'KONPROMETITU ZAITEZTE'
Egilea: Stephane Hessel.
Itzultzailea: Josu Zabaleta.
Argitaletxea: Alberdania.
Stephane Hesselek Haserretu zaitezte! argitaratu zuen iaz, matxinada baketsurako deia egiten zuen liburu laburra, eta kopia mordoa saldu du itzuli duten hizkuntzetan. Euskarazko itzulpena Denonartean argitaletxeak plazaratu zuen, eta hiru argitaraldi behintzat izan ditu. Apirilean egindako kritikan nioen bezala, liburu hark ez du ezer berririk eskaintzen ez eduki aldetik eta ez forma aldetik ere, eta ekintzarako deia bera da haren alderik interesgarriena. Hain zuzen ere, haserretzeko eskatzen dio jendarteari liburuak, erresistentziaren sasoian Frantzia askerako adostu zen programan jasotzen ziren eskubideak defendatzeko: erretreta, Gizarte Segurantza, energia iturrien eta banketxe handien nazionalizazioa, aberastasunen banaketa, prentsa askatasuna, etab.
Gauzak nahikotxo aldatu dira ordutik. Ez dut uste pertsona askok aurreikusiko zuenik Espainian M-15 mugimendua sortuko zenik. Ia aldi berean, ugarituz joan dira gaur egungo egoera sozial eta politikoaren aurrean haserrea erakusteko deia egiten duten liburuak —Garzon epaileak ere idazten du liburuotako batean—, baita M-15ari buruzkoak ere. Liburu guztiz koiunturalak dira gehienak eta, itxuraz behintzat, pentsamendua sortzera baino gehiago, liburu jakin batzuk saltzeko une aproposa baliatzera bideratutakoak. Hesselen Konprometitu zaitezte! irakurtzerakoan sentipen hori bera izan dut: produktu komertzial bat irakurtzen ari nintzena, aurrekoaren arrakasta berritu nahi duena, eta ez pentsamenduaren arloan ekarpenen bat egin nahi duen liburua. Hasteko, izenburuak berak Haserretu zaitezte! liburuarekin lotzen du oraingoa, baina testua irakurri ostean, ez zait iruditzen izenburua justifikatzeko modukoa denik, ez baita, zuzenean behintzat, konpromisoa hartzeari buruzko liburu bat, gai hori ere aipatzen den arren. Konprometitu zaitezte! honek Gilles Vanderpooten aktibista sozialak eta Hesselek 2009ko irailaren eta 2011ko urtarrilaren artean izandako elkarrizketak biltzen ditu. Gaur egungo erresistentziez, krisiaz, injustiziez eta, bereziki, ekologiaz hitz egiten du Hesselek, baita alternatibez ere, eta ikuspegi kritiko batetik hitz egiten duela saltzen digu liburuak berak. Hala ere, aurreko liburuan gertatzen zen bezala, hainbat aldiz irakurri eta entzundakoak botatzen ditu elkarrizketan, ekarpen handirik egin gabe; nik, behintzat, ideia sinple askoren metaketa irakurtzen ari nintzela sentitu dut. Gainera, ikuspegi kritikoa ere ez zait iruditzen halakoa denik: ezker moderatuko (are eskuin moderatuko) pertsona gehienek arazorik gabe bere egin ditzaketen ideiak azaltzen ditu, eta egiten dituen kritikak erdibidean geratzen dira —azpimarratu egiten du sistema aldatzearen kontra dagoela—. Esaten denaren interesa alde batera utzita, liburuaren planteamenduak berak huts egiten duela esango nuke: elkarrizketen planifikazioak edo elkarrizketetatik atera den informazioaren aukeraketak; izan ere, eskaintzen zaigun moduan, ez du koherentzia gehiegirik liburuak, izenburuak adierazten duena izan behar bazuen behintzat.
Ulertzen dut nobela errazek nobela konplikatuek baino gehiago saltzea, baina kostatu egiten zait Hesselen liburuek izan duten arrakasta ulertzea, etxe gehienetan Interneterako konexioa dugun herrialdeetan. Saltzeko arrazoia gauzak erraz esatea bada, gauzak erraz esaten dituzten nahi adina testu daude Interneten. Dena dela, ez dut uste sakontasunik gabeko testuak behar ditugunik orain; Europak bizi duen egoera ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, gertatzen dena hobeto ulertzen lagunduko diguten testuak behar ditugu, sinplifikazioetan erori gabe.
Literatura
Haserrearen merkatuaren ale sinpleegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu