Donostiako 48. Jazzaldia. Miguel Martin. Donostiako Jazzaldiaren zuzendaria

«Hau Jazzaldia da, eta indie agertoki bat dauka, besterik gabe»

Hamaika agertoki edukita, zaila iruditzen zaio jaialdiaren publikoa definitzea. Etiketez gaindi, gainera, haren helburuetako bat da ikusle mota bat bera ere kanpoan ez geratzea.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jazzaldiak 1,8 milioi euroko aurrekontua dauka, eta Miguel Martin (Donostia, 1957) harro dago horren %55-60 sarrera zuzenen bidez lortzen dutelako: «sarreren salmenta, merchandising-a, jaialdi barruko tabernak...». Administrazioek %12-13 betetzen dute, eta Heinekenek, babesle nagusiak —2015 arte daukate kontratua—, ia %30eko ekarpena egiten dio aurrekontuari. «Hori gabe beste proposamen bat eskainiko genuke, eta gauza batzuei uko egin beharko genieke». Aurtengo aldirako, egitarau «trinkoa» osatu dute, garbizaleen kritikak gorabehera «jazz eskaintza izugarria» daukana. Baina dena ez da jazza, Martinen bulegoan dena musika ez den bezala. Bestelako doinu eta detaileei erreparatu behar izan die azken egunotan.

Aurtengoa «gertaeren edizioa» izango dela adierazi zenuen aurkezpenean. Zer esan nahi duzu?

Hori esan nuen, horrela definitu daitekeela uste dut eta. Aurtengo egitarauak dauzka lau kontzertu, zeinak haiek bakarka programatuta ere jaialdi oso bat justifikatuko luketen. Jamie Cullumena hondartzan jaialdi bateko emanaldi nagusia izan liteke, baina baita Elvis Costellorena, Diana Krallena eta Masada Marathona ere. Baina hori adierazi nuen egunean, esan nuen, era berean, lau kontzertu garrantzitsu horiez gain programazio trinko bat eskaintzen duela Jazzaldiak. Egongo dira artista gazteak, jazzaren barruko izen historikoak, leku eta estilo askotariko musikariak... Gertaeren edizio bat da, bai, baina baita programazio trinko bat duena ere.

Ikuslea programazioaren liburuxka hartzera eta arriskatzera gonbidatu izan duzu. Nolakoa da Jazzaldiko ikuslea? Ba al dago profil jakin bat?

Hainbeste agertoki dauzkagunez, zaila da Jazzaldiko publikoa modu batekoa edo bestekoa den esatea. Badago gauza bitxi bat. Estatistika bat egingo bagenu, Jazzaldiko publikoa Agertoki Berdekoa, Zurriola hondartzakoa, izango litzateke ziurrenik. Zergatik? Beste edozein agertokik baino jende gehiago biltzen duelako hangoak. Baina Jazzaldiko ikuslea agertokika aztertu beharko litzateke. Agertoki Berdekoa eta Trinitate plazakoa ez da ikusle bera; tira, Trinitatekoa eta Kursaal auditorimekoa antzekoagoak izan daiteke. Terrazak, berriz, beste gauza bat dira... Hainbat ikusle mota daude, eta oso ondo iruditzen zaigu. Gure helburuetako bat da ikusle mota bat bera ere kanpoan ez geratzea.

Iaz, nahiz eta Gasteizko Jazzaldiarekin batera tokatu, 122.000 zale bildu zituen Jazzaldiak; 2011n baino %6 gehiago, alegia.

Krisia dela medio, egun bat kendu genion 2008an, seitik bostera pasatuz. Aurrekontuaren egokitzapenak garaiz egin genituen. Ikusle gehien 2007an edo 2006an erakarri genuen, eta 135.000koa da marka. Egokitzapenaren aurreko eguneko batez besteko ikusle kopurura iritsi gara; are, gainditu egin dugu, eta hori zoragarria da.

Eta nola lortzen da urtez urte ikusle kopuruak gora egitea? Programazioa, produktua saltzeko abilezia... Zein da aldagai garrantzitsuena?

Jaialdiak daukana da egonkortuta dagoela. Horrek eragiten du ikusmin bat, zeinak pixkanaka-pixkanaka publiko mota berriak erakartzen dituen. Jazz, musika zaleak etortzen dira, baina Jazzadia erabat hiritarra da, eta, hortaz, X hiritarra, adibidez, ez zen iaz toki batetik pasatu, baina esan zioten ondo zegoela, jakin-mina sentitu zuen, eta jaialdiko ikusle edo entzule gisa batuko zaigu. Beharbada, ez da joango ordaindutako kontzertuetara, baina doako emanaldien eskaintza izugarria daukagu, eta oso erraza da horrekin bat egitea.

