Harriaren ordez, hariaren alde

Aritz Gorrotxategik klasikoetara jo du 'Hariaz beste' poesia liburuan, egungo kezkei buruz gogoeta egiteko

Aritz Gorrotxategik Donostian aurkeztu zuen hirugarren poesia liburua, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Egia da, / mundua hari / batetik zintzilik dago; / arreta non jartzen den / da kontua; / goian ala behean, / eskuan ala / hariaren muturrean». Hala dio Aritz Gorrotxategiren Harriaz beste (Erein) lan berriko lehen poemak. Egungo kezkei erantzunak bilatzean, klasikoen hariari heldu dio idazleak, eta harekin josi du bere diskurtso poetikoa obra berrian. Anjel Lertxundi idazleak lagunduta aurkeztu du Gorrotxategik (Donostia, 1975) hirugarren poesia liburua.

Aresti baino lehenagotik ere harriak euskal poetikan «sekulako pisua» duela eta izan duela gogorarazi du Lertxundik. Harriek etxeak eraikitzeko balio dutela azaldu du, baina «aitaren etxeak, argia sar dadin, zuloak ere» behar dituela, eta, aldi berean, kanpoko begiradetatik babesteko, leihoetan harizko gortinak ere bai. Bi gai guztiz ezberdin egiteko berean nola uztartzen diren erakusteko baliatu du adibidea. «Harria Gabriel Arestik, haria Aritz Gorrotxategik, eta kontraesanean daudela baldin badirudi ere, osagarri dira Gorrotxategiren diskurtso poetikoan». Arintasunaren ideiaz Italo Calvinok edo Milan Kunderak eginiko gogoetak aipatuz, Gorrotxategik ere bide horretatik jo duela iritzi dio. «Harriaren eta hariaren artean, hariaren aldeko apustua egin du, eta apustu horretan, arintasunaren alde egin du».

Sentipenak eta adimena

Zaldi hustuak (Erein,2007) aurreko poesia liburuan landutako gogoetari jarraipena eman dio Gorrotxategik Hariaz beste-n, egileak berak azaldu duenez. Beste bide batetik jorratu du, ordea. «Aurreko lana sentimenduen aldetik oparoagoa zen, eta oraingoa, beharbada, gehiago ekarri dut gogoetara». Lertxundiren ustez ere, «hausnarrak dira, baina hausnar poetikoak», poesia bihotzarekin, zentzumenekin eta adimenarekin idatz baitaiteke, haren hitzetan.

Andrei Tarkovskik Denbora zizelkatu liburuan egindako gogoeta hartu du abiapuntutzat Gorrotxategik; unibertsoan gizakia ez dagoela bakarrik dio zinemagile errusiarrak, hari askok iraganarekin eta etorkizunarekin lotzen dutela. Lotura horietatik abiatu da Gorrotxategi, eta klasikoetara jo du, filosofia estoikora eta epikureora besteak beste. «Artea, agian, ez da sortzailearen banitatea aseko duen bitartekari bat, baizik eta beharbada elkarrizketa bat da, gure, gure aurretik zeudenen eta izango direnen arteko hari bat».

Horregatik, berritasuna bilatzeko joera nagusi den garaiotan, Angel Errok behin adierazitakoa ekarri du gogora: «Dena esanda dago, baina agian ez nik». Esaldiari bere aldaera eman dio Gorrotxategik: «Dena esanda dago, baina agian ez dago entzunda». Klasikoetara, beraz, erreferentzia bat direlako ez ezik, «egiten dituzten galderak eta kezkak gaurkoak ere badirelako» jo du Gorrotxategik. Horixe da liburuari Lertxundik atzemandako «dohainik azpimarragarrienetako bat, klasiko horiek hona hain natural ekarri izana, eta klasikoak izanagatik hain moderno erakustea». Izan ere, gaurko munduari erantzunak ematen dizkiotelako dira klasikoak, bestela ez ligukete balioko, Lertxundiren esanetan. Gizaldietan kezka berak izan direla ere frogatzen dute, Gorrotxategiren ustez; heriotzaren beldurra, kasu.

Poesia irakurleari aholku bat ere eman dio: ez dezala liburua hartu kontzertu bat entzuteko asmoarekin, baizik eta partitura bat interpretatzeko musikariaren intentzioarekin. «Irakurleak osatu beharko duen partitura bat da; irakurleak bihurtuko du poema bilduma hau benetan poesia, testuaren eta irakurlearen arteko hari hori martxan jartzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.