Zalantzarik gabe, Pedro San Martinen heriotza —2011n hil zen auto istripu batean— gehiegizkoa izan zen La Buena Vida taldearen iraupenarentzat. Aurretik Irantzu Valencia abeslariak utzi izanak ere ez zuen lagundu, baina San Martin Donostiako taldearen arima zen, eta hura gabe proiektuak ez zuen zentzu handirik, are gehiago kontuan izanda taldekideren bat edo beste Ama taldean ere bazebilela ordurako.
Zarata handirik egin gabe itzali zen La Buena Vida, eta talde haren errautsetatik joan da sortuz azken bizpahiru urteetan Amateur. Mikel Agirre, Cheli Lanzagorta eta Iñaki de Lucas taldekideek eratu dute hirukotea, eta hilabete gutxiren tartean bi EP —El golpe eta Será verdad— eta LP bat —Debut!— argitaratu dituzte. 2014ko otsailean hasi ziren kantuak grabatzen, eta, estudioan bi urte eta erdi igaro ondoren, kantu mordoxka bat zuten, gehiegi disko bakarrean biltzeko. «Hemezortzi kantu genituen, eta guztien alde egingo genukeen guk. Formatuak ezberdinak dira, baina guretzat disko bikoitz bat ateratzea bezalakoa izan da», zioen Arregik, orain dela gutxi, Mondosonoro aldizkariari emandako elkarrizketan.
Disko osoa San Martini eskaini diote, baina bada kantu bat La Buena Vidako baxu jotzaileari erreferentzia zuzena egiten diona: San Martin Blues, Steve Earleren kantu bat (Fort Worth Blues) egokitzen duena beste hitz batekin. «Diskoak asko hitz egiten du Pedroz, baina baita La Buena Vidak gugan izan zuen eraginaz ere. Hogei urte eder izan ziren».
La Buena Vidaren aztarnak aurkitzen dira, nola ez, Amateurren musikan —Agirre, konpositoreetako bat izateaz gain, abesteaz ere arduratzen zen Valenciarekin—, baina badira diskoan Donosti Soundeko talde ikur hartara eramaten duten beste hari batzuk ere. Nabarmenena, Valenciak Lo que nunca tuvo que pasar kantua abestu izana. Baina ez da diskoan izan duten kolaboratzaile bakarra. Joserra Senperenak organoa jo du, eta orkestra konponketa dotoreak egin ditu, eta Diego Vasallok, Amaia Intxaustik, Fernando Neirak eta Jaime Stinusek ere parte hartu dute, besteak beste. Horietako asko lagun dituztela aurkeztuko dute Agirrek, Lanzagortak eta De Lucasek bere proiektu berria, ostegunean, Donostian. Etxean.
KONTZERTUA
Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Eguna: Ostegunean, 20:00etan.
Hasi berriak ez diren amateurrak
Mikel Agirre, Cheli Lanzagorta eta Iñaki de Lucas Amateur proiektu berriarekin itzuli dira. Ostegunean aurkeztuko dute, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu