Zubi lanak egingo du obra horrek Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren arabera, harekin ireki baitzuten lehenengo edizioa orain 75 urte, eta aurtengo itxiera ekitaldian ere interpretatuko berdina baitute. Abuztuaren 1etik 31ra arte izango da.
Urtemugaren aitzakian, artxiboan arakatu dutela adierazi du Alfayak goizean Kursaalean egin duten aurkezpenean. Hamabostaldiaren hasierako urteetako hainbat gauza berreskuratu dituztela azaldu du. "Barroko estiloko obrak eta ballet emananaldi asko egiten ziren lehenengo urteetan, guk horiek berriz taularatuko ditugu". Gaineratu du, urteak zeramatzatela horiek programatu gabe: "Saiakera berezia egin dugu itzultzeko".
Irekiera ekitaldia abuztuaren 1ean izango da. Egunean zehar Donostiako auzoetan egingo dituzte ekitaldiak, eta gauean, Kursaaleko terrazako ekitaldiarekin amaituko da, Xarxa Teatre konpainiak prestatutako ekitaldiarekin. "Ikuskizun ikusgarria izango da, musikarekin batera, su artifizialak ere izango direlako", zehaztu du Alfayak.
Azken urteetako edizioekin alderatuta programazioa zabaldu egin dutela nabarmendu du Hamabostaldiko zuzendariak. Guztira, 76 kontzertu izango dira. Kontzertu nagusiak Kursaaleko auditorioan eta Viktoria Eugenia Antzokian egingo dira. Hamabostaldi ibiltaria —Donibane Garazin izango da emanaldi bat—, Organo Zikloa eta Antzinako Musika Zikloa mantendu egingo dituzte.
Orkestrei dagokionez, Budapest, Tolosa eta Rotterdameko orkestrak izango dira etorriko direnetako batzuk. Donostiako Orfeoiak eta Ereski abesbatzek ere emanaldiak egingo dituzte, besteak beste.