Inolako promozio kanpainarik gabe, marka guztiak hausten ari da Stephane Hessel Erresistentziako burkide ohia, haserrerakoeta «matxinada baketsurako» deia egiten duen testu batekin. Iazko urriaren 20an kaleratu zenetik gaur arte, lau hilabetetan, Hesselen Indignez-vous ! 32 orrialdeko liburuxkaren milioi bat ale inguru saldu ditu Montpellierko Indigene argitaletxeak Frantzian, hiruna euroan, eta beste hizkuntza askotan argitaratu da dagoeneko: gaztelania, katalana, galiziera, italiera, alemana… Euskara ez da atzean geratu; Cenlit argitaletxearen Denonartean zigiluak argitaratua, bost euroan salgai da Haserretu zaitezte!, Inma Erreak egindako itzulpena.
Erresistentziaren Kontseilu Nazionalak osatutako programaren 70. urteurrena gogoratuz, XXI. mendearen hasiera ere erresistentziarako garaia dela dio Hesselek liburuan. «Erresistentziaren funtsezko arrazoia haserrea da», dakar gogora. Gaur egun haserretzeko dauden arrazoiak argitzen eta formulatzen zailagoak izan daitezkeela aitorturik ere, «bilatu, aurkituko duzue-eta» esaten die irakurleei, eta bilaketa errazten die, hainbat bidegabekeria aipatuz: pobreen eta aberatsen arteko leize gero eta handiagoa; Lurraren egoera; paperik gabekoei, etorkinei eta errumaniar ijitoei ematen zaien tratua; Erresistentziaren lorpenak —erretretak, Gizarte Segurantza eta gisakoak— merke saldu izana… 1948az geroztik, «urrats garrantzitsuak» egin dira, Hesselen iritziz: deskolonizazioa, apartheid-aren bukaera, inperio sobietarraren suntsipena eta Berlingo Harresiaren eraispena, adibidez. «Aitzitik, XXI. mendearen lehen hamar urteetan atzera egin dugu», dio gero; eta «diruaren boterea» inoiz ez dela «hain handia, hain lotsagabea eta hain berekoia» izan, «non eta Estatuaren maila gorenetan ere».
«Guk, Frantzia librearen alde borrokatu ziren indarretako eta erresistentzia mugimenduetako beteranook, belaunaldi gazteei egiten diegu deia, Erresistentziaren herentzia eta helburuak biziberritu eta heda ditzaten», egiten du aldarri Hesselek. «Hau esaten diegu: hartu lekukoa, haserretu zaitezte! Gizartearen arduradun politikoek, ekonomikoek eta intelektualek (...) ez diote utzi behar egun bakea eta demokrazia mehatxatzen dituen finantza-merkatuen nazioarteko diktadurarieraso egin diezaien». Liburuaren amaieran, «benetako matxinada baketsu baterako» deia egiten du, «masa-komunikabideen kontra, gure gazteei, etorkizunerako aukera gisara, masa-kontsumoa, ahulenekiko eta kulturarekiko mespretxua, amnesia orokorra eta bururainoko norgehiagoka besterik ez baitiete proposatzen».
Aurki, bigarren argitaraldia
Irratia entzunez jakin zuen Enrike Hualde Denonartean zigiluaren arduradunak Hesselen liburuaren berri, urtarrilaren hasieran. «Irakurri nuenean oso interesgarria iruditu zitzaidan, Indigene argitaletxeko kideekin harremanetan jarrieta arazorik gabe erosi genituen eskubideak, ohiko tramite eta negoziazioen ondoren», ekarri du gogora. Mila aleko tirada egin du argitaletxeak, eta motz geratu direlakoan daude. «700 ale banatu ditugu liburu dendetan. Oraindik ez dira saldu, jakina, baina liburu dendek interes handia erakutsi dute, eta uste dut laster bigarren argitaraldia egin beharko dugula».
Liburua euskaratzean, jatorrizko testuari «fidela izaten» eta aldi berean «ahalik eta ulergarrien egiten» saiatu da Inma Errea itzultzailea, eta ahalegin horretan arreta berezia eskatu diote Hesselek liburuan txertatu dituen Jean Paul Sartreren testuetako aipuek.
Liburuak Euskal Herrian harrera ona izan dezakeela uste du Erreak. Euskal Herria aipatzen ez bada ere, liburuak zabaltzen duen mezua «bete-betean» lotzen da «Euskal Herrian gaur egun dugun egoerarekin», Errearen ustez. «Matxinadarako bide baketsua proposatzen du, ez bakarrik etikaren aldetik, baizik eta baita eraginkortasunaren aldetik ere».
'Haserretu zaitezte!', matxinadarako dei bat salmenta markak hausten
Milioi bat ale salduta, mundura zabaltzen ari da Stephane Hesselen 'Indignez-vous !', eta euskarara ere itzuli dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu