Hastapen berri bateko lehena

'Anaitasuna' bakarkako lehen diskoa kaleratu du Pantxoa Karrerek. Hamabi abesti dira, horietako bi berak sortu eta musikatuak. Donibane Lohizunen eginen du lehen kontzertua, azaroaren 18an

Euskal Herriko olerkari ospetsuen lanak musikatu ditu Pantxoa Karrerek berriro ere. BIDATZ VILLANUEVA.
Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Bizian badira nekeak eta zorionak. Baina ez gara aski baliatzen zorion denbora horiez». Halako bizi-hausnarketak plazaratu ditu Pantxoa Karrerek Anaitasuna(Elkar, 2016) bakarkako lehen diskoan. Peio Ospitalekin batera 40 urte baino gehiagoz ibili da kantuan, eta bikote moduan etetea erabaki bazuten ere, Karrerek abesteko grina du oraindik, eta haren ibilbide propioari ekin dio. Horren emaitza da diskoa.

Hamabi kantuk osatzen dute. Euskal Herriko kulturan erreferente diren hainbat pertsonaren olerkiak musikatu ditu, hala nola, Manex Pagola, Daniel Landart, Xalbador, Etxaun Iruri, Manex Erdozaintzi Etxart eta Leon St. Esteben. Aspaldian idatziak izanagatik, oraindik ere gaur-gaurkokoak direla aipatu du. Izan ere, abestiek hizpide dute «askatasun gosea, maitasunaren beharra, hizkuntza edota kulturarekiko konpromisoa».

Tradizioa eta musika garaikidea uztartzen ditu diskoan, urteetan utzitako arrastoari segida emateko. «Hastapen berri bat da» Karrereren ibilbidean. Belaunaldi gazteez egon da inguraturik sorkuntzan, eta Naia Karrere eta Ugo Karrere haren seme-alabez. Iñaki Dieguez musikariarentzako esker oneko hitzak ere izan ditu, hura arduratu baita Karrerek gitarraz jotzen zituen kantuak moldatzeaz. Ahotsaren eta pianoaren arteko jokoa da abestien oinarria, beste instrumentu batzuek laguntzen badute ere, gitarrak, biolinak eta akordeoiak, esaterako. «Gauza sinple bat egin du, baina batzuetan gauza sinpleak egitea ez da erraza», aipatu du.

Olerkarien artean goraipatu du Pagola, haren aurreko belaunaldiko abesti sortzailea, eta «inspirazio iturri» ere bai. «Manex nola mintzatzen den Euskal Herriaz biziki gustatzen zait, herriak pairatzen dituen gauza guztiak azalarazten dituelako itxaropena galdu gabe». Monzoni eta Pagolari zor handia die. Hala dio hark. Ospitalekin bikotean ibili zenean, Monzonen kantu gutxi abestu arren, «arrakasta handia» zuten. «Melodia herrikoiak eta belarrian biziki fite sartzen direnak». Landart haren aspaldiko lagunaren bi olerki musikatu ditu, Aurpegi hura maitasunezko istorio bat, eta Aho handiak. Kantu atsegina da, eta ahohandiak denok ezagutzen ditugu», haren hitzetan.

Xalbadorren Haur batek bere amari ere eman du diskoan, «biziki gustuko» baitu Xalbador. «Denok dugu ama bat, eta haur bat hala mintzatzea amari polita atzeman nuen». Kantu harekin emakumeei egin nahi zien omenaldia, «eskubideak ez baitira oraindik gizonen parekoak».

Horrez gain, lehen aldiz bi kantu sortu ditu Karrerek. Anaitasuna eta Eman eskua elgarri. Bigarren hori Gure Esku Dago-k antolatuta Durango (Bizkaia) eta Iruñearen (Nafarroa) arteko giza-katea egin zelarik ondu zuen. «Egun ederra» izan zela gogoratu du, eta profitatu azaleratzeko Espainiako Gobernua Kataluniako prozesu independentistari jartzen ari zaizkion trabak.«Kantu horretan erraten dut: aitzina doan herri bat ezin daiteke geldi».

Oraingo mundua «erotuta eta egoismoz betea» dagoela aipatu du, eta senidetasun falta salatu, haien herrialdeetatik gerragatik ihes egin behar dutenekin. «Anaitasun anitz behar genuke mundu honetan, eta Euskal Herrian ere bai. Nik uste dut anaitasun hori sortzen ari dela, eta hori opa diot Euskal Herriari: anaitasunean bizi ahal izatea eta herri hau eraikitzea».

Kantari gisa, borroka horren parte sentitzen da Karrere. Bizitzeaz eta amodioaz abestea gustuko du, baina ahaztu gabe kezkak eta borrokak. «Neure buruari galdetzen diot: ez dakit kantari engaiatua naizen edo euskal militante bat kantua maite duena».

Elkar argitaletxeak prestasuna azaldu dio Karrereri haren proiektuak babesteko, adieraziduenez. Hainbat musikarik ere proposatu ziotelarik harekin lan egitea, diskoa sortzeari ekin zion. Gaineratu du ez dela egun bateko afera izan, pixkanaka ondutako proiektu bat baizik.

«Herri zein herritarren sentimendu zintzoen iraunkortasunari buruz mintzatzen dira, aspaldian idatziak badira ere, beti baitira gaurkoak», adierazi du argitaletxeak kantuei buruz. Kantuek «mezu unibertsal» bat daramate, eta Elkarrek ere, hastapen berri bat iragarri dio.

Kontzertu bira

Kontzertuak emateko asmoa du Karrerek. Donibane Lohizunen izanen da lehena, azaroaren 18an, eta, bi egun geroago, Donostian, Antzoki Nagusian. Beste batzuk oraindik zehazteke ditu. Nabarmendu, bestalde, ez dela bakarrik izanen oholtza gainean, eta prozesuan lagundu dioten musikariak aipatu ditu: Iñaki Dieguez akordeoian, Joseba Loinaz pianoan, Jean Michel Martinau gitarrarekin eta Joxerra Mitxelena gitarrarekin hori ere.

Hitzordu garrantzitsua du Donostiakoa. Kantaldi horretan zazpi musikari izanen dira, diskoan parte hartu dutenak. Salbuespen bezala ere, haren seme-alabak izanen dira.

Pantxoa eta Peio bikoteak urte luzez jarri zien musika sona handiko euskal olerkarien lanei, Euskal Herria osora hedatzeraino. Azken diskoa zuzeneko bat izan zen, 2009an grabatua, haien 40. urtemuga ospatzeko. Haien abesti ezagunenetariko batzuk dira Lepoan hartu eta segi aurrera, Itziarren semea edota Urtxintxa.

Bikotea disolbatzearen ondorioz jendeak pentsa lezake ez direla ongi elkarren artean. Uste hori zabaldua dela deritzo Karrerek. Baieztatu du ez dela hala: «Bikotea utzi nahi zuen, eta eskubide osoa du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.