Ez duzue-eta jaialdi itxi bat egin nahi.

Guztiz kontrakoa egin nahi dugu. Begira, ikusle kopurutik abiatuz, zaila egiten zaigu azaltzea nolakoa den jaialdia. Izan ere, datu horiek kontuan hartuz gero, jendea hasten da konparatzen BBK Live-ekin-eta. Eta argi dago gure estiloa ez dela hori, hau ez baita jaialdi itxi bat. Zu joaten zarenean BBK-ra, Primavera Sound-era edo FIB-era, zuk sarrera bat ordaintzen duzu, eremu batera sartzen zara, eta han gelditzen zara. Guk daukaguna abantaila eta desabantaila da inor ez daukagula giltzatuta eremu batean. Tira, Trinitatean-edo... Nolabait esanda, inork ez dauka gasturik egin behar kontzertura hurbiltzeko eta interesa pizten ote dion ikusteko. Hori desabantaila bat ere bada, momentu jakin batean jendeak alde ere egiten duelako. Eremu batean sartu diren guztiak batuko bagenitu, kopuru ikaragarriak edukiko genituzke. Beraz, batez bestekoak egiten ditugu.

Zergatik tokatu ziren iaz batera Gasteizko eta Donostiako jazzaldiak? Komunikaziorik ez al dago?

Joan den urtean gertatutakoa oso ondo gogoratzen dut, baina ez dut oroitu ere egin nahi... Ea, iazkoa kontu desatsegina izan zen; inkomunikazio arazo bat eduki genuen. Eta kontu horrek ez du, ez, bi jaialdien arteko harremana hobetu. Besterik gabe.

Iñaki Añua Gasteizko Jazzaldiaren zuzendariak esan du harro daudela beste musikekin gutxi flirtatu dutelako. Aipatu zaituela sentitu duzu?

Tira, bai... Baina, batez ere, sentitu da aipatua jazzeko gitarrista bikain hori, Paco de Lucia, zeina izan den Gasteizko Jazzaldiko amu nagusia. Begira, esaten diren gauzak dira, eta, batzuetan, zentzudunagoa da isilik egotea.

2008ko aldiaren ondoren, zuk zeuk galdetu zenuen zure blogean egokia izango ote zen jaialdiari izena aldatzea; ez zen, gainera, hori egiten zenuen lehen aldia. Garai bertsuan, elkarrizketa batean adierazi zenuen jaialdi handiago eta irekiago bat egitea posible izango zela, beharbada. Hori al da, hain zuzen, 2013ko Jazzaldia? Edo beste jaialdi horren proiektua tiradera batean dago gordeta?

Ez, ez... Ez 2008an, ez gaur egun, ez 2014ean, ez da gertatuko hazkunde zorabiagarri bat. Orain, tentuz jokatzea tokatzen zaigu. Halere, hori bateragarria da hondartzan izen handiak programatzearekin, esaterako. Baina kontuan hartu behar da 2008tik gaurdaino aurrekontua ez dela izugarri hazi, inondik ere. Bai, hazi da apur bat, baina Heinekenek diru gehiago eman duelako. Kito.

2008an galdera hura plazaratu genuen, gure ikusleek zein iritzi zuten jakin nahi genuelako. Eta argi utzi ziguten: ez ukitu. Hondatuta ez badago, ez konpondu.

Eta zein berezitasun zeuzkan beste proiektu horrek?

Beste proiektu horrek jazz alderdiari bezainbesteko garrantzia eman nahi zion alderdi indieari. Orduan, bi ekitaldiak batera egingo ziren, baina bata jazzistikoa izango zen, eta bestea indiea. Oraingoz, hau Jazzaldia da, eta indie agertoki bat dauka, Agertoki Berdea, hain zuzen. Besterik gabe.

Baina agertoki horrek Trinitatekoak edo Kursaalekoak bezainbesteko garrantzia dauka.

Ez da soilik garrantzi bera dutela, jende batentzat askoz ere garrantzitsuagoa da Berdekoa Trinitatekoa baino. Baina guk ez dugu bata bestearengandik banatu. Ez diogu izen propio bat eman Agertoki Berdeari, eta are garrantzitsuagoa dena: ez dugu komunikatzeko modu berezi bat aukeratu agertoki horrentzat.

