Eskualdeetako kanporaketen lehen fasea jokatu ondoren, bihar abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Orotara, 37 bertsolarik parte hartuko dute. Horietako 27 maiatzetik ekainera bitartean eginiko kanporaketetan sailkatu ziren Bizkaiko Txapelketa jokatzeko; gainerako hamarrak Igor Elortza, Unai Iturriaga, Iratxe Ibarra, Fredi Paya, Igor Muniategi, Etxahun Lekue, Oihane Enbeita, Arkaitz Ugartetxea eta Juanjo Respaldiza, duela urte bi jokatutako txapelketan lortutako sailkapena dela bide ariko dira zuzenean txapelketan. Ugartetxea, Estiballes eta Respaldiza kanporaketa saioetan ariko dira; beste zazpiak, 2002ko txapelketako finala jokatu zutenak, zuzenean igaroko dira finalaurreko saioetara.
Munitibarren egingo dute, bihar, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketetako lehen saioa. Gainerako kanporaketak Arrigorriagan (urriaren 17an), Gernikan (urriaren 24an), Gatikan (urriaren 31n) eta Zeanurin (azaroaren 7an) jokatuko dira. Kanporaketetako saioetan, bertsolariek hiruna bertso kantatu beharko dituzte ofiziotan zortziko txikian, eta beste hainbeste zortziko nagusian. Horretaz gainera, puntua emanda, bina bertso osatu beharko dituzte zortziko txikian. Gero, kartzelako lana egin beharko dute; hots, gai-jartzaileak emandako gaiarekin, hiru bertso kantatu beharko dituzte, doinu eta neurri librean. Irabazleak zuzenean igaroko dira finalaurreko saioetara, eta gainerakoek, aldiz, lortutako puntuen arabera edukiko dute txapelketan aurrera egiteko aukera. Finalaurreko saioak Bermeon (azaroaren 21ean), Getxon (azaroaren 28an) eta Elorrion (abenduaren 5ean) egingo dituzte. Etxahun Lekue, Oihane Enbeita, Unai Iturriaga, Iratxe Ibarra, Igor Muniategi, Igor Elortza eta Fredi Payarekin batera kantatuko dute kanporaketetan sailkaturiko bertsolariek. Finalaurreko saioetan, bertsolariek hiruna bertso abestu beharko dituzte ofiziotan zortziko txikian, eta beste hainbeste zortziko nagusian eta hamarreko txikian. Bakarkako lana egin beharko dute segidan; gai-jartzaileak zehaztutako hasierako puntuarekin, bertso bi osatu beharko dituzte zortziko txikian aurrena, eta gero, emandako gai batekin, bertso bi egin, doinu eta neurri librean. Saioko irabazleak zuzenean pasatuko dira finalera. Bilboko Euskalduna jauregian jokatuko da finala, abenduaren 19an, 17:00etan. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jarritako zortzi lagunek osatuko dute epaimahaia: Mirari Azulak, Ainhoa Munitxak, Asier Ibaibarriagak, Josu Telleriak, Moises Enbeitak, Joseba Santxok, Trino Azkoitiak eta Iñigo Olabarrik.
Sailkapenak, Interneten
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa gertutik jarraitu nahi duenak www.bertsozale.com web orrira sartzea besterik ez du: bertsolari txapelketaren historia, saioen egitaraua, sailkapen eguneratuak, parte hartuko duten bertsolarien argazki eta biografiak, bertsolariek saio bakoitzean egin beharreko lana eta talde antolatzaile, epaile eta gai-jartzaileei buruzko informazioa aurkituko du.
Karmelo Uriarte Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren arabera, Bizkaiko bertsolaritzak ezaugarri nagusi bi ditu: gaztetasuna, batetik, eta heldutasuna, bestetik. «Bertso eskolek lan handia egin dute azken urteetan, gazte asko trebatu dituzte,baina, Bizkaiak, halaber, bertsolari beterano ugari ditu». Hala, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa «gaztea eta heldua» dela deritzo. «Heldutasunak prestigioa ematen dio, eta gaztetasunak, etorkizuna».
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA. HASTEKO PREST. BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Hasteko prest
Eskualdeetako kanporaketak jokatu ondotik, bihar hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Munitibarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu