Hasi da EHZ Irisarrin

Askotariko egitaraua izanen da igandera arte. Laguntzaile andana aritu dira azken momentura arte dena prestatzen. Irisarriko azkena izanen da aurtengoa

PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Irisarri
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Animalia naiz eta...». Hari instrumentuez lagundurik, kantuan hasi dira Habia taldeko kideak, hiru ahotsetara. Oraindik goiz bada ere, jende andana elkartu da Irisarriko plazan (Nafarroa Beherea). Batzuk jarririk, besteak zutik, lehen garagardoa eskuan, adi ari dira entzuten aurtengo programazioari hasiera eman dion musika taldea. «Has dadila EHZ!», egin du aldarri Maia Iribarne arrabita joleak. «Plazer bat da festibal bikain hau irekitzeko ohorea izatea». Txalo zaparrada batekin hartu dituzte.

Aurten ere egitarau zabala prestatu dute EHZko antolatzaileek. Igandera arte, kontzertu, antzerki, hitzaldi eta bestelako animazio andana izanen dira zenbait gunetan. Irisarrin eginen den azken festibala da, baina ez da EHZren bukaera. Beste herri batera mugituko dira heldu den urtean. Iraileko biltzar nagusian erabakiko dute nora joan, aukeren artean.

Plazara iritsi ahala, ttanttoak erosi, tragoa eskatu, eta lagunekin elkartzen hasi dira batzuk eta besteak, giro goxoan. Elkarrizketa sakonetan batzuk, azken berriak kontatzen besteak. Badira zerura begira ari direnak ere. «Atxikiko du, ez?». Festibalaren amesgaizto izan da eguraldia anitzetan. Azken egunetan ekaitz batzuk izan badira ere, egunean zehar egin duen euria izan behar luke azkena. «Hartuko dugu garagardo bat?», proposatu dio batek lagunari. «Bat hasteko, bai».

Egitaraua aitzina joan ahala, bizkarreko zakuak gainean dituztela talde txikika hurbiltzen ari da jendea, kanpalekura buruz. Oihal etxola ezartzen lehenetarikoa izan da Esteban. Aldaparen behealdean, inguruan diren zuhaitz gutxien azpian, goizetik hartu du lekua. «Azken urteetan beti arazoa izan dugu eguzkiarekin», esplikatu du. Urruñako (Lapurdi) mutilak laugarren aldia du festibalean, eta esperientzia hartzen ari da. «Lau oihal etxola izanen ditugu, horietako bat gure aferak gordetzeko. Lehen aldia da hain ongi prestatzen dugula». Zakuan ekarri dutena zerrendatu du: ura, madalenak «goizaldean, 03:00etan jateko», pastak «badaezpada txilia ez badugu maite», eta xingarra eta arrautzak gosaltzeko. Mahaia eta aulkiak ere badituzte: «Aitzineko urteetan, ohartu gara egun osoa zutik edo lurrean etzanda pasatu ondoren esertzeko leku on bat eskertzen zela. Zahartzen ari gara», erran du irribarrez. 21 urteko gazteak gauero besta egiteko gogoa du. Baditu bihozkadak: Willis Drummond, Liher, Belako, baina talde berriak deskubritu nahiko lituzke ere.

Zarauztik (Gipuzkoa) etorritako neska talde bat ere lekua hartzen ari da urrunago. Hirugarren aldia dute festibalean. Pandemia urtean etorri ziren lehen aldiz, «kristorena izan zen», eta ordutik ez dute huts egin nahi. «Data eta lekua erreserbatuak ditugu», azpimarratu du batek. «Gainera, hemen ezagutu genuen elkar. Kuadrilla hemen sortu zen. Urteurren bat bilakatu da», kontatu du beste batek irribarrez. Urtez urte gero eta gehiago dira taldera batzen direnak. Festibalari etorri, eta txanda egiten bukatu dute. Iganderako jende bila ari ziren antolatzaileak, eta ostatuan lagunduko dute azkenean.

Dena prest egon dadin

Laguntzailerik gabe ezinezkoa da EHZ antolatzea. Goizean goizetik buru-belarri ari ziren atzo, azken orduko prestaketekin batzuk, egokitu zaien ardura betetzen besteak. Bizkarreko horiak soinean zituztela, zirkulazioa antolatzen ari ziren Amaia eta Maitane, Irisarri sarreran aparkaleku gisa prestatu duten pentzean. Iristen ziren autoei harrera egin, eta behar bezala aparkatzen laguntzea zen haien lana. «16:00ak arte gara hemen; gero hasiko da okerrena». 17 urterekin, lehen aldia da laguntzaile direla EHZ festibalean. «Lagunek egiten zuten, eta enbeia eman digute». Giroa aipatu dute, «esperientzia ona da, elkar ezagutzeko parada». Janari postuan arituko dira gaur, eta «komunetan» bihar; hau da, brigada berdean. «Txanda zailena» haien ustez; «ikusiko, beharbada maitatuko dugu».

Eddy arduratu da azken urteetan brigada berdea aitzina eramateaz. Zakar poltsa eskuan, kanpalekura sartzen ziren festibalariei ematen ari zen atzo arratsaldean. «Biziki garrantzitsua da lekua garbi uztea». Hondakinen bereizketa, komun idorren kudeaketa... Ezinbesteko lana egiten dute. Baina azken urteetan zailtasunak izaten dituzte taldea osatzeko. «Ez dira anitz lan hau egin nahi dutenak». Alta, edonork egin lezakeela dio: «Ikusi ditut 14 urteko gaztetxoak sekulako irribarrearekin txanda hauek egiten».

Manitou baten gainean, plazako eszenatokia apaintzen ari ziren hiru laguntzaile. Loreak eta ispiluak ezarriak zituzten alde bakoitzean, oihalezko sare zuri bat teilatu modura, EHZren pankarta gibelaldean. «Biziki inportantea da festibala ederra izatea», esplikatu zuen Marilou Lapeyrade apainketa taldeko arduradunak, «giro goxoa transmititzeko, festa giroa, alaitasuna». Bost bat pertsonako taldea izaten dute: ideiak partekatu, materiala erosi, eta laguntzaileekin batera aritzen dira muntaketa garaian. «Guneetara sartzeko pasabideetan kolorezko teilatuak egin ditugu aurten, eta zuhaitzei gona batzuk xingolekin». Irudimena ere ez zaie falta: «Pentzeko xapitoan ez da ezer lotzen ahal; helioz betetako puxikak ezarriko dituzte xingolak lotuta.

Laguntzaileen txokoan sukaldean aritzen direnak izan ohi dira EHZko beteranoak. Iaztik, orain arte formula irauli eta tokiko produktuak lehenesteari ekin diote. «Urteetan plastikozko platerak eta mahai tresnak erabiltzen genituen; sekulako gastua zen. Araberan, erosketak handizkako supermerkatuetan egiten genituen», esplikatu du Arantxak. Kristalezko baxerekin ordeztu, eta elikagaietara bideratu dute aurreztutakoa. Inguruko ekoizleei hartzen diete orain dena, kafea izan ezik. Kafe zapatista edaten dute laguntzaileek. Hori ere bada festibala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.