Bai Trinitatean eta baita handik kanpo ere, jazz hutsetik dezente aldentzen diren emanaldiak eskaintzen dituzue. Capsula eta Belako, esaterako.

Bai, baina kontuz: Agertoki Berdean programatuta daude.

Bai, beste agertoki bat da, baina Jazzaldiaren barruan dago. Zer diote garbizaleek eskaintza horretaz?

Uneren batean, garbizaleengatik hain zuzen, pentsatu genuen beharbada egokia izango zela komunikatzeko bi modu ezartzea. Baina gertatzen da jende gehienak, oro har bai behintzat erantzun zigun jendeak, ezetz esan zigula. Jakinarazi ziguten Jazzaldia horrelakoa dela eta horretara biltzen jarraitu nahi dutela. Jaialdiak jazz eskaintza izugarria du. Begiratzen baduzu zeintzuk diren Viktoria Eugeniako, San Telmoko, Kursaaleko eta Trinitateko kontzertuak, konturatuko zara jazz programazio bat dutela. Eta Agertoki Berdean, Nauticool-en edo Terrazetan, hor bai, hor programazioa askoz ere irekiagoa da.

Nazioarteko komunikabideek, hain zuzen, jaialdiaren irekitze hori nabarmendu dute.

Oro har, bai Europako eta baita AEBetako jaialdi asko ere, irekiago gisa definituta ez dauden arren, Donostiakoa baino askoz ere heterogeneoagoak dira. Hemen, agian Euskal Herriko jaialdien artean lehia hori—publikoari oso ondo datorkio— daukagulako, eta norbaitek etiketa bat edo bestea erabiltzea erabaki duelako, badirudi publikoak erreakzionatu egiten duela eta etiketatu egiten zaituela. Baina egia esango dizut: orain arduratzen gaituena baino gehiago arduratu izan gaitu. Pozik gaude aukeratutako formularekin eta jendeak horretaz daukan iritziarekin.

Esaten da, ordea, izen berak dezentetan errepikatzen direla. Cullum, Costello...

Bai, bai, berriro etorriko dira Jamie Cullum eta Elvis Costello. Cullumek kontzertu bikaina eman baldin bazuen Trinitatean, zein aukera daukagu beste pauso bat emateko? Cullumek eskaintza aldatzeko? Ba, hondartzako agertokira eramatea. Costello egon da hemen Alain Toussaintekin, country orkestra batekin... Orain, The Impostersekin dator. Jende batek ikusten du, argi, eskaintza erabat diferentea dela. Musikari batzuk une oro ari dira beren eskaintza aldatzen; eta, noski, musikari batzuk gure begietakoak dira.

Jazzerantz erakarri nahi duzue jendea. Halere, jazz kontzertuak dira, hain zuzen, ordaindu behar direnak, eta ez Agertoki Berdekoak. Pentsatu izan duzue jazza hondartzara eramatea, eta doan, eta besteak Trinitatera, adibidez, eta ordainduta?

Jazz Band Balleko programazioa erabat jazzistikoa da, hasieratik bukaerara. Bai, Cullumek atera berri du bere ibilbidean jazzetik gutxien duen disko bat, baina... Esango nizuke, flirtatzen ez duen jaialdi batek edozein akabatuko lukeela Jamie Cullum kontratatzeagatik.

Jaialdia bukatzen den bakoitzean, beti edo ia beti adierazten duzu dena primeran joan dela. Iaz esan zenuen «borobila!» izan zela, 2008an, nota bat jartzekotan, «10etik 11» jarriko zeniola. Dena al da hain perfektua?

Ez, dena ez da perfektua. Oro har,asetuta egoten gara, baina, agian, ez zara beteta egongo sekulako zaparrada erortzen den urtean. Dena dela, oro har, asetuta gelditzen gara. Gainera inportantea da jaialdiko erantzuleak hori adieraztea. Hainbat adierazpide daude hori esateko, baina egia da titularrak nahi badituzu eman egin behar dituzula. Baina aurretik jendearen ahotik ez baditut halako adierazpideak entzun, ez ditut erabiliko; nik ez diot ez nire buruari ez beste inori engainatzen balantzea egiten dugun prentsa agerraldian. Arrazoi bat dago horretarako: hurrengo egunetik aurrera, ezer ez dut sinesten, eta zerotik hasten gara berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.