beharra. Eta nork definitzen du zer den “arazo” bat? Hori bai gatazka historikoa: hitzen ezintasuna, absurdoa. Ez lioke erradikala izateari utzi nahi, sekula ez; zertarako borrokatu, zertarako adierazi elkartasuna, ez bada ezer benetan aldatuko? Aspaldi behar zuen bukatua aldi honek, bat dator. Gertatutako askok ez zuten gertatu behar, eta hala ere, aurrera egingo badu ez die ikasitakoei uko egin nahi. Etorri zaizkio gogora azkenaldiko Kataluniak, etorri zaizkio gogora heteropatriarkatuaren kontrako eztandak: aske izango zara baldin eta askatasunaren definizioa zalantzan jartzen ez baduzu, demokrazian biziko zara baldin eta demokraziaren definizioa zalantzan jartzen ez baduzu, berdintasunean biziko zara baldin eta berdintasunaren definizioa zalantzan jartzen ez baduzu, bakean biziko zara baldin eta bakearen definizioa zalantzan jartzen ez baduzu. Eta horrela beti. Bere garaiari irakaspen hori zor dio behintzat: jokoan aritzeko eskubidea ez ezik, jokoaren arauak ezbaian jartzekoa.

Baina intolerantziaren tamaina ere ikasi du. Norengan, eta bere buruarengan. Onen eta gaiztoen arteko lubakia edo zauria. Ideien eremuan inork ez duelako ezabatua izan nahi, inori ezin zaiolako eskatu bere burua ezabatu dezan. Eta ideietatik ekintzetara dagoen aldea mundu bat da. Egon behar da modu bat arerio politikoaren harrian ere arrakalak sortzeko, norberak bihotzaz beste egin gabe. Batzuen zein besteen harrien arrakaletan egin du topo azken urteetan, hain zuzen ere, berak ez bezala pentsatzen duen jende askorekin. Hori du itxaropena, nahiz eta jakin oraindik askok ez diotela berehala utziko ideietatik elektrodoetara doan aldean trabaturik egoteari. Kontrakoa esango dioten arren, onen eta gaiztoen arteko lubakiak garaileak eta garaituak behar ditu. Tematuko zaizkio hitzak leku baten bila, badu bizitza zati bat ikasteko oraindik.

Harriaren aurrean paratu da. Poema saldo bat datorkio hitz horretatik zintzilik, baina beste era bateko harria da begien aurrean dakusana: hartu du desfribiladorea eta palak jarri dizkio alboetan, kolore gorria bueltatu dakion. Azken esaldia idazteari ekin dio ondoren: garaile eta garaituen arteko lubakira jaurti du bihotza, eztanda egin dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.