Bai Zinemaldiak, bai hiriak, zuzendari berriak estreinatu dituzte berriki. Egia esan, ez dakit nola moldatzen diren elkarrekin, baina niri, aldaketa hauek kitzikagarriak suertatzen zaizkit. Aldaketarik ezak, kultura eta politika alorretan, urak baretu eta korrontea behar zuen tokian putzua sortzen du. Madrilen, besteak beste, atzo beste pantano bat inauguratu zuten. Bikote harremanetan ere gertatzen da aldaketa desioa (baina utz dezagun horretan, hori beste errota bateko ura nahastea da eta). Orokorrean, berrikuntzek beldur eta urduritasun puntua dakarte, baina beharrezkoak dira erosotasunaren monotonian ez erortzeko. Ongietorriak izan daitezela beraz aldaketak. Eta asmatu beharrean frakasatu egiten dela? Beno, zinema istoriorik ederrenak frakasoan daude oinarrituta...
Udalak jaialdi herrikoia eta euskalduna egiteko eskaria egin zien Zinemaldiko arduradunei. Euskararena beste egun baterako utziko dut, baina argi esan beharra dago munduan oso jaialdi gutxi dela Donostiakoa bezain herrikoia. Ehun mila sarreratik gora saltzen da Zinemaldian. Cannes eta Venezian ez zaituzte aretoetara hurbiltzen ere uzten kreditaziorik gabe, eta akaso, handien artean, Berlingoa da Donostiakoak duen izpiritu herrikoira hurbiltzen den bakarra. Izaera popular hori da batez ere munduan barna gure Zinemaldia besteetatik nabarmentzen duena. Astebete pasatxoan, eta traba berezirik gabe, milaka hiritar gerturatuko da zinema aretoetara. Zinemaldiak aurten berritu eta hobetu duen webguneari esker gainera, asko erraztu da sarrerak eskuratzeko aukera.
Susmoa dut aurtengoa Zinemaldi ederra izango dela. Pelikula aukera plurala dago zinemazale ororentzat. Modu baikorrean harrapatu nau aurten. Esperantzaz beteta. Julie Andrews The Sound of Music mitikoan bezala sentitzen naiz, belardian behera hankutsik lasterka eta kantuan. Has gaitezen hasieratik... Do... Re... Mi...
Donostiako 59. Zinemaldia. Plano subjektiboa
Has gaitezen hasieratik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu